1836an, gerra berean, aurreko barkazioak ez zuen arrakasta askorik izan itxuraz, asmo berberarekin beste bando bat kaleratu zuten liberalek, sariak orain beste modu batekoak izango zirelarik. Afixa honetaz euskarazko lau bertsio diferente ezagutzen ditugu. Bi Antonio Zavalak argitaratu zituen (1), hauetako bakoitza bere pareko bertsio espainolarekin, lehena hemen behean aurkezten duguna da, bigarrena espreski nafarrentzat egina izan zen, eta beste biak, aurrekoa bezalaxe, ez ditugu hemen transkribatzen gai honetan gehiegi ez luzatzeagatik. Beste euskal bertsio biak Deustuko Unibertsitateko Euskara Juridikoaren Mintegiak eman zituen argitara (2), hari halaber Mikel Alberdi historialariak ezagutarazi zizkiola. Hauetako bat bereziki bizkaitarrei dago zuzenduta, bestea euskaldun orori.
Lau bertsio euskaldunetako testua nabarmen aldatzen da batean edo bestean, baina zalantzarik ez dago laurak mezu berberaren lau moldaera direla, lauretan armak uzteagatik, garai berberean, sari berberak eskaintzen dira eta.
EUSCALDUNAC:
Bi urte igaró dirá, desleyalqui acullaturic, zuben usarijo eta izcuntza etzequiten guizon batzuegatic, errebelatu ciñatela gure Erreguiñaren contra, ceñac iñoiz etzuen gogorátu zuben anciñaco legue eta fueroac ucatcea, ez eta ere zuben gurasoen Errelijio Santua beñere quencea. (…)
Bere gaisqui eguiñac ezaguturic nai dubenac igues eguin Franciara; izango da barcatuba Erreguiñagandic, eta Bayonaco gure Consulac emango diosca lau errial egunero Soldau danari, erri, edo lecu señaladuco diranian, eta gueijago Sargento edo Oficiale bada, edo Zaldizcoa izanic, presentatcen bada Zaldi eta armarequin emen beian esaten dan bezela. (…)Soldau bacochari, lau errial egunero ..... ..... .... .... .... .... .... .... .... ... 4
Sargento eta cabuei, bost errial .... .... .... .... .... .... .... .... .... .... .... ... 5
Aguintari guztijei Capitanerainocuei, zortci errial . .... .... .... .... .... ... 8
(…)
Etorten diran gustijei euren armequin eta zaldijequin emongo jaque.
Escopetia, edo fusilagaitic baijonetiaz, irurogei errial . .... .... .... .... 60
Cartucheria, edo canania-gatic, oguei errial . .... .... .... .... .... .... .... 20
Lantzia, sablia edo espatia, eta zaldija-gaitic, laureun errial .... ... 400
----- (1) ZAVALA, A.: op. cit., 201-207 orrialdeak. Hemen, zati batez, erakutsi dugun testu euskaldunaren originala, bere pareko erdaldunarekin, Bizkaiko Diputazio Foralaren artxiboan daude, "Fondo Primera Guerra Carlista" 57.
(2) EUSKARA JURIDIKOAREN MINTEGIA (ATXABAL, Alberto eta beste batzuk): Euskara, zuzenbidearen hizkera, op. cit., 1995, 419-421 orrialdeak. Euskarazko bertsioak baino ez dira jasotzen, originalak non diren ez da aipatzen.