Bat batean
Sonia Gonzalez
Barakaldar bat Kanadan
Baina bihotzak dio...
Nola bidaiatu Barakaldotik irten gabe
Euskalgintza
Albiste Laburrak
Nahas-mahas


< Elkarrizketa >
Sonia Gonzalez Barakaldoko idazlea

Sonia Gonzalez barakaldar gaztearen izena hainbat komunikabidetan irakurri genduan iaz Euskaltzaindia-BBK literatur saria irabazi ebanean, poesia atalean, Sagarroiak izeneko lanagaz. Barakaldoko AEKn hasi zan euskerea ikasten baina, berak dinoan lez, batez be “bizitzeak” irakatsi deutso gure berbakuntzea. LAB sindikatuan egiten dau beharra, eta Bilboko Kalderapekon Libitum taldeagaz batera “Literatur Jazza” ekitaldien barnean eskaini eban emonaldiaren aurretik harrapau eta Euskarriko irakurleentzako galdera batzuk egin geuntsozan.

Zer dala-ta erabaki zenduan Euskaltzaindiaren lehiaketara aurkeztea?

Nik liburua eginda euki neban, eta momentuko kontua izan zan. Bialtzeagaitik bialdu neban. Gero, beharrera deitu eustienean, nik pentsetan neban deitzen eustiela esateko “beno, ez dozu irabazi baina gonbidauta zagoz sari-banaketara”, eta azkenean, esan eustienean irabazi nebala zarataka hasi nintzan, sindikatuan gora eta behera.

Noiz hasi zinan idazten?

Orain dala oso gitxi. Ez naz akordetan. Poema horreek izan dira nire lehenengo produkzinoa. Hasi nintzan beste ideia bategaz, baina handik poema batzuk kendu nituan, beste batzuk gehitu, eta esan leiteke hau dala nire lehenengo produkzinoa

Eta zergaitik hasi zinan idazten?

Nik beti gura izan dot idatzi, baina pasetan zan nik euskeraz idatzi gura nebala eta, jakina, euskeraz idazteko lehenengo euskeraz ikasi behar. Orduan, lehenengo euskeraz ondo ikasi, euskeraz irakurri be bai, eta gero... animau. Horregaitik egon nintzan aguantetan, idatzi barik. Baina nik txikitatik gura neban izan orkestra zuzendaria eta idazlea.

Ez dogu zure poemak irakurteko betarik izan, baina komunikabideetan dinoe nahiko gordinak edo garratzak dirala.

Bai, ni ados nago, eta uste dot batzuk oso garratzak dirala; beharbada, esateko modua ez, baina komuniketan dabena bai. Niri ez jat gustetan poesia oso bukolikoa, mendia, tximeletak, eguzkia... Gehiago gustetan jat sentimenduetara joaten dan poesia, eta garratza bada, hobeto.

Ipuinak edo eleberriak idazten diranean, fikzinoa egiteko aukera gehiago dagoala emoten dau, baina poesia idaztean normalean norberak bizi izandako esperientzietatik abiatzen da olerkaria. Zure kasuan hala da?

Poesian nahiko gauza berezia eta polita gertatzen da: nik uste dot poesia idazteko sentidu egin behar dozula idazten dozuna, benetan sentimendu horreek komuniketea gura badozu. Baina horrek ez dau esan gura irakurten dana benetan pasau danik. Horretan Sarrionandiak badauka bertso bat oso polita, gertatutakoaren eta oroitutakoaren arteko desberdintasunaz. Batzuetan oroitzen doguz gauza batzuk, baina azkenean ez dakigu benetan gertatu diran ala ez, edo geuk imajinatutakoak diran... Hori sentiduteko imajinau egin behar dozu eta azkenean ez dakizu zeure guzurra sinistu dozun edo benetan gertatu jatzun edo zer dan, baina zer edo zer egon behar da, bestela ez dozu komuniketan..

Eta ez deutsu bildurrik edo lotsarik emoten zure sentimenduak hain agerian izteak?

Bai, batez be holango egoera baten. Poemea idazten dozunean botaten dozu itsasora, eta gero baten batek irakurriko dau, baina zu ez zara aurrean egongo eta ez deutsu horrenbeste lotsarik emoten. Gaur, ordea, kostauko jat esan behar ditudan gauza guztiak esatea, jende aurrean biluztea.

Zer iruditzen jatzuz Literatur Jazzaren moduko esperientziak?

Holango gauzak egin behar dira. Nire ustez, poesiagaz gertatzen da gauza bat oso tristea: poesia dala danok barruan daroagun zer bat, pertsona egiten gaituena, eta hainbeste jende egotea mundu honetan sekula poesiarik irakurten ez dauana... Eta batzuetan esaten deutsue, “Niri poesia ez jat gustetan”. Zelan ez jatzula gustetan? Zer irakurri dozu? Eta ez badozu ezer irakurri, zelan jakin zeinke gustetan jatzun ala ez? Ez dogu ohiturarik. Eskolak be zerikusi handia dauka. Institutuan Garcilaso de la Vega, “El Cantar del Mio Cid” eta antzekoak erakusten ditue. Baina, nora zoaz? Emon jendeari zer edo zer hurbilagoa! Neuk ezagutzen dot jende pila bat institututik urten eta ostean inoiz irakurri ez dabenak, ez poesiarik, ez nobelarik, ez ezer. Eta pena da. Horregaitik, holango ikuskizunek balio dabe jendeagaz konektetako, erakargarriagoak dira.

Jendeari gauza hurragoak emon behar jakozala esan dozu. Eta zeuk, zeintzuk dira hurbilen dozuzen poetak?

Pila bat. Niretzat, maisua da Sarrionandia. Gero, asko gustetan jataz orain egiten diran gauzak, Kirmen Uribe, Igor Estankona, Miren Agur Meabe... Eta klasikoen artean, Aresti eta Mirande.

Emakumea eta gaztea zara. Uste dozu hori igarten dala zure poesian?

Ezinbestekoa da. Ezin da ekidin, eta ganera ahalegintzen naz eta gustetan jat nabaritzea andrea nazela, eta gaztea, baina batez be andrea nazela. Beharbada poema honeetan ez horrenbeste, baina prestetan nabilen poemetan nik uste dot askozaz gehiago ikusten dala, eta intentzino osoz.

Halandaze, zerbait prestetan zabilz?

Bai. Oraindino poema solteak dira. Liburu batek behar dau osotasuna, mezu solteak baina mezu orokorra be bai, eta ideia da liburu oso bat izatea. Nobela bat be idatzita daukat, azken errepasoa emoten nabil. Hemen Bilbon pasetan da, eta apur bat danetatik dauka, nobela baltza...

Suposetan dot behin baino gehiagotan entzungo zenduala harrigarria dala idazle euskaldun bat Barakaldokoa izatea.

Bai, baina horretaz aparte, idazten hasi baino lehenago be komentau deustie harrigarria dala Barakaldoko batek euskeraz egitea, eta gainera ondo, ze normalean Barakaldokoa zarela esaten dozunean jendea hasten da: “kai-xo-zer-mo-duz, ni-Pe-pi-to-naiz”. Ezagutzen nauen jendeak badaki zelakoa nazen eta tira, baina besteak bai, harritzen dira. Eta, egia esateko, harrigarria da. Zuk eta biok badakigu Barakaldo zelakoa dan.

Zelan ikusten dozu euskeraren egoerea Barakaldon?

Nik ez dot euskal girorik topetan, hori da problemea. Euskeraz dakien jendea badago, baina euskal girorik ez. Arrazoiak topau behar dira, zergaitiak... Barakaldoko izaerea oso berezia da. Alde batetik gustetan jat, kontraste handiak dituan herria dalako, baina beste alde batetik ez dot oso gustuko. Egia esaten badeutsut, Barakaldon ez naz askotan ibilten. Hemen, Bilbon ibilten naz, eta Barakaldotik aspaldi ez naz pasau.

 

UTZIDAZU AGINTZEN

Utzidazu agintzen,
jar zaitez nire menpe,
Laga zaitez nire ordenuetara,
Utzidazu mendez mende emakumeoi ostutako boterea
Ohean behintzat berreskuratzen.

DIPSOMANIA

Bere hitzen txanpan indarra
Bere musuen ardo gorria
Bere izerdiaren garagardo mikatza
Bere malkoen ginebra hutsa

 

Gotzon Hermosilla

EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla,Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther Lafuente,Tatiana, Gilen Mejuto, Julene Moyano
Laguntzaileak: Carlos De Los Santos, Felipe, Rikardo Garzia, Jose Ignacio Herranz, Olatz Sanchez.
Maketazioa: Axier Lopez, Esther Lafuente.
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 1.600. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.