| Gauza asko aldatu dira baratze-aldea zen hartatik erraiak zulatuta dituen Barakaldo honetara arte, eta gauza asko dira aurreko mendeetako gure udalerri honen historian ezagutzen ez ditugunak. Hutsune askotxo ditugu gure des-oroimen kolektiboan, eta horietako bat da euskarak Barakaldoko historian bete izan duena . |
arai aldakorrak eta lasterrak bizi ditugu. Egunero, oraingotu egiten da geroa eta badirudi oraina ere iragan dela. Aurrera begira bizi gara, atzeari so egin gabe.
Iraganaren gainean pentsatzen jarrita, ezagutzen ez dugunari orainaren itxura ematen diogu askotan. Horretara, Barakaldon erdara nagusi dela ikusita, horrela beti izan dela uste izatera jotzen da erraz asko, eta, hortaz, ez da harritzekoa entzutea hemen euskaldunak Jurasikoan izan zirela... Edota, Barakaldoko pasadizo xelebreak batzen dabilen lagun batek dioen bezala, euskara Gipuzkoatik ekarritako kontu bat dela...
Handik eta hemendik bilatuta, bi lekukotasun aurkitu ditut. Izango dira gehiago, bai noski; baina, nik astirik ez eta, hona nireak, zaletasuna eta astia daukatenentzako akuilu. Lehenengoa Bonaparteren maparen inguruko argibide batzuk, 1865. urtearen ingurukoak. Bigarrena, berriz, 1879an argitaratutako liburu bat: Ladislao de Velascoren "Los euskaros en Alava, Guipúzcoa y Vizcaya".
![]() |
| Euskalkien eremuak, Bonaparten mapan |
Antoine D'Abaddie-rekin izandako harremanei esker, piztu egin zitzaion euskararako grina, eta 1856-69 bitartean bost bidaia egin zituen Euskal Herrira. Laguntzaile-sare bat antolatu zuen Biblia euskalkietara itzultzeko, eta liburu askotxo idatzi zituen euskararen gainean. Euskal dialektologiaren lehen ikerketa zientifikoa egin zuen eta horren emaitza dira "Deux Cartes des sept Provinces Basques" (1869), euskalkien mapak, alegia. Mapa bietako bat askok ezagutzen dugu, aurrezki -erakunde ezagun batek bulego guztietan eskegita dauka eta. Lan horretan, euskalkiak aztertu, sailkatu eta bakoitzaren mugak ezarri zituen, ia hutsetik abiatuta, eta oraingo hizkuntzalariek ere ontzat ematen dute lan hori, aldaketa batzuk gorabehera.
![]() |
|
Louis LucienBonaparte |
Euskalkien mapa osatzeko, laguntzaile-sareaz baliatu zen, eta Bizkaiko euskararen egoera aztertzeko ardura Arrigorriagako Jose Antonio Uriarte frantziskotarrari eman zion. Handik hona ibili zen Uriarte eta ikusi zuen guztiaren berri emateko 200 bat gutun idatzi zizkion printzeari. Gutunak Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegian daude, baina Juan Ruiz de Larrinagafrantziskotarrak argitaratu egin zituen horietariko asko Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen buletinean, 1954, 1957 eta 1958ko aleetan, hain zuzen. Gutun bitan Barakaldoko egoera azaldu zion. Hona hemen gutunok:
Markina, 1864
Zehatz-mehatz aurkitu ditut gorentasun horrek Hizkuntz Maparako
behar zituen galdera guztien erantzunak. Barakaldon, Mespelerreka [Regato,
jatorrizko testuan] eta Retuerto auzoak erabat erdaldunak dira eta oso
arraroa da horietan euskaraz egitea; baina honako lau auzoetan: Beurko,
Burtzeña, Irauregi eta Landaburun gehienak dira euskaldunak, hizkuntza
biak dituztelako, eta gazte-gazte batzuek bakarrik ez dakite euskaraz.
San Bizente auzoan, gehienak dira erdaldunak, baina euskaldun askotxo
ere badira bertan.
Bermeo, 1866ko apirilaren 23a
Aditzera eman nahi diot gorentasun horri nahita joan naizela Barakaldora,
eta bertan jakin dut Landaburu eta Beurkoko auzoetan asko hitz egiten
dela euskaraz, eta San Bizenten ere apur bat; baina Retuerton eta abarretan
ia ez dakite. Nik neuk egin dut askorekin euskaraz. Gazteek, normalean,
gaztelaniaz egiten dutenez, hizkuntza hori bera da nagusi.
Bistan denez, Barakaldon baziren oraindik bertako euskaldunak garai horretan. baina, antza denez, hasita zegoen hizkuntza-ordezkapena, auzo euskaldun batzuk baziren ere, hainbat auzotan euskara erabat galduta baitzegoen, eta beste batzuetan gehiengoa erdalduna zen.
Azpimarragarria da gazteen joerari buruz egiten duen iruzkina: gaztelaniaz egiten dutenez, hizkuntza horixe doa nagusitzen. Argi dagoenez, gazteek hizkuntzari muzin egin eta belaunaldi bakar baten buruan euskara erabat galduta egongo zen, ez baitirudi erdaldundutako gazte horiek euren seme-alabei euskara irakasteko prest egongo zirenik. Geroagoko kontua izango zen etorkinen uholdea 1870etik aurrerakoa. Etorkin gehienak batez ere gizonezkoak eta gazteak zirenez, joera indartu eta bizkortu baino ez zen egin. Zoritxarrez, lehenagokoa zen gaitza eta, beraz, ezin kanpokoari errua leporatu.
Beste faktore batzuek sortarazi zuten arazoa, hala nola inguruko Portugalete eta Bilbo hirien eragina: merkataritza, dirua, oparotasuna bertan zeuden... eta mundu hartan erdaraz egiten zen. Gauzak horrela, erraza da nork bere miseriaren errua hizkuntzari lotzea eta euskara bazter utziz gero bizimodu hobea errazago lortuko dela pentsatzea.
![]() |
| Ladislao de Velasco |
Liburu bat argitaratu zuen 1879an, "Los euskaros en Alava, Guipúzcoa y Vizcaya", eta bertan arkeologia, etnografia eta antzinateari buruzko kontuak bildu zituen. Horretaz gain, euskaldunen estatistikak ere ekarri zituen orri haietara, eta berak eman zituen datuen balioa garaiko estatistika seguruenen artean edo daude.
Barakaldori buruzko aipu bi jaso zituen liburuan. Kontuan hartu, aipua egokiro kokatzeko, udalerria errotik aldatuko zuen gorakada demografikoaren atarian gaudela: 1860ko 2.688 biztanleetatik 4.360ra pasa zen 1877an. Hona, aipu hori:
[Ibarrezkerrean] Gutxi gorabehera, 2.000 biztanlek hitz egiten dute euskaraz, bai inguruko Bizkaiko eskualdeetatik etorriak direlako, bai, Barakaldon gertatzen den bezala, oraindik badirelako euren ama-hizkuntza gorde duten bertako zaharrak.
Oraindik badira ama-hizkuntza gorde dutenak, baina orain zaharrak dira. Euskararenak laster egingo du. Urte gutxi pasa dira Uriarteren azken bisitatik, baina horiek nahikoak dira herrian izan den hizkuntza-ordezkapena sendotzeko. Ikus azken aipua, hizkuntzaren galeraren lekukotasuna:
Duela urte gutxi, hogeita hamarretik behera [1850 inguruan], Barakaldon euskaraz hitz egiten zen gehien bat, eta 85 urteko itzal handiko gizon batek aspaldi gabe gogoratzen zuenez, bera haurra zela [1800 aldera], oraindik hitz egiten zuten euskaraz Galdames eta Gueñesko auzotarrek, Barakaldo ondoko mendialdeetan.
Bihotz-erdiragarria da aipua: azken euskaldun horietako baten oroitzapenen oihartzuna dakarkigu, hizkuntzarentzat garai hobeak zirenekoak, Barakaldo oraindik euskararen mendebaldeko muga zen garaikoak.
Ez nuke luzatu nahi, baina bi lekukotasunak aztertutakoan hiru puntu azpimarratu nahi nituzke. Batetik, ez da zerbait arrotza gure herrian: tokia izan du urte luzeetan eta bertoko biztanle askoren ama-hizkuntza izan zen. Bigarrenik, argi dago euskara ez dela gurean hain aspaldiko kontua, Barakaldo industriala sortzearekin batera joan zitzaigun zerbait baino. Azkenik, hiztunen esku dago, neurri handi baten, hizkuntza bat galtzen uztea, baina baita biziberritzea ere. Gogoratu, bestela, Artzeren esanak: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik".
Aitor Gorostiza