Bat batean
Elkarrizketa: Masonaldo
Euskaldun zaharrak
Gau giroa
Zuloko Ibarreta
Albiste laburrak
Euskararen astea
Nahas-mahas


< Elkarrizketa >
Malsonado

Alberto du izena, baina Barakaldoko kale eta tabernazuloetan Malsonado ezizenaz askoz ezagunagoa da. Izan ere, Gurutzetako musikari honek urte dezente eman du, Trapu Zaharrak taldean edo bakarka, melodiak eta hitzak josten, gure herriko bizimodua eta gizarte malapartatu honen ajeak hizpide. Duela zenbait hilabete CD bat kaleratu zuen, eta harrez geroztik ezagunagoak zaizkigu Malsonadoren kezkak eta haserreak.


Zu Trapu Zaharrak taldean hasi zinen...

Bai, horiek izan ziren hastapenak. Taldean aritzeaz gain, batzuetan bakarka aritzen nintzen, Trapu Zaharrak-en moldeetara egokitzen ez ziren kantuak jotzen, gitarra akustikoaz, anaiarekin noizbehinka (Jorge, berau ere Trapu Zaharrak taldeko kidea eta gaur egun bakarlaria Metralla ezizenaz). Batzuetan Trapu Zaharrak-en kontzertua hasi baino lehen aritzen nintzen, beste batzuetan ondoren... kabroi horiek uzten zidatenean (barrez).

Zenbat urtez aritu zineten Trapu Zaharrak bezala?

1985ean edo hasi ginen. Lehenengo kontzertua 1988ko abuztuan izan zen, gaztetxean, eta 1999 aldera utzi genion jotzeari, baina ez taldea desegitea erabaki genuelako, dinamikak berak horretara eraman gintuen, badakizu, lanak eta. Oso ondo egon zen. Garai hartan oso giro ona zegoen, nahiz eta gu apur bat aparte ibili, Gurutzetakoak izanda ez genuen Barakaldoko giroa bete-betean harrapatzen eta gu ginen Gurutzetako talde bakarra, baina apurka-apurka jendearekin harremanak izaten hasi ginen, abestiak egiten ikasi genuen, kontzertuak egin genituen...

80ko hamarkadan, gainera, Barakaldo pil-pilean zegoen, San Bizenteko bunkerren garaian talde pìla zegoen... Zuek ere garai hura bizi zenuten. Harrez geroztik egoerak dezente egin du behera, ezta?

Ez, ni ez nago ados. Egia da garai hartan mugimendu handia zegoela, eta talde pila bat, Distorsión, Parabellum, Mentes Enfermas... gaur egun gertatzen dena da batzuek komertzialtasunaren aldeko apustua egiten dutela eta horrek bertoko taldeei ateratzea galarazten die, baina talde pila dago, adibidez Gurutzetako kultur etxean talde ugari dago entseatzen eta horien artean gaztetxo asko. Lehen, gainera, edozein tokitan eta edozein modutan jotzen genuen, eta gaur egungo apustua beste bat da, gutxieneko ekipo bat ez badago jendeak ez du jotzen. Apustu kontua da, azken finean.

Dena dela, garai hartan taldeen arteko batasun handiagoa zegoen, ez duzu uste?

Bai, baina betikora bueltatzen gara. Garai hartan batasuna zegoen zerbait berria egiten ari ginelako sentimendua genuelako, baina kapitalak lortu du hori guztia asimilatzea eta bere parametroetara murriztea. Gaurko taldeei zera esango nieke: euren musikaren kalitatea ez neurtzeko musika horrek ematen dien diruaren arabera, bertan adierazten dituzten sentimenduen arabera baizik.

Trapu Zaharrak oso talde emankorra zen, abesti pila zeneukaten...

Bai, gazteak ginelako eta gauzak esateko gogo handiagoa genuelako, ez geuk bakarrik, gainerakoek ere bai: Distorsión, Putakaska, Parabellum... Bitxia da, baina garai hartako kanten letrei erreparatzen badiezu, orduan esaten ziren gauza asko eta asko gaur egun bete direla ikus dezakezu.

Eta ez da tamalgarria zenbait abesti, adibidez “Somos la asamblea de parados”, garai batean oso ezagunak izan zirenak, grabatu ez izana eta gaur egun galduta egotea?

Beno, hiru maketa ditugu, baina maketak ez ditu inortxok ere entzuten, horretaz orain jabetu naiz, diskoa kaleratu ostean. Dena dela, garai hartan gure lehentasuna ez zen grabatzea, zerbait adieraztea baizik. Oso gazteak ginen eta estudio batera joatea planteatu ere ez genuen egiten, diru asko balio zuelako.

Gaurkora bueltatuko gara. Duela gutxi diskoa kaleratu duzu, zelan izan zen kontua?

Hemen grabatu nuen, Barakaldon, Belan estudioetan. Normalean ez dut estudioen izenik ematen horretarako ordaintzen ez didatelako, baina oraingo honetan emango dut nirekin oso ondo portatu zirelako. Sei abesti grabatu genituen, eta lehenago beste zenbait kanta grabatu genituen, gerora “Comemela” izeneko maketan agertu zirenak. Grabazio prozesua oso erraza izan zen, nire musikak ez du bestelako konplikaziorik eskatzen, eta soinua ondo dago. Diskoak oso harrera ona izan du, ni flipatuta geratu naiz; ez dakit zenbat urte eman dudan jotzen, ezer kobratu barik, eta orain badirudi profesionala zarela CD bat daukazulako. Zintak, aldiz, ez ditu inork entzuten. Barakaldoko jendeak, hemengo tabernetan jotzen behin baino gehiagotan ikusi nautenek, sorpresa handia hartu dute diskoa entzun dutenean, eta nik ere sorpresa hartu dut.

Zelan egiten dituzu abestiak?

Prozesua adinaren arabera aldatzen da (barrez). Lehen etxean egoten zinen, oihuka hasi eta abesti bat ateratzen zen, gero hura paper batean kopiatu... Gaur egun prozesua konplikatuagoa da, batzuetan beti berdin ari naizelako inpresioa hartzen dut eta gauza desberdinak egiten saiatzen zara, egun asko ematen duzu zer esan nahi duzun jakin arte.

Iazko udan nahiko entzutetsua izan zen udalaren kontra jarri zenuen salaketa. Azaldu ezazu pixka bat zelakoa izan zen afera hura.

Hasteko, nik estatuaren kontrako salaketa-politika daramat. Estatuak eraso egiten dit, langabeziaren bidez, kutsaduraren bidez, multinazionalek gure bizimodua aldatu nahi dute, eta nire ustez Estatuak du horren erantzukizuna. Beste aldetik, nik urte pila eman dut Barakaldon jotzen, eta iazko jaiak zirela-eta jotzen uzteko eskatu nion Udalari. Ez zidaten erantzun, jai egitaraua kaleratu zenean urtebete baino ez daraman abeslari komertzial bat agertzen zela ikusi nuen eta, beraz, nik ondorioztatu nuen udalak ogibidea galarazten zidala, nire herrian jotzeko aukera ukatzen zidalako. Hortaz, salaketa jarri nuen epaitegian. Epaileak atzera bota zuen, eta nik komunikabideei eman nien horren berri.

Eta zein izan zen jendearen harrera?

Batez ere, kuriositatea. Nire asmoa ez zen sekulako mugimendua antolatzea, nik uste dut gizakia librea dela, Euskal Herria izan nahi baduzu horretarako eskubidea izan behar duzu, Espainiakoa izan nahi baduzu berdin, baina bakarrik egon nahi baduzu, zure nortasuna garatzeko eskubidea ere eduki beharko zenuke, eta jendeak ez du hori ulertzen, taldearen babesa behar du. Dena dela, neuk bakarrik sinatu beharrean, salaketa hura 400 lagunek sinatu izan balute, agian epaileak beste erantzun bat emango zukeen.

Zer deritzezu Barakaldoko jaiei?

Argi dago jaiak herritarrak sustraitzeko eta sozializatzeko bideak direla, eta jaiak kentzen badituzu jendearen erroak mozten dituzu. Hori da udalaren estrategia: sustraiak erauzi, jendea deserrotu, udalak gero egin nahi duen guztia egin ahal izateko. Duela gutxi udaleko aditu talde batek txosten bat plazaratu du, denon artean ordaindu duguna, jakina, eta ondorioa horixe zen: Barakaldoko jaiak kaka zaharra direla. Baina gu saiatu gara jai herritarrak antolatzen, hori zela-eta egur dezente jaso dugu, eta aditu horiek txintik ere ez dute atera. Dena dela, ni ez nago ados jende askok daukan jarrerarekin: Barakaldoko jaiak kaka bat besterik ez direnez, banoa beste norabait. Nik uste dut hemen geratu beharra dagoela. Iaz, adibidez, jaietan kontzertu bat egin nuen Eguzki tabernaren aurrean, nire eskaera atzera bota bazuten ere, udalak ez duelako eskubiderik nik Barakaldoko jaietan jotzea galarazteko, jaiak neureak ere badira-eta.

Eta izan duzu inoiz problemarik?

Beno, behin udaletxera joan nintzen jotzera, eta udaltzainek polizia-etxera eraman ninduten. Duela bost bat urte izan zen eta nik ez nien kontra egin, ez nuen egurra jaso nahi egur dezente jasota nagoelako, apur bat zirikatzea zen asmoa.

Lehenago hitz egin dugu 80ko hamarkadako eta gaurko taldeen arteko desberdintasunez. Zelan ikusten dituzu gaur egungo Barakaldoko taldeak?

Maila altua dago, jendeak badaki oso ondo jotzen. Dena dela, uste dut euren sentimenduak adierazten dituztela, baina euren herriaren sentimenduak adieraztea falta dutela. Suposatzen da artista bat sentiberagoa dela, gertatzen denaz konturatzen dela, eta bere herriak sufritzen badu, lagunek lanik ez dutelako edo alde egin behar dutelako, berak ere sufritu egiten du, eta gaurko taldeetan ez dut ikusten herriarekiko konexio hori.

Amaitzeko, zeintzuk dira etorkizunerako planak?

Orain kontzertu batzuk ditut zenbait gaztetxetan, eta gero zerbait grabatu nahi dut, sei edo zazpi abesti. Horretaz gain, Trapu Zaharrak-en maketa konpaktuan atera nahi dut, pena ematen dit abesti horiek hautsak janda geratzeak.

Gotzon Hermosilla

EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48901 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Olatz Sanchez, Axier Lopez, Esther La Fuente.
Laguntzaileak: Rover Luis,
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente, Jose Ignacio Herranz..
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.