Bat batean
Iñigo Altube
Aluminosia Beurkon
Centro Galego
Matrikulazioa datuak
Hizkuntzen eguna
Albiste Laburrak
Bertxoko
Nahas-mahas


< Erreportaia >
Centro Galego: Barakaldoko ehun urte


Gabriel Arestik zioenez, bidegabeak ez daki mintzaerarik, eta berdin zapaltzen ditu euskalduna eta erdalduna. Zapalduta zegoen Galiziatik zapaldua zen Euskal Herrira etorri ziren gailego asko eta asko bizibidea ateratzeko, euskaldunok sarritan egin izan dugun legez.

 

BARAKALDOKO CENTRO GALEGOKO LEHENDAKARIAREKIN BERBETAN:
“ BAIETZ EHUN URTE GEHIAGO BETE! "

Julio González, Centro Galegoko lehendakaria

Zein da, laburbilduz, Barakaldoko Centro Galegoren historia?

Lehenengo Centro Galego Murrieta kalean zegoen, eta gero El Carmen kalera aldatu zuten. Oraingoa 1962an eraiki zuten, Artegabeitiako Galizia kalean. Hango garaian zetozen galiziarrek sekulako arazoa zuten etxebizitza aurkitzeko. Hori zela eta, Centro Galegok 365 etxebizitza eraikitzea bulltzatu zuen, Euskadi Etorbidea eta El Porvenir kalearen bitartean. Hasieran, etxeak Centroko kideentzakoak ziren, eta egun Centro etxe horiexek inguratuta dago.

Hortaz, esan liteke premiak eta elkarlaguntzak bideratzen zutela orduko Centroren jarduera...

Kontuan izan behar da 60ko hamarkadan hasi zela Galiziatik etorritakoen bigarren oldea, handiena hain zuzen ere. 1962an, Barakaldon 25.000 inguru ziren galiziarrak. Gaur 6.000 bat dira. Gerora, honako inmigrazioa amaitu zen, eta Barakaldo ez zen jada lehengo industri herria. Batzuk herrira itzuli ziren, eta gehienak hemen geratu arren, jaiotzezko galiziarren kopurua nabarmen apaldu da.

Gaur egun, zein da Barakaldokoa bezalako Centro baten betebeharra?

Esan dudan bezala, hasieran elkarlaguntzaren beharra zen nagusi, Galiziatik heldutakoekiko sostengua, azken batean. 70eko hamarkadaz geroztik, ordea, kultura da jardunbide nagusia, Euskal Herrian, Barakaldon bizi diren galiziarren kultura eta sustraiei eustea, Euskadirekin dugun lotura ere bazter utzi gabe, noski.

Horretarako, Centro ekintza eta ekimen ugariren bultzatzaile da: dantza taldeak, antzerkia galizieraz, literartur sariak, futbol taldeak...

Hizkuntza kontuez ere arduratzen zarete, ezta?

Galizian ia guzti-guztiek dakite galiziera, eta Barakaldoko galiziarren %99k -Galizian jaiotakoak, alegia- badakite galiziera. Gainera, Centron hizkuntza ikasteko edota hobetzeko eskolak ematen ditugu. A Xuntak, diru-laguntzak emateaz gain, irakasle trebatuak bidaltzen ditu. Galiziarren ondorengoei buruzko daturik ez dugu. Dena den, seme-alabek ere badakite, etxean entzunda, edo ulertu egiten dute behintzat, eta alde horretatik ez dute arazorik izaten Galiziara doazenean. Hemen egunerokoan erabiltzea, hitz egitea, beste kontu bat da, bizi diren lekuko hizkuntza egoera bestelakoa baita.

Felipe Senén galiziar intelektualaren hitzetan “Emigrazioa bat-bateko aterabidea da, politika ekonomiko ziztrin batek Galizian ekarritako planifikazio suntsitzailearen ondorioa: pribilegiatuak pribilegiatuagoak ziren, eta gazteen indarra eta kemena erabat moztuta geratzen zen...” . Zer deritzozu? Ba al du zerikusirik oraingo Galiziak honako emigranteek duela 40 urte utzi zutenarekin?

Zeharo desberdina da oraingo Galizia. Minifundioak, adibidez, bizirik dirau mendialdean, batez ere Lugo eta Ourenseko barnealdean, baina esan daiteke gaur nekazal jabetzaren ezaugarri bat baino ez dela.

Gaur egun, Galizia oso herrialde dinamikoa da. Ez dago orduko pobrezia. Herrialde langilea da, turistikoa ere bai, %100 aldatuta dagoena lehengo aldetik. Herri modernoa da.

Adierazgarria da beste elkarrizketa batean esan zenuena, alegia, joera guztiz aldatu dela, eta gaur euskaldun dexente joaten dela Galiziako oposizioetara lan bila.

Bai, hura galiziera ikastaroak zirela-eta adierazi nuen. Ikastaroetara datozen asko hemengoak dira, neurri batean Galizian deitutako oposizioen karietara. Han ere meritua da lekuko hizkuntza jakitea, hemen euskara bezalaxe. Gure ikastaroetan eskuratzen den jakite-agiria Xuntak berak emana eta onartua da.

Euskaldunok ere emigranteak izan gara, eta ba omen gara, Barakaldoko gazte asko hasiak baitira Madril edo Balearretara joaten bizimodua ateratzearren. Inora joanda ere, non dago integrazioa eta norberaren kulturaren arteko muga edo oreka?

Bere jaioterria ahazten duena jende doilorra da, dohakabea. Ez da horrelakorik gertatu galiziarrekin, ez da hori Euskal herriko edo Barakaldoko kasua. Euskaldunen moduan, geu ere emigranteak eta bidaiariak izan gara, baina edonon egonda ere, beti gorde dugu gure kultur ondarea, non gauden ahaztu barik.

Batez ere, nondik etorri dira galiziarrak Barakaldora?

Gehienak Melide aldetik, Melideko ibarretatik. Baita Lugo eta Ourensetik ere. Pontevedratik etorri ziren gutxienak. Zergatik hainbeste leku jakin batetik? Seguruenik, hona etorritakoek etxekoei hots egiten zieten, behin lana aurkituta. Eta familia batek beste familia batekoei deitzen zien. Hango herri batzuk hutsik geratu ziren, auzoko guztiak hona etorri ziren eta.

Centroren jarduerak direla eta, lehen esan duzu ez direla galiziarrentzakoak bakarrik, askotan barakaldar guztientzakoak baizik, eta egia da Santiagoko jaietan ia barakaldar guztiok topo egiten dugula elkarrekin . Zergatik du Santiagok horrenbesteko sona Barakaldon?

Dagoeneko tradizioa delako Barakaldon. Herriko elkarterik zaharrenetakoa gara, eta Santiago eguna hasiera-hasieratik ospatu da, duela mende batetik hona. Urterik urte hobetu egin da jaia, baita egitaraua bera ere. Horrexegatik erakartzen du horrenbeste jende, Galiziakoak izan ez arren. Gaur egun Barakaldoko beste jai bat da, nahiz eta geuk antolatu.

Hala ere, kexu omen zarete laguntzarik gutxi jasotzen duzuelako instituzioen partetik. Alde horretatik miresgarri da askorentzat zuek erakusten duzuen independentzia ekonomikoa...

Aditzera ekarri dugunez, esan beharra dago Santiagoko jaiak asko kostatu direla, 9 milioi aurten, eta diru hori geure bizkarretik atera dugu. Jai Batzordea lanean izan da urte osoan, zozketak antolatuz eta dendarien -ez soilik auzokoak, kasu- laguntza eskatuz. Ezin esan instituzioek laguntzen ez dutenik, baina gogo handiagoz egin beharko lukete, azken batean egun herriko beste jai bat delako, San Bizente edo Lutxanakoak bezalaxe, esate baterako.

Hemengo galiziarrak Galizaiko berriez eta egunerokoaz arduratzen dira?

Jakina, hemengoa ez ezik hango prentsa ere jasotzen dugu egunero, baita Galiziako Aldizkari Ofiziala
eta Parlamentuko Kazeta ere. Horretaz gain, bertako telebista iristen zaigu. Egia da gehien bat adinekoek, Galizian jaiotakoek hain zuzen, erreparatzen diotela beren herriko egunerokoari.

Barakaldoko Centro Galego, Arteagabeitian.

Orain hauteskunde garaia da Galizian... Hauteskundeak direla eta (hemengoak zein hangoak) sentitzen zarete kanpoaldeko galiziarrak Galiziako edota lekuan lekuko instituzioek “mimatuagoak”? Ez ote dira emigranteekin gogoratzen “boto-poltsa” direlako bakarrik, edo irudi-politika egiteko?


Galiziako hauteskundeetan gu ez gara oso garrantzitsuak, Euskadin bizi garen gehin-gehienok hemengoetan bozkatzen baitugu. Amerikan eta Europan dauden galiziarren botoak, aldiz, bai. Oso kolektibo zabala osatzen dute, eta haiek bai, Galiziako Parlamenturako hauteskundeetan botoa ematen dute, eta maiz erabakigarriak izan dira euren botoak.
Guri dagokigunez, beste kanpaina batzuetan gertatzen dira horrelakoak: geu ere botoemaileak gara, eta alderdi guztiak ibiltzen dira boto bila, normala denez. Hori argi dago, eta gertatzen da, gertatu ere. Euskal Parlamenturako hauteskunde garaietan alderdi guztiek desfilatzen dute hemendik.

Nolako harremanak dituzue Xuntarekin?

Onak. Izan ere, berak ematen digu diru laguntzarik handiena. Gainontzekoekin ere (Eusko Jaurlaritza, Diputazioa, Udala...) harremanetan gaude.

Nolakoa ikusten duzu Barakaldoko Centroren etorkizuna?

Ez da desagertuko. Ehun urte bete ditu eta beste horrenbeste iraungo du gutxienez, batzuok, zoritxarrez, ikusiko ez dugun arren (barrezka). Etxe honetan gazte jende ugari dabil gauza asko egiten.

Amaitzeko, aipatu galiziartasunaren izen gogoangarri bat, kultura, politika, hizkuntza arloan...

Castelao, aurren-aurrenik. Eta Barakaldon gaudenez, Cabanillas olerkaria.

Hara joatekotan, leku edo ibilbide bat lurraldea ezagutzeko, edo hobeto ezagutzeko.

Goi eta Behe Itsasadarrak. Santiago ere bai, noski: eder-ederra da euripean. Monumentu bat da, tradizioagatik eta berez hiri ezin politagoa delako. Etxeak, kaleak... denak granitozkoak dira.

Eta hi, zeinen aldekoa haiz: Celta ala Depor?

Ni, Centro Galego Club de Fútbolekoa nauk.


Txetxu Franco

 

 

RAMÓN CABANILLAS:
TXORIA BARAKALDON PAUSATU ZEN

Aurtengo azaro partean erakustaldi interesgarria izango dugu ikusgai Barakaldoko Centro Galegon. Ramón Cabanillas, Galizia bipil eta gartsu kantatu zuen olerkaria omenduko dute.

Canbadosen jaioa, 1876an, mundu asko ibili zuen, eta Barakaldon ere bizi izan zen bi urtez, Foru Pasalekuko 13an hain justu.

Galiziera bultzatu eta berritzeko sortuak ziren Irmandades da Fala delakoen inguruan mugitu zen, eta besteak beste, A Terra Asoballada (Lur Zapaldua) olerki liburua idatzi zuen, 1917an. Hortik hona pasartetxo hau, luminak zauritua:

Xa está ô vento a bandeira azul e branca!
A oliva n-unha man, a fouce n-outra
Berremos alto e forte:
“¡A nosa terra é nosa!.

Badabil haizean bandera zuri-urdina!
Esku banatan oliba eta igitaia
Aldarrika dezagun ozen eta irmo:
“Geurea da gure lurra!”

 

Ramón Cabanillasen omenezko plaka,
Barakaldon bizi izan zen etxearen atarian.
Etxe hori botako dute luxuxko pisuak egiteko.



Ehun urte eta lanean
Hasiak dira duela gutxi Centro Galegoren ingurua berritzeko lanak.
Galiza, Breogan eta Isaac Peral kaleak zaharberritzekotan daude, horretarako preziso Galizatik ekarritako granitoa erabiliz. Barakaldoko Udalak harrizko garai bat paratuko du bertan; Xuntak, bere aldetik, bost eskultura bidaliko ditu, haietako bi Castelao eta Rosalía de Castroren irudiak direlarik. Bai ohorea Barakaldorentzat, alajaina!

 

 


GALIZIARA NOA

EUSKARRI irakurtzen duzuenok bidaiazaleak bazarete -ez turista hutsak- eta Galizara joateko asmoa baduzue, agian komeni zaizue ohar hauek aldean eramatea, ondorio arinegirik atera ez dezazuen eta topikoetan ez erortzeko.

Turismo gidaliburuetako datu historikoak gora-behera, nik bi gertaera ekarriko nituzke gogora Galiziari dagokionez. Erdi Aroan, Gaztelako Koroa kolokan zegoenean, Galiziako noblezia galtzaileen alde agertu zen, eta ondorioak latzak izan ziren galiziarrentzat. Handik aurrera Fernando Aragoikoak eta Isabel Gaztelakoak doma y castración del Reino de Galicia delakoari ekin zioten.

Bestalde, XX. mendearen hasieran,kultur eta politika arloetan lehendik zetorren bultzada abertzalea Partido Galeguistan gauzatu zen, eta 1931n bat egin zuten alderdi horretan hainbat mugimenduk (rexionalista, agrarista, Irmandades da Fala...). Horren giro baikorrean onartu zen Galiziako Estatutua.

Baina 36ko gerrak bertan behera utzi zuen dena. Aipatu nahiko nituzke orduan hildako gizon-emakumeak. Asko izan ziren, uste baino gehiago, aspaldi honetako idazle eta historialariek dioskuenez (irakurri ezazue Manuel Rivasen O lapis do carpinteiro, galizieraz idatzia eta gero erderatua). Celso Emilio Ferreirok A longa noite de pedra deitu zion frankismoari, eta gau luze hartan asko izan ziren Galizian gerrillari antifrankistak. Azkena, O Piloto ezizenez, 1961ean hil zuten.

Horregatik ez harritu kale izenetan Calvo Sotelo, Francisco Franco eta abarrekoak ikustean. Francoren garaiaren hondarrak dira. Herri gehienetan ondorengo agintariek ez zituzten ezabatu, harro zeudelako edo historia astintzea ez omen zelako egokia.

Galiziara helduta lasai zaudete Obradoiro plazan, eta egunkariari begiratu bat eman diozue. Kontuz adiskide! Ia Galiziako hedabide guztiek -publikoek zein pribatuek- agintaritzaren ikuspegia helaraziko dizuete, agerian edo izkutuan Xuntak banatzen duen diruaren morroiak direlako. Prentsa horren arabera Galizia paradisua da, ez da ezer apartekorik gertatzen, amets batean bezala.

Herririk herri ibiliz gero, batez ere barnealdean, zahar asko eta gazte gutxi ikusiko dituzue. Gazteak hirietan edo atzerrian daude lan bila. Hala ere, Xuntaren ustez jende gehiegi dabil nekazaritzan lehiakorrak izateko. Zaharrak akaberaren zain, eta geratzen diren gazteak itxaropenik gabe. Galiziako herriska herri -eta hirietan ere, ez pentsa- jauntxokeria da nagusi, eta agintariek hitza betetzen dutenean mesedea balitz bezala saltzen dute, bereziki hauteskundeetan.

Amaierarako atseginena utzi dut, hots, Galiziako jendea. Haiekin hitz eginez beste topikoak suntsituko dituzue, askotan topikoek ezagutzen ez duguna izendatzeko balio baitute, eta hori oso erreza da. Ezta?

Bidaia on Galizian barna!


Anxo

EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther La Fuente, Olatz Sanchez
Laguntzaileak: Jose Ignacio Herranz, Anxo
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.