Bat batean
Sonia Gonzalez
Barakaldar bat Kanadan
Baina bihotzak dio...
Nola bidaiatu Barakaldotik irten gabe
Euskalgintza
Albiste Laburrak
Nahas-mahas


 

< Barri laburrak >
Barakaldoko albisteak




Pobrezia albiste


Berriro ere, pobrezia albiste dugu Barakaldon. Berri-Otxoak elkarteak salatu duenez, gero eta gehiago dira Barakaldoko Udalak laguntza sozialak emateko jartzen dituen trabak.. Iaz bezala, udalak aurrekontu murritz samarra onartu zuen egoera larrian dauden barakaldarrei laguntzeko, eta aurrekontu hori amaitzen denean, eskari guztiei ezetz esaten diete, eskatzen duenaren egoera edozein delarik ere. Iaz, 332 herritar dirulaguntzarik gabe geratu ziren, eta aurten, dagoeneko, 2.850 herritarrek eskatu dute, eta mila baino gehiago geratu dira eskutsik.. Hori guztia salatzeko, ekintza ikusgarria egin zuten Berri-Otxoak elkartekoek irailaren 18an, eta udaletxearen aurrean lagun batek bere burua eskegitzeko plantak egin zituen protestaldian.

 

 

 

 

 


Baraka CF: urak arre datoz Ibaiganetik




Barakaldo CFrentzat 2002-03ko denboraldia harrotu samar etorri da, behintzat Athleticekin dituen harremanei dagokienez. Bi taldeen arteko hartuemanak batzuetan hotzak izan badira ere, aurtengoan gora egin du giro eskasak, eta Barakaldok, Bazkideen Batzar Nagusiak hala erabakita, bertan behera utzi du Ibaiganerekin zeukan lankidetza-hitzarmena.

Antza denez, arazoaren muina jokalari utzien auzian datza. Izan ere, aurten Barakaldok hiru jokalari uzteko eskatu zion Athletici, baina Bilboko taldeak erantzun omen zuen ezinezkoa zitzaiola hori egitea, eskatutako hiru jokalariak bakarrik 2.A mailako taldeetara joango baitziren utzita.

Horiek horrela, Barakaldo taldearen zuzendaritza harri eta zur geratu zen handik gutxira, utzigarri ziren hiru jokalarietatik bat 2.Ako talde batera joan bazen ere, Athleticek beste biak Euskaditik kanpoko 2.B mailako talde banari utzi baitzien, Burgosi eta Ourenseri hain zuzen.

Andoni Zubizarreta Athleticen kirol-zuzendariak adierazi duenez, beste taldeei uztekoak ziren jokalarien iritziak eta nahiak ere kontuan hartzekoak ziren. Azaldu du, era berean, ez duela uste tirabira honek Barakaldo eta Athleticen arteko harremanak erabat zapuztuko dituenik, eta Roberto Gijón Barakaldoko lehendakariak berak jakinarazi duenez, bere taldeak aztertu egingo du Athleticen DENA egitasmoa, harrobiko futbola bultzatzea helburu duena, bertan parte hartuko duen ala ez erabakitzeko.



Joxe Goikoetxea gogoan


Joxe Goikoetxea oso pertsona ezaguna izan zen Barakaldon. Irakaslea, Herri Batasunako zinegotzia Barakaldoko udaletxean, euskaltzale sutsua eta Sasiburu Barakaldoko Euskaldunon Elkarteko kide eta sortzaileetako bat. Duela hiru urte hilik agertu zen Galdakao inguruan, eta orain, Joxeren adiskideek aldizkaritxo bat argitaratu nahi dute haren omenez. Joxe Goikoetxearen biografiaz gain, senide, lankide eta lagunen lekukotasuna ere jasoko du aldizkaritxo horrek.


 

 

 

 

 

La Arboledan Golf Zelaia...


 

Diputazioak eta berak sortu duen Meaztegi enpresa publikoak argiro esan dute: epeak betetzen badira, bi ure eskas barru golf-zelai eder bat izango dugu La Arboledan.

Gauzak horrela, 2004ko urtarrilean 700.000 metro koadroko golf-zelaia erabilgarri egongo da, baten baten poltsikoa polito gizenduta, ez baita ahaztu behar obrak egingo dituzten enpresek -tartean gaur enpresaburu den Severiano Ballesteros- 13,5 milioi euro patrikaratuko dituztela.

Honelako auzietan beti dabiltza inguruka aldeko eta kontrako iritziak, eta dagoeneko mugitzen hasi dira Meatzaldeko hainbat auzoko eta elkarte, Diputazioaren proiektua begi onez ikusten ez dutenak. Salatu dutenez, golf-zelaiak buruhausteak besterik ez die ekarriko bertakoei: betidanik han larratu duen ganaduaren ibiliak murriztuko lirateke, baita egunero La Arboledara igoten diren bisitarienak ere; gainera, hor daude golf-eremura iristeko propio eraikiko diren errepide berriak; larriagoa omen da uraren auzia, golf-zelaiak bereganatu egingo bailituzke inguruko erreka, iturburu eta lurpeko zein azaleko putzuen emana, Ortuella, Abanto eta Trapagaran herrien ur-horniduraren kaltetan.

Bestalde, bat baino gehiago beldur da, ez ote zaizkion etorriko, zelaiari lotuta, bigarren etxebizitzen uholdea, Bizkaiko beste toki batzuetan gertatu den legez, La Arboleda astebururako txaletez josiz.

Ikusi beharko nola bukatzen den kontu hau.

 

...eta El Regaton, zernahi



Batek tentazioa du Errekatxo zerbaitek edo norbaitek begizkoa eginda dagoela sinesteko. Duela urte batzuk harrobien mehatxua zintzilik ibili zen Errekatxoren gainean, baina azkenean ozta-ozta lortu zen proiektu hura geldiaraztea.Oraingoan, ordea, bestelakoak datozkio hodei goibelak. Izan ere, Bilborako sarbideak autoz gainezka daudela-eta, arazoa errepide luzeagoak eta zabalagoak eraikiz konpondu nahi du Diputazioak, errepideak edonondik pasatuta ere. Horretarako Solución Sur delako egitasmoa paratu du, Errekatxo eta Argalarioko mendi-magalak ukituko lituzkeen egitasmoa, hain zuzen. Beharbada, guk geuk ere aukeratu beharko genuke: Bilbora kotxez eta ziztu batean ailegatu, edo betiko Errekatxora mantsoago baina zuhaitzen gerizpeak babestuta heldu. Gure esku ere badago, beraz.

Eta horra hirugarrena: Barakaldoko PPk ere bere proiektua aurkeztu du errekatxotarrentzat. Lehengo Labe Garaiak eraitsita, Errekatxoko urtegia ez omen da erabiliko lantegietara ura bidaltzeko. Orduan, zer egin urtegia eta bere inguruarekin? Hortxe koska! Bada, PPkoek badakite zer egin: zer eta hondartza artifizial bat, eski-pista bat, berau ere artifiziala -klima arinago eta oso bestera aldatzen ez bada, noski- eta zoo bat (esan beharrik ez dago zooak, berez, artifizialak direla). Eta Errekatxo bere horretan utziko bagenu?

 

Kultur agenda Barakaldon




Barakaldoko Udalak azken urteotan herrian egiten ziren kultur ekitaldi guztiak egitarau oso eta tajutu batean bildu ditu. Iraila eta urria bitartekoak Udako Plaza izenarekin antolatuta daude. Joan den hilean hasita, denetariko aukerak izan ditugu Barakaldon: kale antzerkia, zinea, musika, dantza, erakustaldiak, haurrentzako tailerrak... Honezkero haietako batzuk bukatuta egongo badira ere, urrian oraindik izango dugu zer gozatu. Gazte zinean, esaterako, ez galdu La huella filma, benetan fina. Kale antzerkia irailean amaitu bazen ere, Barakaldo Antzokian antzezlanak ( La lozana andaluza eta beste) eta opera saioak (Tosca...) izango ditugu.

Programatutako kultur ekitaldiak leku eta jende mota guztietara zabaldu nahian, auzoetako kultur etxeetan dantzaldiak, erakustaldiak eta hainbat gai interesgarriri buruzko hitzaldiak egingo dira.


Guardia Zibilak badu bere koartela eraikitzeko udal baimena




Aurreko zenbaki batean Guardia Zibilak Barakaldon superkoartel bat eraikitzeko zerabilen asmoaren berri eman genuen. Tira, batzuetan administrazioaren bide malkarrak autobia zuzen eta peajegabea bihurtzen dira, eta Benemeritak badu, dagoeneko, gure udalaren baimena (beharrezkoa ote zitzaien eskatzea?).

Koartel berriak 5000 m2 -ko orubea beteko du, Galindo ibaiaren isurguneko ertzean (ez nahastu, arren, gure ibaiaren izena Intxaurrondoko Galindotar malapartatu harekin). Duela mende batzuetatik hona, leku horri eta bere inguruari Desierto de Barakaldo esan izan diogu hemengook. Eta izen berarekin ezagutu zuten gurera hurbildu izan ziren atzerriko bidaiariek.

Hona zer ikusi zuen gure Desertuan Guillermo Humboldt alemaniarrak, 1801ean: “En el camino de Bilbao a Somorrostro no se puede olvidar el Desierto. Esta pequeña península que forma el Ibaizabal, donde se vierte un pequeño arroyo de montañas, el Galindo, es uno de los puntos más encantadores de toda España...”. 1971n, Jovellanos Espainiako erregearen ministroa ere lilaturik geratu omen zen leku hura ikusita: “...el Desierto, situado entre dos brazos de la ría de Portugalete; todo bien cercado; con bosque; una bellísima vega...”.

Ikusten denez, orain ez bezala, Barakaldoko Desertu aldea idilikoa zen, berde-berdea... Bada, hemendik aurrera, ez dakigu idilikoa izango ote den, BAINA KANPOKO BESTE “BISITARI” BATZUEI ESKER SEKULA BAINO BERDEAGOA IZANGO DUGU. BAI BERDEA!

 


EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla,Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther Lafuente,Tatiana, Gilen Mejuto, Julene Moyano
Laguntzaileak: Carlos De Los Santos, Felipe, Rikardo Garzia, Jose Ignacio Herranz, Olatz Sanchez.
Maketazioa: Axier Lopez, Esther Lafuente.
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 1.600. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.