Damas-Crux kondeak Bordeletik 1815eko abuztuaren zazpian karrikaratutako bandoa. Handiegia ere ez da, baina hala ere aurrekoaren doblea. Bere inguru historikoa komentatzean badugu arazotxo bat, kontsultatu ditugun informazio jeneraleko iturrietatik Waterlooko bataila bando hau baina lehenago gertatu zen, 1815eko ekainaren 18an; baina Eduard Durecék (1) Damas-Crux jaunaz dioena eta testuaren edukia ikusita dokumentuak, beranduagokoa izan beharrean, batailaren aurrekoa izan behar zuela dirudi, bere datak kontrakoa dioen bitartean. Euskarazko bertsioaren hasiera baino ez dugu hemen erantsiko:
ESCALDUN ON ETA BISSARROAC Aspaldi du eçatutuac nituela çuen lejaltasuna eta amodio çuen Erregueren alderat. Eman izan ditutçue froga ecin ukatuac, bildu içan gaïtuztenean lehiarekin Donibanerat, çuen bihotcen eta indarren offrendaren eguiterat HARREN MAJESTATEAREN cerbitzucotçat. (…)
---------- (1) DURECÉ, Eduard: "Damas-Cruz" sarrera, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Cuerpo A, Diccionario Enciclopédico Vasco, op. cit., 2. ed., VIII. liburukia: Corral-Decla, 1977. Durecék dioenez Damas-Cruz (horrela agertzen da entziklopedia honetan) kondea Luis XVIII.aren agentea zen Pirineoetan Ehun Egunetan zehar. Herria mugierazi nahian jardun zuen eta milizia talde txiki bat bildu zuen Baiona atakatzeko asmoz, Waterlookoa gertatu eta saio hau egin beharrik ez zuen izan. Gertaerak horrela izanez gero gure bando hori Waterlooko bataila baino lehenago idatzita izan behar zuen, eta ez alderantziz, datengatik ondoriozta zitekeen moduan.
Imanol Trebiño, 2003-07-25