Bat batean
Iñigo Altube
Aluminosia Beurkon
Centro Galego
Matrikulazioa datuak
Hizkuntzen eguna
Albiste Laburrak
Bertxoko
Nahas-mahas


 

< Barri laburrak >
Barakaldoko albisteak




Hiru barakaldar, gartzelara kartelak jartzeagatik


Ildefonso Montero, Karmelo Lauzirika eta Eider Casanova Barakaldoko Batasuna taldeko zinegotziak kartzelan eman zuten asteburu bat, duela hiru urte BBK-ko egoitza batean kartelak jartzeagatik epaileak jarritako zigorra betetzeko. Lauzirikak eta Monterok Basauriko kartzelan bete zuten zigorra, eta Eider Casanovak Langraitzen. Esan bezala, duela hiru bat urte, baimendutako manifestazio baten aldeko kartelak Lasesarre aldean jartzen ari zirela, Ertzaintzak dokumentazioa eskatu eta haien kontrako salaketa jarri zuen. Oraindik ere, Francoren garaian bezala, kartelak jartzeagatik kartzelara joan behar izatea harrigarri samarra da, baina hau ez da izan Barakaldoko talde eta elkarteek euren iritzia plazaratzeko orduan izan duten arazo bakarra. Gogora dezagun barakaldar ugariren kontrako salaketak jarri dituela Ertzaintzak Euskal Herria Askatu-k deituriko mobilizazioetan esku hartzeagatik, eta kasu askotan isunak kobratzen ere hasi direla. Adierazpen askatasunaren kontrako erasoak salatzeko, manifestazio bat egin zuten Barakaldoko hamar bat elkartek joan den urriaren 6an.

 


Gizarte Zentroa eta Udaletxea konponduko dituzte




Barakaldoko udalak hainbat lani ekingo dio datozen asteetan. Gizarte eta Kultura Integrazio Zentroan, adibidez, konponketa lanak egingo dituzte aurki, eta horretan 99,5 milioi pezeta gastatzeko asmoa dute. Egitasmo horrek polemika bizia isiotu du, Zentroa duela urtebete zabaldu zelako, eta orduan udal gobernuak Bizkaiko zentrorik hoberenetako bat zela esan zuen. Orain, aldiz, zerbitzua kudeatzen duen enpresaren txostenaren arabera, hainbat lan egin behar da zerbitzu publikoaren egoera hobetzeko. Udaletxea ere konpondu behar ei da eta diru kopuru handia bideratuko dute horretarako.



Gazte Eguneko kontzertua zentsuratuta


Gazte Eguna zela-eta urriaren 6an egitekoa zen rock kontzertua bertan behera geratu zen, udalak Lasesarreko frontoia erabiltzeko baimenik eman ez zuelako. Jakina denez, Segi gazte erakundeak Gazte Egunak antolatzen dihardu Euskal Herriko hainbat tokitan, eta urriaren 6an Barakaldoren txanda zen. Zenbait ekitaldi antolatu zituen Barakaldoko Segik, eta horien artean aipagarrienetako bat Apurtzen, Habeas Corpus eta Soziedad Alkoholika taldeek Lasesarreko frontoian egin beharreko rock kontzertua zen, baina bezperan bertan behera geratu zen Udalak horretarako baimenik eman ez zuelako, inolako argudio zehatzik adierazi gabe. Segik gogor salatu zuen Psoek gidatzen duen Udalaren jarrera, eta azken bolada honetan gure herrian adierazpen askatasuna nozitzen ari den erasoaldian kokatu zuen Gazte Egunarekin gertatutakoa.


 

Gero eta gutxiago gara



Barakaldon gero eta biztanle gutxiago gara. 2001eko irailean, 96.777 herritar bizi ginen Barakaldon, hau da, iaz baino 483 gutxiago. Epe horretan, 529 lagun hil dira, eta 485 jaio dira. Horrek esan nahi du 439 barakaldarrek gure herritik alde egitea erabaki dutela. Ez da harritzekoa, duela gutxi Berri Otxoak taldeak, Langabeen Asanbladak eta Gaztetxeetako kideek plazaratu dituzten datuei erreparatuta: aurten, % 15 igo du Barakaldon etxebizitzen prezioak. 1997tik, % 46 egin du gora aipatutako prezioak. Espainiako Estatuko bederatzigarren hiririk garestiena da, Madril edo Bartzelonaren aurretik, eta batez beste 265.000 pezeta balio ditu metro koadroak. Gaur egun, Barakaldoko etxebizitza berri batek 40 milioi inguru balio du, eta babes ofizialekoek 16 milioi, baino gutxienez 3 milioiko diru sarrerak eduki behar dira, urtero, bat erosi ahal izateko. Gainera, ez du ematen etengabeko igoera hori azkar geldituko denik: duela gutxi egunkari batek iragarri duenaren arabera, Barakaldoko erdigunean eraikiko diren etxebizitza batzuek orain arteko marka guztiak apurtuko dituzte eta 80 milioiko salneurria izango dute. Horiek izango ei dira Barakaldoko pisurik garestienak... oraingoz.

 

www.sasiburu.net webgune berria martxan dago jadanik



Sasiburu Barakaldoko Euskaldunon Elkarteak webgune berria dauka. Helbidea honako hau da: www.sasiburu.net eta gauza ugari topatuko duzue bertan: elkarteari buruzko informazioa, historia, zer egin behar den elkarteko kidea izateko, “Sarea” Barakaldoko euskaldunon gida, Sasibururen egitasmoak eta abar. Esku artean duzun “Euskarri” aldizkari honek ere lekutxo bat dauka webgunean: oraingoz, zazpigarren eta zortzigarren zenbakian agertzen ziren artikulu eta erreportajek irakur ditzakezue bertan eta, laster, gauza gehiago izango dituzu gune horretan ikusgai. Bederatzigarren zenbaki hau ere interneten izango duzue aurki. Webgunea sarean jarri bezain pronto, mezu elektroniko ugari jaso dugu, orriaren kalitatea goraipatu eta zorionak emateko.

 

Iñaki Frierak liburu berri bat plazaratu du




Barakaldar idazle eta Sasiburuko kide Iñaki Frierak eleberri bat argitaratu du Susa argitaletxearen bidez. “Lehorreko pateak” du izena aipatutako eleberriak, eta pateretan Europara iristen diren gizon-emakumeak dira protagonistak. Itsasoa zeharkatzea baino nekezagoa eta bortxazkoagoa bilakatuko zaie lehorreko mundu eta bizimodu berria. Honako hau Iñaki Frieraren laugarren liburua da, eta aldez aurretik argitaratuak gazte eta haur literaturaren esparruan kokatzen ziren: “Izaroko altxorra”, “Non bizi da Bildur?” eta “Aska itzazue pottokak”. Beraz, hauxe da Frierak helduei zuzenduriko lehenengo nobela.



EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther La Fuente, Olatz Sanchez
Laguntzaileak: Jose Ignacio Herranz, Anxo
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.