Bat batean
Elkarrizketa: Masonaldo
Euskaldun zaharrak
Gau giroa
Zuloko Ibarreta
Albiste laburrak
Euskararen astea
Nahas-mahas


 

< Barri laburrak >
Barakaldoko albisteak




Berrikuntzak Barakaldoko jaietan

Gure herriko jaiak gero eta gertuago daude, eta apurka-apurka ari gara aurten egongo denaren berri izaten. Berrikuntza batzuk izango ditugu oraingoan: txosnak, esaterako, ez dira Lasesarren egongo, aurreko urteetan bezala, eta Ansio inguruan egongo ei dira, barrakak dauden lekuan. Jaitsiera ere aldatu egingo da, eta lehenengo asteburuan barik, bigarrenean izango da, uztailaren 21ean hain zuzen. Aldaketarik izango ez duena ekitaldien kalitatea izango da: aurten, berriro ere, eskasa baino eskasagoa izango da jai egitaraua, eta urtero bezala euskal musika baztertu egin dute programazioa egin dutenek. Egitarauaren kalitatea zelakoa den ikusteko, musika aroan izango ditugun talde eta kantariei erreparatzea besterik ez dago: Formula V, Los Diablos, OBK, Karina, Javier Segarra eta Sergio Dalma. Mikel Urdangarin izango da euskal musikaren ordezkari bakarra. Dakizuenez, duela gutxi udaleko adituek egindako txosten bat kaleratu zen, eta bertan Barakaldoko jaien kalitate eskasa eta herritarren esku hartze urria nabarmentzen ziren. Ez du ematen, baina, aurten gauzak aldatzeko asmo handirik dagoenik.


Galiziar eguna ospatu zen Ansion

Ekainaren 15etik 17ra mota guztietako ekitaldiak izan zen Arteagabeitia auzoan, Ansioko zelaietan, Galiziako Eguna zela-eta. Gainera, ospakizun bereziak izan dira aurtengoak, Barakaldoko Galiziako Etxeak 100 urte betetzen dituelako. Denetarik egon zen Arteagabeitiako zelaietan: dantzaldiak, sari banaketak , Berrogüetto talde ezagunaren emanaldia eta, jakina, olagarro eta ribeiro ugari. Uda ostean segida izango dute Barakaldoko Centro Galegoko mendeurrenaren ospakizunek. “Euskarri” aldizkariaren hurrengo zenbakian informazio gehiago eta sakonagoa eskainiko dizuegu Centro Galegoaren ehun urteko historiaz eta gaur egungo jardueraz.



Pobreziaren eta gastu militarren kontrako ibilaldia

Ekainaren 9an ibilaldia egin zuten Sestaotik Barakaldora Ezkerraldeko hainbat elkartek “Pobreziaren eta gastu militarren aurka” lelopean. Besteak beste, Berri-Otxoak, Barakaldo, Sestao eta Portugaleteko Langabetuen Asanbladak, Argitan, KEM eta Kakitzat izan ziren ibilaldi horren deialdia egin zutenak. Manifestaziora deitu zutenek salatu zutenez, Ezkerraldeak Euskal Herriko langabezi tasarik handiena (% 15) jasaten du, Europako batezbestekoaren bikoitza. Familien % 12k pobrezia gorria pairatzen dute, eta % 38 ezi dira hil bukaeraraino iritsi. Gainera, etxebizitzen prezioa Europa osoko garestienetako bat da, eta azkeneko 3 urteotan % 25 handitu da prezioa. Erakundeek errealitate honi lepoa eman eta dirua gastu militarretan parrastatzen dutela salatu zuten ibilaldiaren antolatzaileek, eta zehazki, Gure herriarekin zerikusi zuzena duten kontu bi aipatu zituzten: ITP armagintza enpresa (8.000 milioiko dirulaguntza jasotzen duen enpresa honek produkzio unitate bat kokatu du Barakaldon) eta Lasesarren eraikitzekotan den Guardia Zibilaren superkuartela (1.000 miloi pezeta inguruko gastua ekarriko du). Ibilaldia goizeko 12etan abiatu zen Sestaoko plazatik, eta ordu eta erdi geroago Barakaldoko Anaien Parkera heldu zen.


Errekaortuko gaztetxearen literatura tailerra

Errekaortuko gaztetxearen laugarren urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu du gaztetxeak. Horietako bat, gaztetxean dagoen literatur tailerrak egin duen monografikoaren aurkezpena izan da. Monografiko horretan iaz sortu zen tailerreko idazki zein poemak argitaratu dira. Aurkezpenarekin batera, Josu Monterok eta beronen ikasle batzuk literaturaz ziharduen txarla bat eman zuten. Aurkezpena aprobetxatuz,musika apur batekin monografikoan argitaraturiko idazkiez gain, beste olerki batzuk ere errezitatu zituzten. Hau guztiarekin batera, bazkari popularra eta bertso saio bat egon zen Barakaldoko dantza talde eta zenbait elkarterekin. Ospakizunekin amaitzeko Gaztetxean bertan, kontzertuak egon ziren, bai eta errekaorturaino zihoan martxa bat ere. Astebete luze iraun zuen gaztetxeko lagunek antolatutako ekitaldiak.



EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48901 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Olatz Sanchez, Axier Lopez, Esther La Fuente.
Laguntzaileak: Rover Luis,
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente, Jose Ignacio Herranz..
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.