Creative Commons License
This work is licensed under a
Creative Commons License


Get Firefox!

Valid HTML 4.01!
  Lyrics  LYRICS

Hitaz oroit
Hitaz oroit

Hitaz oroit

JOAN ZINEN
(J.A. Urbeltz - B.L.)

Joan zinen gugandik
bihotz, muxkil, eraztun
eta zapel.
Mendetako kalizan
zaharkitutako harria,
leialen endakoa.
Nik ezeren erantzunik ez dudanez,
bi galdera ditut egiteko:

Zuri adarkari, giza-zezen
jentilariaren jostailu,
galdetzen dizut,
zerk hunkitzen zaitu gehiago:
Zimiztaren distirak
ala milaka urtetan,
osinean daldarti dirauen
gizonak eutsitako suziak?
 
  UpUp


BIHOTZ
(B.L.)

Gela ilun batean
bizi zara bihotz,
sineskeriaz elikatuz,
berezia zarela uste duzu.

Zeurekoi asmoak jorratuz,
hilezkortasuna amets eta...
zalantzaren itzalak
ikaratzen zaitu.

Bihotz guztiak zara zugan
baina, ez zara ohartzen.
Bihotz ororen poz eta mina
daramatzazu zure taupadetan,
baina oraindik ez duzu ikusi,
balio bilketan lausoturik
baitzaude.

Hilezkor izan nahi duzu
eta hilezkor zara,
hilezkor bihotz guztietan,
bihotzean...
bizi, irri, nigar, heriotz, bihotz.
 
  UpUp


UDAZKEN KOLORETAN
(B.L.)

Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit
eta higan nauk.

Zuhaitz biluziaren
gerizpean orpondoa,
orbelaren hilobi,
horiz eta gorriz
dena lokarturik.

Eskuratu hostoa
xume bezain eder,
hain soila bere heriotzean,
zuhaitz guztiaren bizkortasunez
hain betea,
non erortze honen duintasunak
hiri kantatzera naraman.

Berriro zuhaitzari
so natzaiok, kezkaturik ote?...
joate askearen oparotasunean,
betikotasunaren irria zirudik.

Gatibu naukan denborak,
bere baitan egositako
ametsetaz isekaz
bailegoan.

Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit eta higan nauk,
hain soil hire heriotzean,
hain xume, adiorik gabeko
partitzean.
 
  UpUp


BALDORBA
(J.A. Urbeltz - B.L.)

Ezkil gabeko elizen
eremu emankorra,
giza murzuriko
zure ardientzat.

Oi Baldorba!
eguzki eta haize idor,
mahats-ardo ibai,
galburuarena.

Lur gorri, harri landu,
mailu eta xixelaren kantu.
Gitarrazko alakiketan,
Armeniako kanun ahots urratuan.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!

Zure irriño erromanikoa
erdi izoztu eta leloturik
utzi zuen madarikatuaren
izena nahi dut.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!

Oi Baldorba!
zutaz oroit eta
zuri nagozu.

Kantu bat laburra da eta
pentsa zuk,
esaten ez dizudan hartaz.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen
madarikatua.
 
  UpUp


ZER BALIO DU
(B.L.)

Sineste ahaleginez
eginiko irudia
eskeintzen didazunean
zugan sinisteak zer balio du?

Azaleko adierazpenez
burutu duzun
munduarentzat nere onespena
jasotzeak zer balio du?

Gurpen beharrik
ez duen izadia,
une oroz berriki
loratzen denean,
erdizka bizitzera
behartzen duen
sineste-ariketak,
zer balio du, zer balio du?

Ohizko ereduen eskutik,
gogo-zaina ahulduz,
beldurraren gauean,
ospakizun bat baino
ez zarenean,
kandela pizteak zer balio du?
 
  UpUp


ILUNA DENERAKO
(B.L.)

Kantaita bat ene ezpainetan,
Artizarra keinuka zeruan,
zure lehen loak hartu zaituenean
zer ote da zure gogoan?...

Ixuria
izan zara
bizitzaren ibar honetara;
zu zara gure
azala eta
asmo berrien haragia.

Nigan bada
zuretzat egina
iluna denerako aterbea;
zu izango zara
bihotzean den
suarentzako erretxina.
 
  UpUp


MUNDURAT EMAN NINDUZUN
(Xalbador - B.L.)

Ama, nola zure belaunetan nindadukazun denboran,
utz nezazu zure bularrean burua pausa dezadan;
ene bihotzak zer sendi duen nahi baiterautzut eman,
zure ezpain sakratuetarik ikasi nuen mintzairan.

Ene deia amodioaren bidez zinuen entzun,
eta gero oinazen erdian mundurat eman ninduzun;
biziaren grazia lehenik, gero hoinbertze maitasun,
berant jakin dut, ama maitea, zendako eman dautasun.

Adierazi zerautanean odolak bere mintzoa,
berriz gogoratu zitzerautan, o ama, zure altzoa;
bai ta zure bularretik hartu esne on haren gozoa,
orduz geroztik zurea naukan ene izaite osoa.
 
  UpUp


ORO IRRIÑO BAT
(Pello Ramirez - B.L.)

Nere urruneko gogoa hedatuz joango da,
ondura ixuriko da nere eskuetara,
zuri begiratuz besarkatuko dut,
duzun ugats xumea eta agian,
naizen amildegi hotza.

Zure bihotzaren taupada beroen
aurrean agertuko da,
kontaezinezko edertasunez.

Nere asmoaren gerizean maitatuko zaitut,
arrazoi sareen gaindi hegan eginaz,
ilunaren eta beroaren nahaspilean
argi berriez mundu bat sortuz,
nork daki...

Ai! Oro irriño bat balitz azkenean,
eta uhinek bezala,
ispazterra ferekatuz, bukatu hiltzean.
 
  UpUp


AZKAINDARRAK
(Herrikoia)

-Instrumental-
 
  UpUp


NIGARRA BEGIAN
(Xalbador - B.L.)

Sumatuz euskaldunak, ospetsu nahian,
guretik deus ez duen hizkuntza mihian,
sofritzen egoiten naiz horien erdian,
gutaz ahalgetua, nigarra begian.

Nehoiz etzeraukula, nik ez dut etsiko,
gure kontzientzia atzartzen hasiko;
egungo balentriak ez baitu betiko
odolaren mintzoa ixilaraziko.

O, entzule maitea, otoi barkamendu,
ez badut bozkarioz kantaldi hau ondu!
jostetako gogoa dautate kendu,
aunitz maite duenak aunitz sofritzen du.
 
  UpUp


MILIA
(Herrikoia - Josquin Des Près)

Zer ete da andra erdiaren saria?
Sagar errea, eta ardao gorria
Alabaia, kontrario da Milia:
Azpian lur otza, gañean arria.

Lasturrera bear dozu, Milia
Aita jaunak eresten dau elia
Ama andreak apainketan obia
Ara bear dozu, Andra Milia.

Jausi da zerurean arria
Aurkitu dau Lasturren torre barria
Edegi dio almeneari erdia
Lasturrera bear dozu Milia.

Arren, ene Andra Milia Lasturko
Peru Garziak egin deusku laburto
Egin dau Andra Marina Arrazolako
Ezkon bekio, bere idea dauko.
 
  UpUp


UHERA
(Pello Irizar)

-Instrumental-
 
  UpUp


URRUNDIK HELDU NAIZ
(J.A. Urbeltz - B.L.)

Urrundik heldu naiz luze ibiliz,
bidez bide eta bidetako
hautsak garia sortarazi du
ene oiñetako behatz artetik...

Ene burua untzaz ari da estaltzen,
eskuetako behatzetan
madariondoaren hosto xamurrak
loratzen...

Bizkarrean...
ortzien barna...
magali mikatzen kimuak
txertatzen ari zaizkidalarik...
San Migeletan... itsasoa... ñabarra
ludia ttipitzen duen itxasoa
Ene baitan urriaren egohaizearekin batera
azi busti eta emankorra
ari du...

Zilegi bekit adiskide, esatea, pentsatzea
harek ez du goroldio baizik sortuko
gure harrizko buruetan...
 
  UpUp