|
 |
BIOGRAFIA [2/3]
|
|
1974koa
da Oro laño mee batek... bere lehen lan haundia.
Musikazko sinpletasunean jarraitzen badu ere, helduago eta borobilagoa
da gerora etorriko denaren zantzua. Lizardiren olerkiez gain, azpimarratzekoak
dira gure gogoan iraun duten beste batzuk: Herri behera Benitoren
jota, edo Josean Artzeren hitzetan oinarritutako Txori Txikia.
1975ean
atera zen ...eta maita herria üken dezadan plazera,
arrakasta haundia biltzeaz gain giltzarri bihurtuko zena. Hemen
da jadanik Zuberoaren lilura, bi Nafarroak, guztion oroimenean
leku berezia duen kantu sorta: Atharratze, Jaun Baruak, Maria
Solt eta beste. Edertasunez beteriko klasizismo batez, mundu
espiritual, ia magiko bat lortzen du.
|
Benito Lertxundi (1974) |
1977an
disko bikoitz bat kaleratu zuen: Zuberoa / Askatasunaren Semeei.
Lurralde harekiko maitasun aitorpen eta omenalditzat har genezake.
Zuberoako Herri musikaren giroan hobeki sartzeko, musika tresna
zaharren erabilera azpimarratu behar da eta baita musiko talde
sendo batez inguraturik azaltzen dela Lertxundi. Aipatu beharrekoa
da Bretainia eta mundu zeltaren agerpena ere.

Zuberoa
/ Askatasunaren semeei diskoan parte hartu zutenak
|
1981ean
beste disko bikoitz bat agertu zen: Altabizkar / Itzaltzuko
Bardoari. Orreagako gudaldia ardatz harturik, gure epika hondar
apurrak hartu eta tratamendu berezia eman zien: kanta luzeak, instrumentu
girotzea... Epikotasun honetan kokatu behar ditugu Matalaz eta
Muñagorri ere. Bigarren partean, Kanpionen kondairan oinarritutakoaz
gain, ezin ahaztuko ditugu hain bihotzekoak ditugun beste batzuk: Oi
ama Eskual Herri, Nere herriko neskatxa maite, ...
|
Benito kontzertuan (1989) |
1985ean
plazaratutako Gaueko ele ixilen baladak diskoak
bere baitan sakontze, bilatze bat adierazten du, bere barne
pentsaera lortu eta adierazteko asmoz. Arnasa luzeko kantuak
dira, testu sinbolikoz beteak, hala nola titulukoa, Ni
Olentzero naiz, Gaua eta ni, ... Garrantzizkoa
izan zen, halaber, Antonio Breschi pianista italiarraren
lankidetza.
1987an
atera zuen Mauleko bidean...izatearen mugagabean.
Batetik, lehengo ildo batzuetan sakontzen du: Irlandako
musika eta Zuberoa, O'Carolan musiko gaelikoa Mauleko
bidean topatzen duela imajinatzean. Bestetik, berriaren
bilaketa ere badugu, arregloetan ikusten denez: sintetizadorea,
perkusioa... Hortxe dago, baita ere, transzendentziarako
joera hori. 1989koa
dugu bilduma aurreko azkena: Pazko gaierdi ondua.
Doinu herrikoietara itzuli da Lertxundi, soinu aldetik gaur-gaurko
exijentziak ahaztu gabe. Tartean badira jendaurreko errepertorioan
aspalditik kantatu arren sekula grabatu gabeak, hala nola, Primaderako
liliak. |
(Testua, Hunkidura
Kuttunak bildumako liburuxkatik hartua. Elkarlanean,
1993) |
|
|
| |
|