|
Hizkuntzen Europako Eguna zela-eta, hainbat ekitaldi
antolatu zituen Barakaldoko Euskal Herrian Euskaraz
taldeak irailaren 29an.
Jakina denez, gure hizkuntzaren egoera kaskar samarra
da Barakaldon, eta euskaldunok egunero ikusten dugu
gure eskubideak ez dituztela errespetatzen.
Egoera hori salatzeko, eta gure herrian etengabe nozitzen
dugun eskubideen urraketa gogorarazteko, Barakaldoko
hainbat toki esanguratsu aukeratu zituzten EHEko kideek.
Ekitaldiak goizeko 12etan hasi ziren udaletxearen
aurrean, eta han “Udal aldizkaria euskaraz!”
zioen pankarta bat erakutsi zuten zenbait lagunek.
Gogoratuko duzue, Barakaldoko udal aldizkaria izan
da azken bolada honetan zeresanik handiena eman duen
kontua, bertan euskara eta euskaldunak bazterturik
izaten garelako eta hori salatzeko Alkargunean biltzen
diren elkarteek kanpaina bat abian jarri dutelako.
Geroago, hamabost minutuko beste agerraldi bat egin
zuten epaitegiaren aurrean, “Euskaldunontzat
ez dago justiziarik” lelopean.
Osasun arloan ere, zail izaten da euskaldunon eskubideak
aintzat har ditzaten, eta horregatik San Eloy erietxea
aukeratu zuten hirugarren agerraldia egiteko. Oraingoan,
“Osakidetzan euskara gaixorik” izan zen
aukeraturiko leloa. 13:30etan La Milagrosa ikastetxearen
aurrean “Eskolak euskaldundu behar du”
zioen pankarta erakutsi zuten, eta handik Barakaldo
Antzokira joan ziren. Barakaldo Antzokiak duela gutxi
aurkeztu du datozen hiru hileetarako egitaraua, eta
bertan ez da ekitaldi bakar bat ere euskaraz. Gainera,
aldizkari bat plazaratu du, erdara hutsez dagoena,
eta horregatik beste pankarta bat agertu zuten antzokiaren
aurrean, “Bazterketarik ez!” esaldiarekin.
|
Ekitaldiak amaitzeko, udaletxearen aurrean bildu ziren
berriro, “10.000 biztanleen eskubideak, non
daude?” lelopean.
Ekitaldiak EHE erakundeak antolatzen zituen, baina
beste elkarte eta euskaltzale askoren laguntza ere
izan zuten. Sasiburuko kideek, zelan ez, bat egin
zuten aldarrikapen horiekin, eta musikari gazteek
ere alaitu zituzten ekitaldiok. Ikusten duzuenez,
salaketa eta gogoetarako hitzordua izan zen. Hizkuntzen
eguna igaro da, baina problemek hor diraute. Orain,
eguneroko lanari lotzea dagokigu.