H A L A - D Z I P O

"Euskal musikaren abiada Barakaldon"

Hala Dzipo Barakaldoko taldeak oso lan estimagarria egin du azken urteotan (eta egiten ari da oraindik ere) euskal kultura eta bereziki euskal musika tresnak kaleratzen eta ezagutarazten. Taldearen historiaz eta gaur egungo euren jardueraz gehiago jakin nahian, Idoia Kareaga Hala Dzipoko kidearekin mintzatu gara.

aurogeiko hamarkadaren bukaerara jo behar dugu Hala Dziporen lehenengo urratsak bilatzeko. Garai hartan bazegoen mugimendurik Barakaldon: gazte talde batek hiltegi zaharra (gaur egun Hizkuntza Eskola dagoen eraikina) okupatu zuen, bertan gaztetxe bat antolatzeko asmoz. Hantxe, hiltegiko bazter batean, hasi zen hainbat gazte biltzen, batez ere arlo bi jorratzeko asmoz: kale antzerkiarena (hanka-paluak, apar-gomazko panpinak...) eta musika (txalaparta, dultzainak...). Azken finean, kale aktibismoa, taldearen logotipoak dioen legez. Handik gutxira, Hala Dzipo izena hartu zuen taldeak.

1998ko ikastuertearen amaieraren ospakizuna

Dudarik gabe, euskal musika eskola izan da Hala Dziporen lorpenik garrantzitsuena, eta taldeari egonkortasuna eta hedapena eman diona. Egitasmoa 90eko hamarkadaren hasieran sortu zen Barakaldoko hainbat dantza talderen eskutik, baina garai hartan Udalak ez zuen proiektua onartu, zehaztugabeegia zelakoan. Hala Dzipok ideia berrartu zuen: Idoiak esaten digunez, “garai hartan azkar agortzen baitziren) baina lokalarena ere izugarrizko problema bilakatu zen: “lehenengo ikastaroak Beurko institutuan eman genituen, larunbatetan. Handik Alkartu ikastolara igaro ginen, eta gero Mukusuluban egon gara, Beurkon... Baina beti arazoekin. Adibidez, Beurkotik alde egin behar izan genuenean nahiko ezustean harrapatu gintuzten, egun batetik bestera esan baitziguten aurrerantzean ezin genituela lokal horiek erabili, eta garai hartan ehun ikasle baino gehiago genituen”.

Egoeraren larriak bultzatuta, San Bizenteko eskola zaharra (garagardotegiaren ondoan dagoena) begiz jo zuten Hala Dzipoko kideek,: “lokalak Apezpikutzarenak dira, eta azkenean utzi zizkiguten. Aurtengoa berton egiten dugun laugarren ikasturtea izango da, eta apurka-apurka jendeak ezagutzen gaitu”.

Ikastaro ia guztiak euskaraz eskeintzen dira eta arlo honetan Hala-Dziporen iharduera eredugarria izan daiteke

Gaur egun 15 bat kidek osatzen dute taldea, eta euskal soinu tresnen eskolan 185 ikasle dituzte. Ikastaro ugari eskaintzen dute: trikitixa, alboka, panderoa, txistua, txirula, txalaparta,

dultzaina, atabala, pianoa, informatika musikala, hizkuntza musikala, armonia, moldaketa musikala... Aurten baxu elektrikoa, gitarra elektrikoa eta bateria ikastaroak ere sartu dituzte:

“tresna horiek eskaintzen ditugu modan daudelako eta ezagunak direlako, baina baita horrelako tresnak jotzen dakien jendea behar dugulako ere. Guk adibidez, gure musika-

bandan, hutsune hori ikusi genuen, erromerietan jotzeko, adibidez, gero eta ohikoagoa delako horrelako musika tresnak erabiltzea tresna tradizionalekin batera”. Azpimarratu behar da ikastaro ia guztiak euskaraz eskaintzen direla: irakasle gehienak euskaldunak dira, eta ikasle asko eta asko ere eskoletatik edo ikastoletatik etortzen zaizkie: arlo honetan eredugarria dugu oso Hala Dziporen jarduera.

Helburua, beti bezala, euskal musika tresnak eta, orokorrean, gure musika eta kultura kalera ateratzea da. Horretarako, mota guztietako ekitaldiak antolatzen dituzte: adibidez, Santa Ageda, Olentzaro eta antzeko ospakizunetan esku hartzen duen abesbatza eratu dute ikasleen gurasoekin. Barakaldoko elkarte askorekin elkarlanean aritu da Hala Dzipo: auzoetako jai-batzordeekin, Laguntasuna edo Ibarrakaldu dantza taldeekin, AEKrekin, aisia taldeekin... Kanpora ere askotan atera dira Hala Dzipoko kideak emanaldiak egiten (Txalaparta Egunean, Alboka Egunean) edo ikastaroak eskaintzen (aurten Getxoko kontserbatorioarekin ikastaroak antolatzeko asmoa dute, bai eta Errekaldeko Onki Xin elkartearekin ere). Bereziki azpimarratzekoa da Santurtziko Mamariga auzokoekin duten harreman ona. Jakina, kanpoko jendeak ikusten duenean euskal musikaren alde lanean dabilen elkarte indartsu bat dagoela non eta Barakaldon, “flipatuta geratzen dira” Idoiaren esanetan. Ez da, ez, meritu makala.

EHUk antolaturiko ekitaldi bateanDA

Taldearen filosofia, ahal den neurrian loturarik gabeko taldea izatera ailegatzea da, hau da, baliabide propioekin hornitua eta Udaletik edo beste instituzioetatik heltzen diren dirulaguntzen dependentziarik izan gabe. Horretarako, finantzazio-bide alternatiboak jorratzen dituzte, Musika Soilik denda esaterako. Irakasle izateko jendea prestatzea ere bada Hala Dziporen lehentasunetako bat. Bestalde, gaur egun jarduera

nagusia musika eskolarena den arren, kale antzerkiaren esparrua ez dute albo batera utzi nahi. Hala ere, horrek badu zailtasunik: 1992an sute batek taldeko panpinak eta bestelako materialak kiskali zituen, eta iaz ere beste sute bat izan zuten. Jakina da panpinak egiteko erabiltzen diren materialak (apar-goma batez ere) oso suharberak direla, eta horrek aparteko segurtasun neurriak hartzera behartzen ditu. Baina diogun legez, arlo horri ekiteko asmo tinkoa dute Hala Dzipokoek.

Amaitzeko, Barakaldoko gaur egungo panorama kulturalaz iritzia eskatu diogu Idoia Kareagari: “Barakaldon gauza asko egiten da, baina gehiagotan elkartu behar dugu. Bakoitza bere esparruan, baina gauzak egin eta elkar ezagutu. Nik uste dut frogatu dugula badakigula gauzak gure kabuz egiten, inoren laguntzarik gabe, eta gainera gauzak ondo egiten dakigula, baina horrek lana eta ardura eskatzen du, seriotasuna behar da”. Lana eta ardura dira, dudarik gabe, Hala Dziporen jardueraren ezaugarri nagusiak. Barakaldon euskal kultura bultzatu nahi dugun guztiok badugu pozik egoteko arrazoirik. Eskerrik asko, Hala Dzipo, eta segi bizkor.

Gotzon Hermosilla