Bat batean
Iñigo Altube
Aluminosia Beurkon
Centro Galego
Matrikulazioa datuak
Hizkuntzen eguna
Albiste Laburrak
Bertxoko
Nahas-mahas


< Erreportaia >

Beurko: 9 urteko sofrikarioa


Beurko auzoan, aluminosiak jotako etxeak botatzeko lanak hasi dira. Bederatzi urte igaro dira lehenengo istripua gertatu zenetik, eta hala ere, badirudi auzotarren arazoak ez direla behingoan konponduko. Oraindik badago askatu beharreko korapilo ugari: adibidez, auzotarrak non sartuko dituzten lanek irauten duten bitartean. Urrian amaituta egongo ei dira Lasesarre aldean egingo dituzten 112 etxeak, eta horrek apur bat arinduko du arazoa, baina ez du problema osorik konponduko. Urte askotan Beurkoko auzokideek bizi izandako


Duela bederatzi urte piztu zen argi gorria, Beurko auzotegiko etxe batean konpontzeko lanei ekin eta bertan behera erori zenean. Azterlan batzuk egin ziren, bat-bateko erorketa haren arrazoia jakin nahian, eta zera topatu zuten: porlanezko zutabeetan ez zegoen inolako problemarik, baina habexka horizontalak hondatu samar zeuden. Zementu aluminoso izeneko porlan berezi batez eginda zeuden aipatutako habexkak.

Zementu aluminosoak porlan arruntak baino denbora laburragoa behar du gogortzeko. Hori dela-eta, zementu mota hori erruz erabili zen duela 50 urte inguru. Gogoratu behar dugu garai hartan etxebizitza ugari eraiki zela, eskari handiak bultzatuta, eta garrantzitsuena zen eperik laburrenean ahalik eta etxe gehien eraikitzea, segurtasunari erreparatu barik. Zementu horren kalitatea, ordea, porlan arruntarena baino eskasagoa da, eta hezetasunak, haizeak eta, batez ere, tenperatura aldaketek dezente hondatzen dute. Horren ondorioz, zementu aluminosoz egindako eraikinetan porlana kristalizatu egiten da, poroak sortzen zaizkio, horien bidez hezetasuna sartzen da, eta barrutik doan burdinazko hagatxoa herdoildu eta apurtu egiten da.

Lehenengo istripu haren ostean, Udala arazoaren garrantzia apaltzen saiatu zen: haren ustez, lan batzuk eginda erraz konponduko zen arazoa. Auzokideek, aldiz, hasiera-hasieratik mahairatu zuten zeintzuk izango ziren euren errebindikazio nagusiak: alde batetik, auzokide guztien segurtasuna bermatu, eta, bestetik, arazoari behin betiko irtenbidea eman, alferrikako adabakiak jartzen denbora galdu barik.

Udalak aginduta, lehenengo azterlana egin zen, egoeraren berri izan eta arriskuaren tamainaz jabetzeko. Beste azterlan bat ere egin zen, aurrekoa bezala Udalak aginduta, baina bata zein bestea ez ziren osoak izan eta ez zuten egoeraren larritasuna islatzen. Hirugarren azterlana duela hiru urte amaitu zen. Eusko Jaurlaritzaren aginduz egin zen, eta bertan argi geratzen zen egoera ez zela txantxetakoa.

Hasieratik, bi aukera proposatzen zen arazoa konpontzeko: eraikinak zaharberritzea (hau da, konponketa batzuk egitea) edo birmoldatzea (kaltetutako eraikinak bota eta beste batzuk egin). Zaharberritzea oso garestia zen, eta ez zuen eraikinen segurtasuna bermatzen; beraz, auzokideek hasiera-hasieratik birmoldaketaren alde egin zuten.
Istorio ilun honen alderik baikorrena auzokideen erantzuna izan da, dudarik gabe. Denok dakigu garaiotan zaila dela jendeak parte har dezan, eta elkartasuna eta mobilizazioa ez direla modako baloreak. Hala ere, ziurrenik arazoaren larriak hartaratuta, Beurkoko auzokideen erantzuna eredugarria izan zen: auzo elkartea sortu zen, batzarrak antolatu ziren, mobilizazioak eta protesta ekintzak ere bai, atari guztietako ordezkariak bilatu ziren... Gaur egun, hiru hilean behin batzarra egiten da, eta auzo batzordeak argitaratzen duen berripaperak ere arrakasta handia izan du, orain arte 25 zenbaki kaleratu baitira.

 

Honelakoa izango da Beurko Berria, maketaren
arabera. Miranda Etorbidearen bestaldean
“Santa Teresako etxeorratza”

Auzokideen lehentasunezko zereginetako bat instituzioekiko harremanak bideratzea izan da, Udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin zein alderdi politikoekin. Jaurlaritzarekiko harremanak gazi-gozoak izan dira: Maturana sozialista sailburu izan zeneko garaian, bazirudien kontuak ez zuela irtenbiderik. Etxebizitza Saila EAko Patxi Ormazabalen eskuetara igaro zenean, aldiz, jarrera abegitsuagoa aurkitu zuten auzokideek. Alkatearen jarreraz, berriz, kexu dira Beurkoko lagunak: salatzen dutenez, hasieratik arazoa gainetik kentzen saiatu zen, eta Auzo Elkartearen lana zikintzen eta ospea lokazten ere ibili zen, horretarako laido gogorrak erabiliz.

Hirugarren azterlana amaitzen zen bitartean, auzokideek harremanak landu zituzten enpresa batzuekin, irtenbide teknikoak zeintzuk izan zitezkeen aztertzeko. Hirutariko batzordea osatu zuten auzokideek, Udalak eta Jaurlaritzak, eta lehiaketa publikoa egin zen. Prozesu hori guztia zaila, luzea eta korapilotsua izan zen: auzokideak eta Udala ez ziren ados paratzen, auzokideen jarreran ere pitzadurak agertu ziren... Honen ondorioz irtenbidea dezente atzeratu zen, baina azkenean, hamaika arazo eta gorabeheraren ostean, Larcovi-ACR enpresei egokitu zitzaien auzoa birmoldatzeko ardura. 1.240 etxebizitza berri eraikiko dira kaltetutako 750 familiak kokatu ahal izateko, eta soberan geratzen diren etxeak salduko dira, obra finantzatu ahal izateko.

Auzokideen sentsazioa mikatz samarra da. Hasieran, denak ziren asmo onak, promesak eta jokabide zintzoak, baina lanek aurrera egin ahala, iruzurraren usaina antzematen hasi da bat baino gehiago. Trikimailu tekniko eta legalak erabilita, apurka-apurka hasierako egitasmo haren izpiritua desitxuratu samar geratzen ari ote den pentsatzen dute auzokide askok eta, esaterako, lehiaketa publikoa zela-eta auzokideek aurkeztutako arrazoibide gehienak -garrantzitsuenak bai, behintzat- atzera bota zituzten. Beste aldetik, hasierako asmoa zen kaltetutako familientzako etxeen eta salgai jarriko direnen artean desberdintasunik ez egotea, auzoan bi motako auzokideak egotea ekidin nahi zutelako, baina horretan ere hasierako asmoak zapuztu antzean geratzen ari direla dirudi.

Maketaren beste ikuspegi bat

Aurtengo ekainaren amaieran beste istripu bat gertatu zen Beurkoko etxe batean. Zorionez, oraingoan ere beheko solairu batean izan zen bat-bateko erorketa; bestela, hondamendia askoz handiagoa izango zen. Horren aurrean, auzokideak beti aldarrikatu dituzten goiburuei atxiki zitzaizkien ostera ere: auzotar guztion segurtasuna bermatu eta behin betiko konponbidea bilatu, alegia. Orain laugarren azterlana egiten ari dira, eta auzokideak beldur dira horren emaitzek jende askoren ustea baieztatuko ote duten: hau da, denborak ekarritako higatua dela-eta, udalak esaten duena baino askoz larriagoa eta arriskutsuagoa dela egoera. Eta horrek errotik aldatuko lituzke Udalaren eta ACR-Larcovi enpresaren asmoak.

Izan ere, gaur egungo arazo nagusietako bat auzokideentzako bizilekuak topatzea da, kaltetutako etxeen birmoldatze-lanek iraun artean. Udalak eta enpresak epekako egitasmoa paratu dute, baina orain amaitzen ari den azterlanak frogatuko balu egoera pentsatzen dena baino larriagoa dela, bertan behera geratuko lirateke Udalaren eta enpresaren asmoak, eta beste irtenbideren bat aurkitu beharko lukete. Dagoeneko, Beurkoko zenbait lagun, 150 familia inguru, auzotik kanpo daude, baina gauza jakina da Barakaldon oso zaila dela alokatzeko moduko etxeak topatzea, eta horrek buruhauste dezente dakar. Auzokideek zenbait irtenbide proposatu dute: Udalak Barakaldon hutsik dauden etxebizitzen zerrenda egitea, higiezinen agentziekin gestioak egitea eta abar. Enpresaren jarrera, aldiz, oso bestelakoa da: familia bakoitzari 65.000 pezeta eman eta norberak bila dezala etxea. Dena dela, lehen esan bezala, azterlanaren emaitzek hankaz gora utz ditzakete Udalaren eta enpresaren asmo guztiak, behingoan kokatu beharreko lagunen kopurua aurreikusten dena baino askoz handiagoa izan baitaiteke.

Ziurrenik, Beurkoko auziak hizpide izaten jarraituko du datozen hiletan. Dena den, auzokideek argi daukate euren problema ez dela patuaren edo zoritxarraren ondorio izan. Desarrollismo eta espekulazioaren biktimak izan ziren; eta, gainera, pentsatzekoa da Beurkon zementu aluminosoa erabili bazuten, Barakaldoko beste hainbat tokitan ere erabiliko zutela etekin erraz eta azkarraren bila zihoazen etxegile haiek. Geroak esango du Beurkokoa bezalako kasu gehiago jasan beharko ote ditugun datozen urteotan.

Gotzon Hermosilla

EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther La Fuente, Olatz Sanchez
Laguntzaileak: Jose Ignacio Herranz, Anxo
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.