Euskarriren zenbaki hau eskuetan duzunerako ez da egongo behin Barakaldotik Somorrostroraino zabaltzen zen hezegune eta paduraren arrastorik.
Nork bere ikuspuntua azal zezan eta proiektuaren berri argien izatearren, bi aldeetara jo genuen: obren kontra arin den EZPITSU erakunde ekologistarengana eta udalarengana, beronek erabaki eta eginarazi baititu hango lanak.
Nahi eta ezin, baina. Udalak ez gintuen hartu, gai honi buruzko azalpenik egingo ez zuela esanez. Horregatik, gogoz kontra bada ere, erreportaje honetan bakarrik alde baten iritzia eskainiko dizuegu.
EZPITSUren esanetan Barakaldoko
Udala lege-hutsune batez
baliatzen ari da obrei
ekiteko. Honelaxe azaldu
ziguten:
Zuloko-Ibarretako
hezegunea -eta beraz lezkadia
ere- dagoen lur eremuaren
mugak ezartzeko daude,
hau da, zer motatako lege
izendapen dagokion argitu
eta, ondorioz, bertan
nolako obrak eta eraikinak
egin daitezkeen, baldin
eta zerbait egin badaiteke.
Izan ere, eremu horren
gaineko eskumena Portuko
Agintaritzari zegokion,
baina 93an erabili gabeko
Portuaren gune guztien
ardura Kostaldeetarako
Zuzendaritza Nagusiaren
(Ingurumenerako Ministeriokoa)
esku geratu zen. Kostaldeetarako
Legea oso esku zabala
denez industri eta hiri-isurien
kontuetan, barnealdeko
ibarrak estolda hutsa
bihurtzen joan dira. Horregatik
kostaldeetarako Zuzendaritzak,
eskuak garbitu nahian,
behin-behineko muga bat
ezarri zuen, itsasertzetik
La Babckockerako errepideraino.
|
Diego Moyano:” hezegunean txolarreak baino ez dira bizi.”
Moyano jauna, Ibarretako argazki honetako habia oilanda batek egina da.. |
Badira hainbat datu aipatutako
eremua itsas-lehorreko
jabari publikoa (dominio
público marítimo-terrestre
delakoa) dela esateko:
ibarrean ur gaziak daude,
itsas aldetik iritsiak;
Galindo eta Castaños
ibaiak baino itsasadar
dira alde horretan, eta
horrexegatik dira hain
nabarmenak haietan itsasgorak
eta itsasbeherak. AZTI
ozeanografia institutuak
ere iritzi bera azaldu
zuen Diputazioak eskatu
zion txostenean, ezaugarri
horiek guztiak (ur gaziak,
mareak ...) Errekaortu
auzoan ere antzematen
direlako.
Horrela balitz gogorarazi
behar da jabari izendapena
duten lur eremuak ezin
direla salerosi, ezta
haietan eraiki ere. Areago,
bertan eraikitzekotan
bakarrik egin litezke
estatuarentzat helburu
estrategikoa duten instalazioak
(faroak, etab.), eta hori
ez da udalaren eskumena,
nabari denez.
Beraz, behin-betiko mugarik
nondik-norakoa Kostaldeetarako
Zuzendaritzak zehaztu
behar du, eta duela gutxi
gomendatu zion udalari
Zuloko-Ibarretako lanak
bertan behera uzteko,
balitekeelako eremua publikoa
izatea eta konponezin
gerta daitekeen kalterik
ez eragiteko. Udalak muzin
egin dio eskaerari eta
lanak aurrera doaz. Egia
da udalak -legez behintzat-
ez duela zertan geldiarazteko
eskaera kontuan harturik,
eta obrak legez kanpokoak
baino, alegalak direla,
baina guk uste dugu udalak
berak exigitu beharko
lukeela lege-hutsuneak
bete daitezela, hutsune
horiexek aprobetxatu beharrean
nahi duena egiteko.
EZPITSU: GAIZKILETZAT AURKEZTU
GAITUZTE. HAIENA BAI DELITUA!
Udalak dio Castañosko
ibaiaren ertzeetatik 20
metrora eraiki daitekeela,
hirigunea delako, eta
autopista bertan egotea
ere horren erakusgarri
dela.
Hori udaleko batzuen ustea
da, ustel samarra. Zuloko-Ibarretako
padurako animaliek zein
landareek itsasoko ur
gaziaren beharra dute
izateko, mareek ekarria
edo lur azpitik iragazia,
beraz, jabari publikoa
da. Hori horrela izanda,
legeak argi azaltzen du
ezin dela ezer eraiki
100 metroko tartean, hezegune
osoaren kanpo mugetatik
aurrera neurtuta, ez ibaiertzetatik
hasita.
Autopistari dagokionez,
nabarmena da txarto egin
zela, baina legeak dioenaren
arabera, lehenago astakeria
egin izanak ez du esan
nahi astakeria gehiago
egin daitekeenik leku
berean, are gutxiago autopista
pasatzeak lur horiek eraikigarri
bihurtzen dituenik.
Hezeguneak ez du balio
ekologikorik, beti ere
udalaren ustez.
Ulergarri daiteke udala
guk diogunaz ez fidatzea,
baina ez du beste inoren
ikerketarik onartzen,
ezta EHU-UPVrenik ere.
Ez ditu aintzat hartu
Ur Zuzendaritzak egindako
iradokizunak, non ageri
baitzen inguruak balio
ekologikoa duela, ezta
Diputazioaren SEPRONAko
(Servicio de Protección
de la Naturaleza) zaindariek
egindako txostena ere,
beren gustukoa ez zelako.
Zer duzue inguru horretako
kutsaduraz esateko? Ez
da larregi?
Han ez dago udalak dioen
adinako kutsadurarik (100
partikula milioiko). Kutsadura
tamaina horretakoa balitz
ez legoke lezkadirik,
ezingo luke eraman. Eurek
utziko dute horrela: zabortegietan
eta lindanoa tratatzeko
plantan kutsadura 10 partikulakoa
izan arte garbitu dute.
Zulokoko lezkadia zikin
dago, ez kutsatuta. Udalak
hango txatartegian hasi
ditu lehortze lanak lurrez
betez, eta horixe da inguruko
gune kutsatuena, hots,
han dagoen kutsadura betikotzen
ari dira. Inoiz inguru
hori berreskuratzekotan,
lehenbizi hamaika tona
lur kendu beharko lituzkete:
dena garestiago eta zailago,
sekula egin ez dadin.
Horixe nahi du udalak.
Nola liteke etxebizitzak
eta merkataritza guneak
egongo diren aldean kutsadura
animaliek eta landareek
jasan dezaketena baino
handigoa izatea? Ez dago
amaren semerik hori ulertzen
duenik.
|
|
Zuloko Ibarreta |
Udalaren esanetan zuek
eskatzen duzuen parke
naturala ez da bideragarria,
txikiegia litzatekeelako.
Getxon Bolueko hezegunea
berreskuratu dute, nahiz
eta Zulokokoa baino askoz
txikiagoa izan. Han ere
autopista pasatzen da
gainetik, eta errepidez
inguratuta dago. Egin
kontu, Zulokokoa Ezkerraldeko
azken lezkadia da. Europan
orain gomendatzen dute
lezkadiak babestu edota
birlandatzeko, lurretako
kutsadura apaltzeko eta
horrelako inguruak lehengoratzeko
oso lagungarriak direlako.
Itzela da: egundoko parke
botanikoa egin dute kanpoko
espezieak ekartzeko, eta
hemengo animaliak eta
landareak txikitu. Arren!
Udalak berak eskatu du
Errekatxo urtegien ingurua
Eusko Jaurlaritza osatzen
ari den hezeguneen zerrendan
sartzeko, nahiz eta gizakiak
eraldatuak izan. Hala
ere, ez dute eskatu berezkoa
eta guztiz naturala den
biotopo bat, Zulokokoa,
sartzeko. Arrazoi bakarra
batzuen espekulazio asmoak
dira. Guk geuk egin behar
izan dugu eskaera, udalaren
arduragabekeria ikusita.
Zer egin liteke kutsatutako
lurrekin? Non sartu? Argalarioko
biltegian ez omen dira sartzen...
Tira, hori aitzakia merkea
da, funts teknikorik gabea.
Esan digute lindanerako biltegia
Barakaldon egin behar zela
berton zegoelako kutsatutako
lur gehiena. Egia bada, zergatik
utzi herria bera ondo garbitu
gabe eta lurrak nonahitik
ekarri? Lehenbizi aztertu
dezatela noraino garbitu behar
den sakonera Ibarretan, eta
benetan biltegian nahikoa
tokirik ez badago, ez dezatele
lurrik ekarri inguruko udalerrietatik.
Azkenotan Barakaldo eta
IKEA izenak beti ageri
dira elkarri lotuta...
Bai, bitxia da gutxienez.
Duela gutxi EAEko Legebiltzarrak
onartu duen dekretuaren
arabera, ezin liteke IKEA
bezalakorik gure herrira
ekarri, Barakaldo gainezka
dagoelako horrelako jarduera
eta azalerako zentruez.
Baina, hara non IBÉRICA
S.A.k (IKEAREN enpresa
filiala) lortu zuen zentrurako
eskaera aurkeztea dekretua
onartu baino bi egun lehenago,
oraingo arauekin ezingo
baitzen IKEArik hemen
kokatu.
Argi da batzuek baliabide
eta informazio gehiago
darabiltela jendaurreko
alegazio epeetan.
Ibarreta alderantz ez
bada, nora zabalduko da
Barakaldoko hirigunea?
Agian galdetu behar diogu
geure buruari ea Barakaldok
gehiago hazi behar duen.
Zertarako hainbeste pisu eraiki? Dauden
baino etxebizitza gehiago
hutsik egon dadin? Udalekoak
hain kezkatuta badaude 100.000
biztanletik ez jaisteko, herri
erakargarri bat egin dezatela,
jendeak ihes egin ez dezan
bertatik.Jendea bere herrian
lotzeko, baserrialdea edo
kostaldea hondatu ez dezagun
bigarren etxebizitza eginez
(Txorierrin edo Uribe Kostan
gertatu den moduan) norberaren
bizilekuak ez du atzera eragiten
duen zimentuzko kankailu bat
izan behar. Ingurua eta hiria
uztartu behar dira, hirigintza
arloko gero eta aditu gehiagok
azaltzen dutenez.
|
|
"Inork" ikusten ez dituen obra agerikoak |
Zer iruditu zaizue barakaldarron
erantzuna kanpaina honetan?
Oro har jendea oso alde
dugu, baina etsipena ere
nahiko errotuta dago,
dirua eta boterearen aurrean
ezer egiterik ez dagoelakoan.
Dagoeneko 30 lagun atxilotu
dituzte lanen kontra protestatzeagatik.
Zertan da auzia?
Gehiegikeria hutsa da:
atxilotuak eskuburdinak
jarrita, argazkiak, hatzmarkak
hartu... Dena aldrebestu
dute. Benetako deliturik
egin ez duena auzitara
eramateko lasterka asko
dabil justizia, ez ordea
balizko delitugileekin,
beharbada delitu larriak
egin dituztenekin: prebarikazioa,
ingurumenaren kontrako
kalteak, lizentziarik
gabeko obrak...
Lekua militarizatu egin
dute, zerbait txarra eta
larria egiten ari garela
erakutsi nahian. Gaizkiletzat
aurkeztu nahi gaituzte.
Aitzitik, guk salatzen
duguna bai delitua!
Lezkadia desagertuko da
martxa honetan...
Habitat mota hori oso
hauskorra da, baina baita
erraz berreskuragarria
ere, areago laguntzen
bazaio. Botatako lurra
kenduz gero, lezkadia
atzera haziko litzateke
berez. Hezeguneko beste
leku batean, ur araztegiaren
parean, obrak egin zituzten.
Lanak geldirik egon ziren
lau egunetan lezkak erdi
pareraino hazi ziren berriro,
ura lur azpitik zeriolako.
Max Center-en ere arazoak
izaten dituzte euria egiten
duenean, eraiki dutelako
urak berez doazen inguru
batean, eta sekulako putzuak
egiten zaizkie horregatik.
Auzi honetan ardura duten
instituzioen jokaera aztertzean
susmo txar samarrak hartzen
ditu EZPITSUk.
Udala beldur da,
apostu honek porrot egiten
badio ezin izango lituzkeelako
San Bizenteko dorreak
eraiki. Kostaldeetarako
Zuzendaritza ere kikilduta
dabil, ez zituelako gauzak
behar bezala egin zegokion
momentuan. Obrak legez
Kanpokoak izanez gero,
ordaindu beharreko kalteordainak
eta prebarikazio delituak
oso larriak lirateke.
Udala, bada, horretaz aprobetxatzen
da, badakielako inortxo
ere ez dagoela prest mamu
hori bere gain hartzeko,
ez Kostak ez Eusko Jaularitzako
Ur Zuzendaritza.
Udalak berak aurretiazko
txosten bat egin behar
zuen obrek inguruan izango
zuten eraginari buruz.
Obrak martxan daude eta
oraindik orain txostenaren
arrastorik ez.Badirudi
norbaiti beste Max Center
auzi bat dabilkiola esku
artean. Baten batentzat
ulergarria izan daiteke
udalak espekulatzea dirua
beretzat biltzeko, ez
aldiz, besteren poltsikoak
gizentzeko.
Hain sinestuta badaude
batzuk egitasmoaren ontasunaz,
beren sakeletik ordain
dezatela, eta azkenean
kukuak oker jotzen badie,
eurek ere egin diezaietela
aurre ardurei, euren diru
eta ondasunekin, Santander
eta Barrikako txaletekin
gertatu den legez, ez
barakaldarron sosekin.
Txetxu Franco
|