Bat batean
Sonia Gonzalez
Barakaldar bat Kanadan
Baina bihotzak dio...
Nola bidaiatu Barakaldotik irten gabe
Euskalgintza
Albiste Laburrak
Nahas-mahas


< Erreportaia >
Barakaldar bat Kanadan


Beurko auzoan, aluminosiak jotako etxeak botatzeko lanak hasi dira. Bederatzi urte igaro dira lehenengo istripua gertatu zenetik, eta hala ere, badirudi auzotarren arazoak ez direla behingoan konponduko. Oraindik badago askatu beharreko korapilo ugari: adibidez, auzotarrak non sartuko dituzten lanek irauten duten bitartean. Urrian amaituta egongo ei dira Lasesarre aldean egingo dituzten 112 etxeak, eta horrek apur bat arinduko du arazoa, baina ez du problema osorik konponduko. Urte askotan Beurkoko auzokideek bizi izandako


Bidaia hau ez da agentzian hasten diren horietariko bat. Hasi, Eusko Jaurlaritzaren bulego-kantoietan hasi zen. Iazko udan maletak egin, eta beste 50 euskaldunekin batera Kanadara agertu nintzen, hilabetez ingelesa ikasteko bekadun.

Bidaia bati ekiterakoan egin ohi dugun bezala, horra joango garen lekuari buruzko datu-biltze labur bat mapa eta guzti, denon kultura-apurrak gizentzeko bada ere.

Kanada munduko bigarren herririk zabalena da. Hogeita hamar milioi biztanleak hamar probintziatan sakabanatuak daude (edo bilduak, ez dakit zer esan). Niri Ontario probintziako familia batekin bizitzea egokitu zitzaidan. Orain, bada, badakizue non bilatu beharko ninduzuen maparen luze-zabalean: Ontario probintzian, Kanadako erdian gutxi-gorabehera, hantxe baitago Ontario. Tira, egia esan ez nintzen erdi-erdian egon, Kanada “bakarrik” 10 probintziak osatuta baitago, egin kasu nolako probintziak diren. Izan ere Ontarioko hiriburua bera, Toronto, Quebecen ondoan dago, “Laku Handien” ibarretan.

Seguru asko, Kanadaz pentsatzen hasita, irudi batzuk datozkigu gogora: zaldizko polizia, elurra, mendiak, hartzak eta amaigabeko basoak. Bai, badago horrelakorik, baina bestelakoak ere bai, eta arlo guztietan. Aipatu dugun iruditegi horrekin batera, Kanadan industria ere badago, etxe-orratzak eta 500.000 biztanletik gorako hiriak, gehienak Laku Handien eta San Lorentzo ibaiaren bitartean. Klima bera era aldatu egiten da leku batetik bestera; ni egon nintzen bitartean, esate baterako, tenperaturak ez zuen behin ere 22 gradutik behera egin, eta 30era ere igo zen batzuetan: Ez nintzen bada, beltzaran jarri, manga motzetan ibiliz!. Esan bezala, nik usainik ere ez nien hartu hartzei.

Orain, egon nintzen hirira hurbiltzeko parada izango dugu, Markham-era hain zuzen. Hasi aurretik aitortu beharko dut ez dudala Kanadaren deskripzio zehatzik egingo, aukera gutxi izan bainuen han-hemenka ibiltzeko. Bai ordea, hiri arrunt baten eguneroko gora-beherez ohar batzuk eguneroko gora-beherez ohar batzuk emango. XIX. mendeko hasieran britaniarrek inguru hura kolonizatu zuten, eta garaiko eraikuntzek irudi bitxia ematen diote oraindik ere hiriko erdiguneari. Harrezkero hiria hazi eta zabaldu egin da, noski, eta 140.000 bat lagun bizi dira bertan. Ondorioz, arkitektura ere aldatu da fundatu zenetik hona. Esan liteke antza handia duela maiz ikusten ditugun EEBBtako telefilmeetako hiri askorekin: parke ugari, benetan aproposak paseatu, txirrindulaz ibili edo kirola egiteko. Etxeak familia bakarrekoak dira, horregatitk hainbeste kale eta errepide hiriko bazterrak uztartzeko eta kotxea erabili “beharra” bertan ibiltzeko. Izan ere, nahiz eta biztanle askorik ez izan, tamaina bereko gure hiri batek baino askoz leku zabalagoa behar dute: kaleak, etxeak, parkeak nonahi... Txukuna bezain aspergarria, labur beharrean. Besterik ezean, bertako gazteak Markhameko merkataritza-zentru ugarietara joaten dira arratsalde-pasa eta dibertitzera (gure Max-Center eta abarrekoetan gertatzen denaren iragarpena ote?) edo, besterik gabe, asteburuan kotxea hartu eta Torontora jo, 30 minutu eskasera dago eta. Dena den, hango jendeak lar etxekoiak dira, beraz ezin esan parrandarako lekurik onena denik.

Centre Island (Toronto)


Etxean ere eguneroko bizimodua nahiko amerikarra da, gureaz oso bestelakoa beste aldetik. Otordu kontuetan, esate baterako, gosari ondo fuertea egiten dute (zukua, kafea, labore-malutak, gailetak, ogi xigortua, esnea edo tea...). Hamaiketakoan, sandwitxa eta fruta... Eta arratsaldeko 6ak eta 8ak bitartean, afaria, berau ere ugaria: haragia edo arraina, barazkiak eta postrea. Igarri duzuenez, oso ordutegi ezberdina erabiltzen dute gure aldean: goizean-goiz altxa eta goiz ere oheratu. Horri gehitzen badiogu Kanada eta Euskal Herriaren artean 6 orduko aldea dagoela, ulertuko duzue lehen egunetan behi galdu baten antzera nenbilela.

Ez dira otorduak moldatzeko ahalegina eskatzen diguten gauza bakarrak. Beste batzuk ere badaude: Kanadako dolarrak 0’653 € balio du(lehengo 109 pta. inguru), baina erosten den edozein gauzari prezioaren barne ez dagoen %15eko zerga erantsi behar zaio, hau da GST (Good and Services Tax) -gure BEZaren baliokidea- eta PST (Provincial Sales Tax). Beraz, zerbait erosterakoan ondo egin kontuak.

Niagara herria


Beste ohartxo bat: Europatik tresnatxo elektrikoren bat eramanez gero, izan kontuan Kanadako argindarra 110 V-koa dela. Ez ahaztu, bada, poltsikoko trasformagailu bat.

Ene, ia ahaztuta nuen beste gauza bat, kanadiarrek estatu batuarrekin konpartitzen duten erretzaileen kontrako gudua! Horri buruzko arauak EEBBetakoak bezain estuak ez badira ere, tabakorik gabeko guneren batean pipatzen harrapatuz gero, kearekin batera 2000 dolarreraionoko isuna ere sar dezakezu kolkoan. Gainera, tabakoa garesti-garestia da, eta ezin duzu erosi 19 urte baino gutxiago baduzu... “Bizioak” dakarren kaltearekin segituz, edatea ere ez da hemen bezain librea: eta horretan ere zorrotzagoak dira. Batek baino gehiagok ziega baten arindu behar izan du “atxurra”.

Bukatzeko topikoa eta ikusia bezain ederra den leku baten oroitzapena etorri zait gogora: “Niagara Falls” (bai, asmatu egin duzue: Niagarako ur-jauziak). Benetan ikaragarriak. Marilyn Monroeren “Niagara” filmean bezalaxe, geu ere ur-jauzien barna sartu ginen, horretarako dauden untzietako batean, soinean zira bat jantzita, ur gainetan sortzen den lanbro-modukoetatik langar etengabea dariolako...

Bueno, nire ibilalditxo hau amaitzear dago, eta ordenagailua itzali baino lehen, horra agur bat zuek guztioi eta, nola ez, Kanadan egin nuen adiskide bati, nori eta barakaldar bati: Gontzal, bazekinat hau irakurtzen ari haizela, heuretzat besarkada handi hau. Ondo izan.

Tatiana

EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla,Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther Lafuente,Tatiana, Gilen Mejuto, Julene Moyano
Laguntzaileak: Carlos De Los Santos, Felipe, Rikardo Garzia, Jose Ignacio Herranz, Olatz Sanchez.
Maketazioa: Axier Lopez, Esther Lafuente.
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 1.600. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.