UDALA eta ALDIZKARIA

"ALKARGUNE"

Urriaren 9an prentsaurreko baten bidez ALKARGUNEren sorrera eta egitura horren lehenengo jendaurreko kanpaina jakitera eman zen. Bata zein bestearen nondik norakoak hauexek dira:

 

 

 

2000ko urriaren 9an emandako prentsaurrekoa
rriaren 10ean prentsan ikusi ahal izan genuen aurreko hilabeteetako prestaketek eman zuten emaitza. ALKARGUNE sortu eta euskara eta euskalduneei dagozkien hizkuntz eskubideak bete ditzala eskatu diote Barakaldoko udal gobernuari koordinadora hori osatzen duten talde euskaltzaleek.

ALKARGUNE aurtengo apirilean sortu zen, bertan dauden erakundeek, alegia, Barakaldo eta Gurutzetako AEK, EHE, Ostebi eta Sasiburuk, KONTSEILUA ren deiari erantzun ziotenean. Handik aurrera aldizka biltzen aritu dira aipatu erakundeak, elkarren informazioa emanez eta euskararen alde mugitzeko indarrak batzeko asmoz. Ez da ekimen makala ez, ezta aurrean izango den lana urria izango ere, herri honetan gure hizkuntzak pairatzen duen egoerari erreparatuz gero. Lehenengo urratsa emanda dago eta geroak esango digu koordinadora berri honek daukan potentzialtasuna noraino hedatzen den.

Lehenengo jendaurreko kanpaina esanguratsua da oso; “Barakaldon ere ofiziala da euskara” lelopean itsatsi diren kartelek barakaldar guztieei deia egiten diete banakako eskabidea betetzera. Eskabide horietan udal gobernuari euskararen ofizialtasun osoa bete dezala eskatzen zaio. ALKARGUNEak azaroaren amaiera arte jaso dituen eskabide hauek, elkarte, talde, ikastetxe, alderdi, sindikatu eta abarren artean banatu dira, batetik ekimenaren informazioa zabalduz eta bestetik sektore guztietako eskuhartzea bilatuz.

Udal aldizkari baten azala

Eskabide honetan udal gobernuak ekoizten dituen aldizkariak, boletinak, orriak eta abarretan euskararen ofizialtasuna berma dezala eskatzen da, 1982KO EUSKARAREN LEGEA betez, zehatz-mehatz , gure postontzietan sartzen dizkiguten udal inprimakiak gutxienez %50ean euskaraz idatzita egon daitezela. Hain gauza xehea eskatu behar izateak, legea onartu eta 18 urtera euskaldunon eskubideekin zerbait larria gertatzen ari dela esan nahi du. Joan al gaitezke udaletxeko edozein sailetara eta, inolako arazorik gabe, euskaraz zerbitzatua izatea eskatu? Zenbatetan, kasurik hoberenean, euskaraz eskatzeagatik denbora dexente itxaron behar izan dugu ilaran besteak aurreratzen zaizkigun bitartean? Zenbatetan jasan behar izan dugu “no te entiendo”, “no hay nadie que hable vasco”, “como no vengas otro día...” edo erantzun txarragoak? Zenbatetan gaztelaniaz aste bat betetzeko behar duen izapideak hilabete bat edo gehiago behar izan du euskaraz eskatzeagatik? Eta liburutegi, kiroldegi, udaltzaingoa eta abarretan? Euskararen izpirik ez.

18 urte igaro dira eta ez dago aitzakiarik egoera hau zuritzeko; urte hauetan guztietan ez baita izan benetako Hizkuntz Plangintzarik ezta Ordenantza edo Arautegirik ere izan, azken buruan euskararen benetako ofizialtasuna izateko beharrezkoa diren tresnak. Bitarteko hauek izaten ez diren bitartean askoz beharrezkoagoak dira ALKARGUNEk bultzatu duena bezalako kanpainak.

Jose Ignacio Herranz