1788 edo 1789ko Gipuzkoako Itsas Armadako Komisarioa

    1788 edo 1789 urtean Gipuzkoako Itsas Armadako Komisario Ordenadoreak erregeren itsas armadarako aingurak fabrikatzeko eman zituen baldintzak. Oso testu ederra da, armadaren agintari batek sortua denez (Juan Antonio de Enriquez Komisario Ordenadoreak idatzi zuen erdarazkoa eta euskaratzeko agindu zuen), armadaren hornidurei lotuta dagoenez eta dokumentu hau armadaren artxiboetan agertu zenez atal honetan sartu behar izan dugu, honetaz gehiago luzatzea gustatuko litzaigukeen arren. Testu luzea da, hiru orrialdeetakoa, zazpi puntutan zatitua dago eta bere zatirik teknikoena hirugarren eta seigarren arteko puntuetan agertzen zaigu, hor ematen dira eta fabrikazioaren xehetasun guztiak. Lourdes Odriozolak topatu eta euskarazko bertsioa eta bere erreprodukzio faksimila argitaratu zuen(1). Honela dio lehen eta hirugarren artikuluen hasieretan:

    Prebencioac, eta adberttenciac, paratzen diranac, Maisu trabajatu beardituztenenzatt Ainguraz, Erregueren Armadaracotzat.
    1º Eduqui beardute beti chit presente, ezen, Ainguren ondo trabajazeco moduan, eta aien seguridadean, consistizen duela ez bacarriq Maisuaren interesac eta credituac, Nagusi obligacioan sarturic daudenenac, Probincia chit Noble Guipuzcoa onetacoarenac, zeñada bacarra Españia gucicoettan duena fabrica genero au, baita Erregueren serbicioa eta principalmente, asco gende ofrecizen diranac bere personen peligro andian, zeñada servicioric aundiena, eta probechosoena Erregueren Magesttarearenzat; baita ere estadu guziarenzat, eta orgatiq(...)
    3º Ypinico dute cuidado chit andia, dan galdaric chiquiena ere aterazea, temple edo sasoi onean, galdu gabettanic lenbicico izerdi berez dacarren ura, eta biurttu gabe aldaba berriz suteguian sarzera; baita ere ondo eguitea ebaqui, edo erdiratu berariaz eta precisoabezala eguiten zaiona escuari galdazeco besoarequin aplicazen zaiola biaz, neurri precoa, cuidado ipinzendala ondo esttalzea, ala Egurrezco icazarequin, nola Arrizcoarequin (...)

    Aurreko testu hau gure irudiz bete betean da administratiboa; ondoren aurkezten ditugunek, berriz, ez dute administrazio hutsaren itxura burokratiko berbera, ezta gutxiago ere ez, gerraren unean uneko gorabeherei loturik daude, hala ere hemen azaltzea komeni zela uste izan dugu.

-----------

    (1) ODRIOZOLA OYARBIDE, Mª Lourdes: "Normas para la fabricación de anclás en Guipúzcoa con destino a la Real Armada: 1787-1789: estudio sobre Prebencioac, eta adberttenciac, paratzen direnac, maisu trabajatu beardituztenenzatt, Erregueren Armadaracotzat", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, vol. XLVII, tomos 3-4, 1991, 395-405 orrialdeak. Itsasuntzien eraikuntzaz, testu horren gaia alegia, berriki liburu ederra argitaratu du egile honek: "La construcción naval en Gipuzkoa: S. XVIII", Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1997.  

Orrialde honen hasierara
ORRIALDE HONEN HASIERARA
 


SARRERARA


Imanol Trebiño, 2003-07-25