25 urte, aldaketa
F R A N C O

"Francoren heriotzaren 25. urteurrena"


Azaroan 25 urte bete dira Francisco Franco diktadorea hil zenetik. Urteurrena dela eta, hamaika artikulu, erreportai eta telebista-saio berezi ikusteko aukera izan dugu, eta geuk ere, gure aldizkari honetan, atzera begiratzea erabaki dugu: zelakoa zen frankismoaren pean bizi zen Barakaldo hura? Zertan aldatu da? Garai hartako aztarnarik geratzen da gaur egungo Barakaldon? Erantzunak topatzeko, hiru barakaldar ezagunengana jo dugu: Nicolas Redondo Urbieta (sindikalista, UGTko idazkari nagusi izandakoa), Periko Solabarria (hori ere guztiz ezaguna, apaiz ohia, zinegotzi ohia eta ezker abertzaleko kide nabarmena) eta Josu Sagastagoitia (Franco hil ostean, herriak aukeraturiko Barakaldoko lehenengo alkatea eta EAJko kidea).

 

 

 

 

 

 

 

utako askok, neska-mutil koskor artean, hango garaietako isilaren eta etxean antzematen zen beldur-itxaropenaren zantzuetan miatu behar izaten genuen, eta hainbatetan ondorio bitxi bezain adoretsuak iristen genituen, guk geuk han-hemenka entzuna, ikusia eta irakurria ahal bezala uztartuz. Geroago jakin genuen, ondo jakin ere, nor izan zen Francisco Franco, zeintzuk izan ziren bere agintaldiaren ezaugarri nagusiak, eta, kasu askotan, umetan izaten genituen pertzepzio horiek errealitatearekin alderatuta guztiz motz geratzen zirela konprobatu ahal izan genuen.

Eta zer esan 25 urte baino gutxiago dituzten barakaldar gazteez, frankismoa ezagutzeko parada (edo malura) izan ez zuten horiez? Askorentzat, Franco iraganean galdutako pertsonaia da, historia liburuetan baino agertzen ez dena; diktadorea, bai, baina Pinochet bezain urruna.

1944. Franco Barakaldoko Postetxearen inaugurazioan
Batzuen oroitzapenak berriztatzea eta bestetzuen jakin-mina piztea du helburu honako artikulu honek. Ez du bestelako pretentsiorik. Ez dugu azterketa historikorik egin nahi izan (eta, nahi izanda ere, gure ahalmenetatik kanpo dagoen kontua da). Baina gure herriarentzat hain garrantzitsua izan zen garai hartako zertzelada batzuk ematea polita eta esanguratsua izango zelakoan ekin diogu lanari. Hona hemen emaitza.
Basamortuan

Askotan Barakaldo izenari atxikirik agertzen zaigun "desertu" hitza ez da inoiz frankismoan bezain egokia izan. Erabateko basamortua zen hura. Euskal kulturaren aztarnak dantza taldeetan edo mendi elkarteetan ezkutatzen ziren, erregimenaren jazarpenetatik ihesi. 50eko hamarkadan izandako esperientzia txiki bezain klandestino baten ostean, 60ko hamarkadan hasi ziren lehenengo gau eskolak gure herrian. Nicolas Redondo sindikalista ezagunak ondo baino hobeto gogoratzen ditu garai haiek: "lehenbizi esan beharra dago ez dugula demokrazia behar beste baloratzen galtzen dugun arte. Garai hartakoa diktadura bateko bizimodua zen: gerra zibilaren ondorioak, pobrezia, gosea eta, batez ere, oso bizimodu iluna, bizirik gabea, ez zegoen kultur jardueraren arrastorik ere... Eta noski, pasadizo "bitxi" samarrak, ez dakit oraingo jendeak sinets litzakeen: Herriko Plazan, udalaren musika bandak jotzerakoan faxisten agurra egin behar genuen beste ezer baino lehen, besoa jasota. Zinean ere, zutik jarri
1961. Los Hermanos Ikastetxean. Hirugarrena ezkerretik LLANEZA alkate frankista
behar besoa berriz altxaturik filma hasi aurretik, eta baten batek egiten ez bazuen, akabo!, epaitegira eramaten zuten. Beste horrenbeste zaborra kaletik biltzeko orduan: etxekoandreak zaborra espaloietan uztera ateratzen zirenean, hantxe zeuden aguazilak zelatan, ea emakumeak galtzerdiak jantzita ateratzen ziren, eta galtzerdirik gabe irten zenari isuna jartzen zioten. Gizonezkook ere ezin ginen Herriko Plazan paseeran ibili mahuka motzetan alkandorak poltsikorik ez bazuen. Hemengo gazte jendeak kostata sinetsiko du horrelakorik ez baitu ikusi, gerrako pelikuletan baino".

“Horrez gain" -gaineratzen du Redondok- "gosea eta pobrezia... Bazegoen gobernadore zibil bat, Genaro Riestra izenekoa, Barakaldoko "izatezko" alkate zena. Jendeak "100 gramoen gobernadorea" esaten zion, horixe zelako herritar bakoitzari zegokion kantitatea, errazionamendua zela eta. Zer esanik ez Barakaldoko alkateaz, Llanezaz alegia: hura bai tipo berezia! Azken batean, zaila da azaltzen hango garaiko giroa. Ulertzeko bizi beharko zen: ilun-iluna, itogarria, kultur bizitzarik gabea, miseria eta gosezkoa... eta gerrak berak eragindako errepresioa; alkandora edota galtzerdien pasadizoak azaleko adibideak besterik ez dira. Foru Pasealekuko San José eliza bera eraikitzeko, soldatako zati bat kendu zieten beharginei. Den-dena zegoen araututa, erregela aski diktatorialei lotuta. Ez zegoen poz-izpirik txikiena ere".

Frankismoaren azken urteak, aldiz, guztiz gorabeheratsuak izan ziren. Diktaduraren kontrako mugimendua indartu egin zen, bai eta erregimenaren erantzun zakar eta bortitza ere. Periko Solabarriak dioskunaren arabera, "frankismoaren azken bi hamarkadetako jendearengan nagusi ziren utopia, idealismoa eta borrokarako grina. Balore horiek botereak kutsatu gabe zeuden artean, eta den-denok geunden oposizioan: fabriketan batzarrak egiten ziren, eta han langile guztiek hartzen zuten parte; batasun giroa nonahi antzematen zen".

Josu Sagastagoitia

Josu Sagastagoitia, gerora Barakaldoko alkate izango zena, oso gaztea zen frankismoaren garaian: "nire gaztaroa izan zen hura eta, egia esanda, oso zoriontsua izan nintzela esan behar dut. Giro guztietan mugitzen nintzen, eta familia nazionalista batekoa izanagatik ere ez nuen asko pairatu. Hala ere, azken urteetan amorruz ikusten nuen poliziak manifestazioen kontra jotzen zuela, ideia bat azaltzeagatik, eta min handiagoa hartzen nuen komunikabideek gai hori islatzeko zuten moduagatik. Dena den, komunikabideen boterearena ez da soilik diktaduren produktua, demokrazian ere antzeko zerbait gertatzen dela ikusi ahal izan dut".

Eta Franco hil zen
Nicolas Redondo Urbieta

Francoren heriotzarena oso une berezia izan zen. Adibidez, 1975ean Nicolas Redondo Urbieta Mexikon zegoen, sindikatuen nazioarteko biltzar batean, "eta berria jakin bezain pronto ospatu egin genuen... eta halako batean etorri zitzaizkigun ezetz esanez, artean ez zegoela hilda. Egizue kontu: bospasei aldiz ospatu genuen, bakoitzean hila zelakoan. Mexikotik itzuli ginenean morroi hark bizirik segitzen zuen. "Benetan" hil zenean Madrilen nengoen, PSOE eta UGTren Batzorde Eragileko kide nintzen eta. Bagenekienez larri-larri zegoela, batzorde eragileen bilerak Madrilen egiten genituen, zer gerta ere adi egoteko eta PSOE eta UGTko kideei abisua emateko. Bi bulego genituen: bata handia eta bestea txikiagoa, "gordeagoa" alegia. Esan zigutenean jada hila zela ezkutuko bilera bat egin genuen gela txikian erabakiak hartzeko, eta beti zalantzan: zer gertatuko ote zen, kristal hautsien gaurik egongo ote zen... ez zegoen jakiterik prozesuak nora joko zuen, trantsizio prozesua bera ez zen hasia".

Periko Solabarria

Periko Solabarria lanean zegoen albistea jakin zuenean: "nik etxegintzan lan egiten nuen, Errekalde aldean. Francoren bizitza luzatzen ari omen ziren; horixe zen jendearen susmoa, bestela hila egongo baitzen ordurako. Heriotzaren berria zabaldu zenean jendea poztu egin zen, baina ez zuen inor ustekabean harrapatu, begi-bistako kontua zelako hori gertatuko zela; ezustea baino, jendearen asaldura dut gogoan, argi zegoelako era bateko edo besteko trantsizioa etorriko zela".

Sagastagoitia ere ez zuen berriak ezustean harrapatu, "iragarritako heriotza izan zelako. Burura etorri zitzaidan koplak amaituak zirela, eta gure autogobernuaren oinarriak eraikitzeko garaia zela, hau da, alderdiak eskatzen zigunarekiko gure konpromisoa berrestekoa. Eta hala izan zen".

Gauzak ez ziren egun batetik bestera aldatu, Redondok gogorarazten digunez: "Gasteizen, adibidez, poliziak greban ziren 6 langile hil zituen 76ko martxoan, eta Madrilen ere bost langile-abokatu hil zituzten eskuin muturrekoek 77an, garraiolarien greba batekin lotuta omen zeudelako. Kinka larria zen, zer pasako zen ez genekiela: frankistek, bene-benetako faxistek alegia, egoerak lehengora egitea lortuko ote zuten. Gu, gure aldetik, pentsaera demokratikoagoa zuten besterekin ari ginen harremanetan. Haietako batzuk lehengo erregimenean ibiliak ziren, baina demokrazia ekartzeko ahaleginen premia sumatzen zuten, nonbait. Horregatik esango dut hilabeteetakoa baino, hainbat urtetako prozesua izan zela. Apurka-apurka demokrazia deritzon elkarrekin bizitzeko modua finkatuz joan zen".

Herria udaletxera

1979an egin ziren frankismoaren osteko lehenengo udal hauteskundeak. Barakaldon, Josu Sagastagoitia, EAJko zerrenda-burua, aukeratu zen alkate: "Garai hartan ez zen erraza ardura politikoak onartuko zituzten pertsonak topatzea. Berme bakarra, zure herriaren alde zerbait berri egiteko gogoa zen; artean ardura politikoa ez zen ogibidea. Udaletxera ailegatu ginenean ez genuen mendekurako grinarik, gure asmo bakarra herriaren alde zerbait egitea zen, eta denok ilusioz bete ginen: funtzionario berri eta zaharrak, zinegotzi guztiak, UCDtik PCEra, HB, PSOE eta PNV barne, eta abar. Gure galdera ez zen nola ote zegoen udala, hor zegoenarekin zerbait berria nola egin baizik. Eta egin genuen, bai horixe! Udaletxea egitasmoak sortzeko makina bihurtu genuen".

Periko Solabarria ere zinegotzi izan zen lehenengo agintaldi hartan: "ni Marseillan nengoen, Castells eta Monzonekin, Txapelaren epaiketarako lekuko; halako batean Monzonek esan zidan HBk zazpi zinegotzi lortuak zituela Barakaldon, eta ia-ia alkatetzaraino ere iritsia zela. Den-dena zen berria; alkatetza EAJk eskuratu zuen eta oso hasiera ona izan zen; EAJk Gobernu Batzordeko sailak proportzionalki banatu zituen, bakoitzak bildutako boto kopuruaren arabera. Legealdirik onena izan zen, hein handi batez Josu Sagastagoitia alkatearen beraren jokaeragatik eta denok aurrera egiteko prest geundelako, ilusio handiz. Bestalde, aipatzekoa da orduko zinegotziok ez genuela ia ezer kobratzen, dieta txikiren bat salbu, eta horrek guztia garbiagoa eta gardenagoa izatea zekarren berekin. Beste ezertan hasi baino lehen, zehaztu beharra zegoen zein udalerri-eredu nahi genuen Barakaldorentzat, Francoren garaiko ereduaz oso bestelakoa. Eraikitzeari ekin aurretik arautu eta planifikatu egin behar zen; hori zela eta, hainbat arau subsidiario osatu zen. Asko planifikatu zen, eta hainbat gauza bertan behera geratu arren, ilusioa izan zen nagusi".

Arras desberdina

25 urte igaro da, eta ez alferrik. Aldaketa ugari izan ditu gure herriak, oraindik ere garai hartako aztarnek irauten badute ere (horretaz jabetzeko, artikulu honetan agertzen diren zenbait argazkiri erreparatzea baino ez duzue).
Gaur egun Barakaldoko Postetxean dagoen eskutu frankista
Gaur egun Redondo ez da Barakaldon bizi, baina askotan etortzen da gurera eta herria izugarri aldatu dela diosku: "Bai, duela egun gutxi egon naiz Barakaldon. Herriko Plazaren ingurua, Errontegi, Arrandi... baratzez beteta zegoen lehen. Oraingo Herriko Plazak berak ere ez du zerikusirik aurrekoekin. Garai hartan denok ezagutzen genuen elkar. Nik 30 urtez egin nuen lan La Navalen, eta hori ere aldatu egin da, itzela da. Lehen enpresa handiak zeuden, beste enpresa eta tailer txikiagoentzat lan asko sortzen zutenak... Labe Garaiak, General Eléctrica, La Babcock, kasu. Alde horretatik bizitasun handiagoa antzematen zen herrian. Tira, nik urtegi zaharra ezagutu dut, baita Bengolea ibaia Errekatxoraino iristen zenekoa ere... aldaketak ikaragarriak izan dira".

Eta gaur egungo gazteek, nola ikusten dituzte aldaketa horiek guztiak? Josu Sagastagoitiari egin diogu galdera: "Hori beraiei galdetu beharko. Hala ere, seme-alabak baditut eta gazteen artean mugitzen naiz, eta eurek esaten dutenez, lehen errazagoa zen Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa. Arratsaldez funtzionatzen zuten Informazio Batzordeak partehartzerako tresna politak ziren. Horrek dezente zailtzen zuen soluziobideak topatzeko prozedura, baina ziur egon modu horretara gutxiagotan tronpatzen ginela".

Gotzon Hermosilla / Txetxu Franco