Bat batean
Sonia Gonzalez
Barakaldar bat Kanadan
Baina bihotzak dio...
Nola bidaiatu Barakaldotik irten gabe
Euskalgintza
Albiste Laburrak
Nahas-mahas


 
< Euskalgintza >
Hitz egin dezagun trakeski, baina euskaraz


Askotan irakurri eta entzun dugu euskarak ahozko tradizio literario joria duela. Are gehiago, Europako beste populuenaren aldean gure literatura idatzia oso murritza izaki, ahozko literatura aberatsenetako bat dugula. Gaur egun, zail samarra dirudi halakoak sinestea. Barakaldoko kasua hartuta, nahiz eta mutur-muturrekoa izan, gaude ez ote den egunero euskara gehiago inprimatzen ("BBK" eta "ETA EZ" guztiak kontuan izanik), ezen ez hitz egiten ("kaixo" eta "agur" guztiak kontuan izanik). Dena dela, bi aldeak gehituta ere ziurrenik ez lukete iritsiko gaztelaniazko erabileraren %0.5 baino gehiago. Honekin esan nahi da, idatzizko euskara emendatzen eta hobetzen doan bitartean, ahozkoak gutxitzen eta kaskartzen darraiela, gainera bai bata bai bestea espainoltzen. Jakina, Hego Euskal Herriaz ari gara, baina gauzen norabidea ikusirik, litekeena da arazo hau gure iparraldeko haurrideei ere aurki esportatzea, haien beste arazoei gehitzeko. Izan ere, ikusten den arriskuetako bat da "EAEzentrismo" egoera honek laster jarri ditzakeela, euskara batuaren izenean, hango euskaldunak espainolezko hitzak eta esapideak erabiltzen frantsesari aurre egiteko. Zeren idatzizko material gehiena gure autonomia elkargoan produzitzen baita. Eta hemengo euskara batuaren referentzia garrantzitsu bat gaztelania da. Espainako euskara batua fabrikatzen dugu. Eta jarrera hori guztiz insolidarioa da enparatuko euskaldunekin. Guztiontzat baliagarriak diren bideak bilatu behar dira.

Barakaldo bezalako herri erdaldunetan --herri euskaldunagoen kasuaz jarduteko ez gara gu aproposak, baina egingo genuke han ere egoera gutxi-asko negargarria dutela-- gaztelania da ia guztion ama hizkuntza eta gure arteko komunikaziorako bide nagusia, baita euskaldun garenon artean ere (euskaldun guztiok erdaldunak gara). Horregatik, euskaraz egitea suertatzen zaigunean, ohitura eta praktika falta oso nabarmena da eta gauza asko euskaraz adierazteko zailtasun handia dugunez, beste zakutik (gaztelaniaren zakutik) ateratzen ditugu behar ditugunak, baita gauza oinarrizkoenak ere. Argi dago arazoa erabilera dela hemen, eta erabilera oztopatzen duen egoera. Baina demagun euskaraz egiteko aukera maiz izaten dugula (hau liteke herri euskaldunen ohizko kasua). Hortxe ditugu berriz bi zakuak, gaztelaniarena eta euskararena. Baina gaztelaniarena handiagoa da, osatuagoa, edo txikiagoa izan arren, eskaintzen dizkigu beste zakuan eskas ditugun gauzak (euskarak bere egoera diglosiko eta azpikoagatik ezin eskuratu izan dituen baliabideak). Orduan erdal zakuaren eskema eta egitura gailentzen dira, eta bestea hari gainjarrita gelditzen zaio. Euskarazkoak dituen hutsune eta urratuetan zehar azpikoa, osatuago dena, ikusi ahal izango dugu, eta ezari-ezarian bata ahulduz eta bestea indartuz joango dira, eta azkenean sendoena nagusituko da eta ahulena mozorro bat baino ez da izango, pilda bat. Horrenbestez, uste dugu bi zakuak ondo bereiztu behar direla, eta interesatzen zaigunaren zuloak saretu behar ditugu, osatu, baina ez bestearen ereduari jarraiki, eredu propioa izan behar dugu, eta badugu, bakarrik jaramon egin behar diogu, eta markatzen digun bidetik, euskal senaren bidetik, sendotu.

Egunean-egunean, beste hamaika berba espainol-aire eta erderakadarekin batera, Espainako euskaraz jarduten duenak barra-barra botazen ditu gaztelaniazko irain eta berbatzarrak: "kabroi", "marikoi", "putaseme", "porro", "pijo", "ligatu". Batek baino gehiagok esan izan du euskaraz ez dagoela hitz berderik, eta gaurko erabilerari erreparaturik ezin esan arrazoirik ez duenik. Ahozko euskara gutxitzen eta kaskartzen eta espainoltzen ari da, eta horren erakusgarri gardenena, apika, lagunartean eta kuadrilletan aurkituko dugu. Argot-hitzen, irainen, biraoen eta besteren erabilera urria da hizkuntza ahularen, garapena eten zaion hizkuntzaren erakuslea. Ahozko tradizio luze baten ondoren, euskararen ahotsa toteltzen hasia da. Euskara guztiz traketsa erabiltzen dugu, eta ez soilik herri erdaldunetan. Hiztunok gaztelaniaren, nonahiko hizkuntza sendo horren lilurari men egin diogu. Batzuen ahotan, espainoltze hori onartu beharko genuke, behinik behin lagunarteko mailan. Argot espainol baten alde, beraz. Bestetzuen iritziz, ordea, kontu gehiago egin beharko genioke garai guztietako euskaldunek utzi dizkiguten hitz herrikoi eta familiarteko mordoari. Euskara, bere historian, beste ezer baino gehiago hizkuntza herrikoia izan baita, eta haren berbeei uko eginez gero, hizkuntzari berari egiten diogu.

Azken urteotan zerrenda luzeak osatu dira herri askotako berbekin, eta kaleratu dira oso liburu interesgarriak, irainak, lokuzioak, sexu hitzak, eta abar biltzen dituztenak. Baina ematen du modu testimonialean egiten dutela eta, halako liburu baten hitzaurrean esaten zen bezala, bitxikeria gisa (museorako edo), eta ez akuilu gisa adin guztietako hiztun eta idazleek euren bokabularioetan para ditzaten horren berbatzar ederrak.

Inoiz aditu dugu Asisko Urmeneta komikilaria aitatzen gaurko euskarazko argotaren sortzailea bezala. Beharbada gehiegi esatea da. Nolanahi ere, gure iritziz, haren lanetako hizkera oso zainduta dago, eta ikusten zaio sentsibilitate handia duela gai honetan. Bide beretik sortu du ZAZPIAK BATMAN taldearekin Mantxut! bilduma, han-hemenka hartu nahiz asmaturiko euskal hitz eta esapideak pilatzen dituzten liburuxka koloretsu marrazkiez apainduak. Badute ere web orri bat ((www. argia.com/mantxut). Bertan forum bat antolatu dute, eta jendeak dakizkien lokuzio eta hitz zantarrak aportatzen ditu. Abiapuntu balekoa iruditzen zaigu euskarazko argota biltzen eta sortzen hasteko, gure hizkera likitsa indartu eta zabaltzeko. Dibulgazioa laguntzea funtsezkoa baita, eta horregatik informazioak eskuraerraza izan behar du. Dugun eta sortzeko dugun materiala lau kornerretara zabaltzeko bidea bilatu behar da, ahalik eta merkeen, komikiak, herri aldizkariak, hedabide alternatiboak, eskolak tabernak eta kaleak hartaz blaituz. Laburbilduz, bilketa lan sakona egitearen alde gaude, lan irekia eta malgua, bizia eta mugikorra, euskaldun guztion ekarpenak hartu eta Euskal Herri osorako balioko duena, frantses eta espainieraren morrontzatik libratzea helburu izango duena, baina hizkuntza horien eta beste askoren aportazioak gutxietsi gabe. Gure literatura eta ahozko komunikazioa aztertuz hitz eta espresio asko azaleratuko zaizkigu, horiek zabaldu, gaurkotu eta egokitzeko beharra ikusten dugu eta, premia izanez gero, asmatzekoa.

Geu ere hitzak asmatzearen aldekoak gara. Anti-aranismoaren apologistek kikilduta eta traumatizaturik utzi gaituzte, beldurrez, hitz bakar bat ere ezin asmaturik gaudela. Baina inbentatzen ez duen hizkuntza idorra da. Batzuek barre egiten diete "urrutizkin", "ingurrazti", "atzingi" eta gisako hitzei, eta aldi berean "hegazkin" "antzerki" eta "argazki" bezalakoak lasai asko erabiltzen dituzte. Batzuk eskumikatuak eta besteak onartuak eta zabalduak izan dira. Nork erabakitzen du? Botereak, betiere, zein ere dena. Hark ematen du ofizialtasuna eta dauka hedabideen makulua (euskararentzat hain mengela). Halere, botereak egiten duen euskarazko hitzen zabalkunde nagusia "eusko-" erroko izena daramaten enpresa eta euskal deituradun plangintza eta sail erdaldunena da. Baina kale hizkerari dagokionez, gure eredu ia bakarra Madrileko komunikabideek ekarria da, hain zuzen papagaien modura ikasten eta errepikatzen duguna. Herriak bere egiten duenak funkzionatzen baitu, eta herriak, egun, eredu bati jarraitzen dio. Komunikabideek bonbakatzen gaituzte erdal hitzekin, eta horien asimilatze masibotik inpermeabilizatzeko modua aurkitu beharko genuke. Ez dugu esan nahi kanpotik datorrenari entzungor egin behar diogunik, baina referentzia puntua lekualdatu beharko genuke, gaztelaniatik (eta beste erderetatik) euskalkietan eta beste iturri ugarietan edandako euskara batura, eta handik bueltan hiztun eta euskalki guztietara.

Gilen Mejuto

 


EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla,Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther Lafuente,Tatiana, Gilen Mejuto, Julene Moyano
Laguntzaileak: Carlos De Los Santos, Felipe, Rikardo Garzia, Jose Ignacio Herranz, Olatz Sanchez.
Maketazioa: Axier Lopez, Esther Lafuente.
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 1.600. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.