Barakaldoko euskaldunon komunitatea osatzen duten gehien-gehienak euskaldun berriak dira. Gutxi dira euskaldun zaharrak (azken datuen arabera, 451, hau da, euskaldunen %5’06). Horietako batzuk euskara lehenengo hizkuntzatzat izan duten Barakaldon jaoitako umeak dira, baina badago beste multzo esanguratsu bat: Barakaldotik kanpo jaio diren eta inoiz gure herrira bizitzera etorritako euskaldunena, alegia. Barakaldon bizi diren euskaldunzahar horien testigantza orriotara ekarri nahi izan dugu. Katea ez da eten.
Zelakoa da Barakaldoko
gau-giroa? Garai batean
modan egon zen asteburuetan
gure herrira inguruko
herrietatik etortzea,
Portugalete edo Bilboko
Zazpi Kaleak modan egon
ziren bezala. Poteatzeko
lekuak ere aldatzen joan
dira: aspaldian, Zaballa
zen martxaren sinonimoa,
Santa Teresa ere potente
ibili zen bolada batez,
eta batek baino gehiagok
nostalgiaz gogoratzen
ditu Autonomia kalea gure
herriko dibertsioaren
erdigune bilakatu zeneko
garai haiek (Rancios,
Beste Bar, Kasal eta Gaztedi
tabernek zedarritzen zuten
esparru hartan). Eta gaur
egun, zeintzuk dira Barakaldon
parranda ederra egiteko
aukerak? Zertan aldatu
dira gauzak?
|
| Gau giroa |
Argi dago Juan de Garai
kalea bilakatu dela Barakaldoko
gau-giroaren ardatz, gazteentzat
batez ere. Larunbatetan,
arratsaldeko bostetatik
aurrera mukuru beterik
egoten dira bertako tabernak:
Riojana eta El Cuervo
klasikoak, baina baita
horien arrimuan perretxikoen
antzera sortu diren gainerakoak
ere: Puntazo, Comics,
Ipotx, Tarifa, Tubos....
Larunbat arratsaldeetan
gaztetxoak izaten dira
handik ibiltzen direnak,
eta ilundu ahala batez
besteko adina goraka doan
arren, oso jende gaztea
izaten da bertan bezero.
Anaconda diskotekaren
kasua guztiz argigarria
da: garai batean neska
zaharrak, 40 urte inguruko
mozkorzale amorratuak
eta alboan zegoen polizia-etxeko
inkilinoak izaten ziren
nagusi. Gaur egun, aldiz,
denetarik topa dezakezu,
eta batez ere gaztetxo
ugari. Juan de Garai kaleraz
ari garela, ezin aipatu
gabe utzi Alaska (rockari
Barakaldon geratzen zaion
gotorleku bakarretako
bat) eta Mendigo taberna
(gauza bera zuzeneko emanaldiei
dagokienez).
Juan de Garaitik gora
egiten badugu, Barakaldoko
zenbait taberna klasikorekin
egingo dugu topo: San
Antolin kalean Eguzki
eta Hiltegi ditugu, Uribe
Merindadean Mellid, eta
Juan de Garai amaitzen
den lekuan La Baraka;
guztiak taberna ezagunak,
historikoak ia-ia, hamaika
parrandaren eszenatoki.
Zaballa kalearekin gertatutakoa
bitxia da oso. Garai batean,
hori zen Barakaldoko zonarik
mugituena, eta gazteenek
bertan izaten zuten hitzordua
asteburuoro. Dacha, Sebas
edo La Pamparen garaia
zen hura. Geroago, kalea
oinezkoentzat atondu zutenean,
jende helduagoa hasi zen
bertara joaten, eta gaur
egun 30 urtetik gorako
lagun koadrilak, umeak
pasiatzera ateratzen dituzten
bikoteak eta, orokorrean,
Juan de Garain ikusten
dena baino jende helduagoa
ibiltzen da Zaballan zehar.
Bertan ere badugu leku
aipagarririk: El Horreo,
El 8...
Horretaz gain, bestelako
aukerarik ere badu gure
herriak. Poteo klasikoaren
zaleak Uribe Merindade
eta Bizkaia kaleen inguruan
batzen dira: bertan ditugu
Roan, Bosanova, Aizagar,
El Bodegón edo
Guriezo tabernak, esaterako.
Victoria kafetegia indarra
hartzen ari da azken bolada
honetan, eta punkiek ere
badute orain biltokia
Gaztedi tabernan.
Dena dela, gehienak bat
datoz azken urteetan Barakaldoko
giroak behera egin duela
esatean. Batzuek arrazoi
ekonomikoak aipatzen dituzte:
lehen egunero ateratzen
zen jendea, eta orain
mundu guztiak larunbat
gauerako gordetzen ditu
neke eta esfortzu handiz
bildutako sosak. Ostiraletan,
adibidez, gero eta jende
gutxiago ibiltzen da Barakaldoko
bazterretan, nahiz eta
orain, uda datorrela aprobetxatuta,
giroa apur bat suspertu.
Beste batzuek, aldiz,
udalaren arautegi estuari
leporatzen diote Barakaldoko
giroaren gainbehera. Izan
ere, Katrenaren garai
mitiko haiek historiara
igaro dira, eta gaur egun,
parranda egunsentira arte
luzatzeko dagoen aukera
bakarra Sherpa edo Zarata
bezalako disko-pub-ak
izaten dira. Arrazoiak
arrazoi, gero eta ugariagoak
dira beste herrietarako
bidea hartzen duten gazteak.
Eta orain, herrietako
jaien aroa zabaldu eta
gero, are gehiago. Izan
ere, Barakaldoko jaiek
garai batean izan zuten
ospe guztia galdu dute.
Baina hori beste erreportaje
bat egiteko gaia izan
daiteke...
|
| Emilio |
- Emilio, Hiltegi
Emiliok 20 urte inguru
darama ostalaritzaren
munduan. Eguzki tabernarekin
hasi zen, duela hogei
urte inguru, eta gaur
egun horren ondoan dagoen
Hiltegi tabernan ere lan
egiten du, baina garai
batean Ispilu eta Aterpen
ere aritu zen.
Giroa asko aldatu da?
Bai, izugarri. Lehen, astegunetan,
jende asko ibiltzen zen,
ostegunetan batez ere.
Gaur egun jende gutxi
dabil. Gainera, ostiral
eta larunbatean, udalaren
aginduz, lehenago itxi
behar dira tabernak, gaueko
3,30etan, bestela isuna
dator.
Eguzki taberna Barakaldoko
taberna historiko bat
dela esan daiteke.
Gu hasi ginenean bazeuden
taberna batzuk, La Baraka,
La Riojana, Rontegin ere
bizpahiru... Guk, zorionez,
betiko bezeroak dauzkagu,
baina jende berri asko
ere bai, eta oso majua
gainera. Normala da jendea
aldatzen joatea, batzuk
ezkontzen dira, umeak
izaten dituzte eta oso
gutxi ateratzen dira.
Baina udan adibidez jendea
gehiago ateratzen da eta
oso pozgarria eta polita
izaten da urteak hemendik
agertu barik eman dituen
baten bat berriro tabernan
ikustea.
Jendearen ohiturak aldatu
dira, zure ustez?
Bai, asko. Arrazoi asko
dago: krisia, edarien
prezioa... Ez dut uste
mentalitate kontua denik.
Europan sartuta gaude,
baina zaila da mentalitatea
aldatzea. Uste dut zerikusi
gehiago daukala diruarekin:
gaur egun, ezin da egunero
poteatu.
Musika zaintzen duzue,
edo edozein gauza jartzen
duzue?
Niri musika mota asko
gustatzen zait, baina
hemen tabernan, batez
ere euskal musika jartzen
dugu. Horretaz gain, denetarik
jartzen dugu: rock´n´rolla
eta abar.
Orokorrean, Barakaldoko
gau giroak hobera ala
txarrera egin du?
Nire ustez, aurrekoa hobea
zen, batez ere ordutegi
arazorik ez zegoelako,
eta orain asko jaitsi
da. Giroa aldatu da, hori
onartu beharra dago. Barakaldo
leku ona da poteo lasaia
egiteko eta betiko jendearekin
gustura egoteko, baina
sekulako martxa nahi dutenak
kanpora ateratzen dira.
|
| Alex |
- Alex, La Riojana
Badarama 10 urte inguru
tabernetan sartuta (lanean,
jakina): Nassau eta beste,
eta aspalditik hona Juan
de Garaiko La Riojanan.
Nolako giroa da Barakaldokoa
gaur egun?
Aldatu da nahikotxo. Gero
eta jende gehiagok aukeratzen
du asteburua traguak egiteko,
gehien bat larunbata.
Gazteetan aspaldikoa da
jada litronak eta eurek
egindako edabeak edateko
ohitura tabernetara jo
aurretik. Jende zaharragoak,
28 30 bitartetik gorakoek
beste gauza batzuk ere
egiten dituzte asteburuan:
etxean geratu, asteburua
kanpoan eman, Santander
aldeko pisura joan...
Entzuna dudanez, hau ez
da bakarrik Barakaldon
gertatu, inguruko herrietan
ere, Bilbon edo Portun
kasu, beherako joera hau
nabari da, nahiz eta aldika
herri edo poteatzeko alde
bat modan jarri.
Ez da ahaztu behar, gainera,
18 20 urte bitartekoen
kopuruak behera egin duela
urtetik urtera.
Zer dela eta beherakada
hori?
Denetariko arrazoiak daude,
batez ere ohiturak. Poteatzeaz
gain, astia pasatzeko
bestelako modu batzuk
nagusituz doaz. Ez zait
iruditzen diru kontua
denik. Oraingo gaztetxoak
gure antzera dabiltza
haien adinekoak ginenean
bezala, aita-amek emandakotik
alegia. Alde horretatik
ez dut uste guk genuen
baino diru gehiago edo
gutxiago darabiltenik.
Zure taberna dagoen aldeari
dagokiola, aldatu dira
poteatzeko edo dibertitzeko
erak?
Ez dut uste. Batzuek sekulako
atxurrak eta moroiak harrapatu,
eta beste batzuk txintxoago,
betiko moduan. Horretan
lehengo lepotik burua
denok.
Zaintzen duzue tabernako
giroa (musika...)?
Gaur diskoa edo udako
saltsa dira nagusi. Hala
ere saiatzen gara denetik
jartzen, eskatzen dizutena
eta betikoa rock, pop,
euskal rocka... - . Beharbada,
gutxi dira musika begiratze
duten lokalak, baina egiten
baduzu jendeak eskertu
eta kontuan hartzen du.
Ostalaritzarako udal-arauez
zer duzu esateko? Eragina
izan dute Barakaldoko
kaleko giroan?
Bai, jende asko larunbatean
kaleratzen da, eta lehen
baino beranduago, afalduta
ere bai. Horregatik, ateratzen
direnean gogoz egiten
dute eta lokala itxi behar
denean (hiruretan-hiru
eta erdietan, negualdia
edo udaldia den) askotan
kostata bidaltzen duzu
jendea kalera.
Seguru asko, hori dela
eta geroago ixten duten
nonbaitera joaten dira
batzuk, Bilbora eta.
Hala ere, gero eta lokal
gehiago irekitzen dira
Barakaldon ...
Bai, baina beste mota
batekoak: kafetegiak,
joku-lokalak... Gaur egun
tentuz aztertu behar duzu
gaueko giroko lokal bat
irekitzekotan. Nire iritziz,
udalak bestelako bezeroak
(adin edota ohituren aldetik)
dakartzaten lokalak nahiago
ditu.
|
| Tony |
- Tony, La Barakaldesa
Tonyk 25 urte darama tabernetako
barraren atzean: sei urtez
Juan de Garaiko Los Hermanosen
jardun ondoren, 19 bete
ditu La Barakaldesan.
Badu, gero, ser esanik
Barakaldoko giroaz.
Aldatu da Barakaldoko
giroa? Zertan?
Bai, alde itzela dago lehendik
hona, batez ere poteo
eta koadrilei dagokienez.
Lehen egunero ateratzen
zen, eta orain gero eta
gutxiago: jendeak egun
bat aukeratzen du ateratzeko,
ostirala edo larunbata,
hain zuzen.
Duela 15 edo 20 urteko
betiko koadrilak ere gainbehera
doaz, ikaragarri.
Eta zergatik aldaketa
hori, zure ustez?
Bizimodua bera aldatu da;
jendea orain entzerratu
egiten da etxean, telebista,
interneta, bideoa eta
abarrekin. Nik uste dut
hau bide okerra dela,
hemen tabernak beti izan
direlako koadrilak elkarrekin
egoteko eta komunikatzeko
guneak, besteekin ondo
pasatzekoak, alegia, eta
dugun apur hori ere kendu
behar digu oraingo bizitzak?!
Diruak, krisiak ... ba
al dute zerikusirik horretan?
Bai, horrek ere eragina
izango du. Egoera ekonomikoa
ez da samurra Barakaldon
... baina bigarren mailako
arrazoia dela uste dut.
Norbaitengan izatekotan,
gazteenengan izango du
eragina, batez ere gurasoen
dirutik bizi direnengan.
Zer iruditzen zaizu udalaren
jarduera ostaritzari buruz?
Ni betidanik izorratu nautek.
Uste ditek denok garela
ostalari handiak, askorentat
lanpostua baino ez dela
ohartu barik. Bultzatu
beharrean, trabak jartzen
zizkigutek txikioi. Ostalari
handi askorentzat aldiz,
laguntza guztiak zeudek.
Lehen, Barakaldon kriston
martxa zegoen, orain aldiz
...
Esan dudan moduan, hemen
bazeuden lehen jendea
elkartzeko lekuak, baina
udalaren arauak direla
eta, orain lau edo bost
gara lehengo giroari eusten
diogunok.
Pubak bakarrik egotea
nahi dute, makailu eta
horrelakoekin. Musika
ere zaindu behar da, bestela
komunikatzeko baino inkomunikatzeko
lekuak dira.
Batzuek, gehien ahal dutenek
hain zuzen, taberna erraz
betetzea aukeratu dute,
komunikazioaren kaltetan.
Oker ulertutako lehia
da: giroa ez galtzeko
bat egin barik, elkarren
kontrako lehian ari dira.
Ostalaritza horren lan
gogorra izanda ere, antza
gero eta lokal gehiago
zabaltzen ari dira ...
Jendeak uste dik tabernako
lana pagotxa dela ...
bai zera! Garai onak joanak
dituk, pikutara.
Gotzon Hermosilla,
Txetxu Franco
|