BILBO
«Pessoa oso maite dut, eta bere lanaz jarduteko
gogoa nuen aspaldi, baina, hasteko, itzuli egin behar zen, eta
itzulpenak beldurtzen ninduen, ez baita olerkari soila, filosofia
poetikoa da egiten duena». Idazle portugaldarraren olerkiak
euskaratzea «lan neketsua» izan dela aitortu zuen Benito Lertxundik
bere azken diskoaren aurkezpenean.
Fernando Pessoaren lau poemari musika jarri die Orioko abeslariak
''Nere ekialdean'' lanean. Lertxundik esan zuenez, «Pessoa jakintsu
batekin topo egin nuen, hazten lagundu dit, eta, horregatik, nire
egin nahi izan dut bere obraren zati bat.
Guztira, hamaika titulu biltzen ditu «Nere ekialdean» diskoak.
CDari izenburua ematen dion kanta Txiki Larrañaga zendutako
bogalariari eskaini dio. Lertxundik kontatu zuenez, duela urte
batzuk Orioko traineruari hurbiletik jarraitzeko aukera izan zuen,
Kontxako Ikurrinerako entrenamendu batean. Itsaso trakets eta
langarra zegoen, eta, hasieran kontrakoa pentsatu bazuen ere, «oso
onuragarria izan zen, une magikoa». Geroago, patroia hil egin zen.
Berria eman ziotenean, egun hura oroitu zuen; traineru gainean
uneoro ibilitako kaioa etorri zitzaion burura, eta «gauzatxo bat»
idatzi zuen.
Kanta honi emandako izenburuaren zergatia ere azaldu zuen
egileak: «Nire ustez, gure baitan baditugu puntu kardinalak, eta
konturatu naiz disko hau ekialdeko haizea bezala datorkidala».
Doinu judu bat ere jaso du oriotarrak disko berri honetan.
«Aspaldi nenbilen kantu judu batekin txoratuta, eta letra bat egin
nuen berarentzat». Bere jatorri eta egileaz informazioa jasotzeko
hainbat ahalegin egin nituen, eta, azkenean, autorea bizirik zela
jakin zuen. Hala, Levy Shaharren baimenarekin, ''Ni, sahatsa
bezala'' gaineratu zion orain aurkezten duen errepertorioari.
''Nire ekialdean'' Elkarren estudioan grabatu zen iragan udan,
Jean Phocasekin. Produkzio eta moldaketetan Angel Unzu musikariak
egin lana goraipatu zuen Benito Lertxundik, Euskalduna Jauregian
atzo eskaini zuen agerraldian.
Oraingoz, CD eta kasete formatuetan agertuko da ''Nire
ekialdean'' dendetan. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan,
berriz, zuzeneko emanaldi baten grabazioa duen DVDa aurkeztuko du
Elkarrek berrikuntza gisara.
Lertxundik ostiralean ekingo dio diskoaren aurkezpenari Lesakan,
eta, larunbatean, Villabonan izango da. «Bira ofiziala» Biarritzen
abiatuko da, azaroaren 2an. Iruñea, Madril, Bartzelona, Gasteiz eta
Bilbon egingo ditu lehenengo emanaldiak.