Bat batean
Sonia Gonzalez
Barakaldar bat Kanadan
Baina bihotzak dio...
Nola bidaiatu Barakaldotik irten gabe
Euskalgintza
Albiste Laburrak
Nahas-mahas


< Erreportaia >
...baina bihotzak dio


Seguru asko, zure lagunen artean egongo da bat baino gehiago, Barakaldokoa izan arren, Barakaldotik kanpo bizi dena. Batzuk aldameneko herrietara joan dira, Uribe Kostara edo Arratiara; beste batzuk, ordea, urrunagoko parajeak aukeratu dituzte, eta bat baino gehiagok atzerrian topatu du habia. Lanik ezak bultzatuta, bikotekidea kanpokoa delako edo, besterik gabe, Barakaldotik ihes egin guran, asko dira gure herritik alde egin duten gazteak. Euskarrik horietako batzuekin hitz egin du.

 

José Ángel Castrillo, 38 urte. Hamarkada bat baino gehiago darama kanpoan.

Noiz, nora eta zergatik alde egin zenuen Barakaldotik?

Barakaldotik atera nintzen orain 12 urte eta, espero ez banuen ere, seigarren urtea beteko dut Madrilen. Agruminsan egiten nuen lan, baina 90eko hamarkadako meatzaritzaren krisia zela eta, lana topatzea zaila zen, horregatik joan nintzen.

Barakaldoko gazte askok alde egin du Barakaldotik. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori?

Nire ustez bi arrazoi nagusi daude: alde batetik jendeak alde egiten du bizimodua ateratzeko, hau da lan faltagatik, eta bestetik gatza delako pisu bat topatzea, alokairuan bada ere; egia esan, etxebizitza dela eta, Madrilen ere txakurrak oinutsik, ez pentsa. Dena den oso erakargarria da errutinatik ihes egitea, horrek ere eragina du, beharbada zure herritik kanpo erabat bestelakoa den zerbait aurkituko duzulakoan.

Barakaldora etortzen zarenean, aldatuta ikusten duzu? Zeintzuk dira aldaketarik nabarmenenak?

Barakaldora noiz behinka etortzen naiz, irakasle naizenez oporraldiak aprobetxatzen ditudalako Madriletik ihes egiteko (beraz, ez dago paradisurik inon). Azken boladan, Barakaldora agertzen naizen bakoitzean herriaren itxuraren aldaketak ematen dit atentzioa gehien bat, seguru asko kanpoan luze egon den edozein barakaldarri gertatzen zaion moduan. Dena den, hona etortzen naizenean, betiko lagunekin ibiltzen naiz, gehienak nire garaikoak, eta, zerk erakarriko nau Barakaldotik, lagunminak eta etxekoak ez badira? Herriko aldaketak direla eta, oro har, zaila egiten zait gainontzeko jendearen aldaketetan erreparatzea: egin kontu, Barakaldo hiri txiki bat den aldetik, bizimodu berri batzuk ikusita ditut nolabait hiri erraldoia den Madril batean.

 

Marta, 33 urte. Orain 2 urte Larrabeztura alde egin zuen.

Noiz, nora eta zergatik alde egin zenuen Barakaldotik?

Barakaldotik orain dela bi urte alde egin nuen. Larrabetzura bizitzera joatea erabaki genuen herri euskaldun txiki baten giroa gustuko dudalako (nahiz eta gero eta gehiago hazten ari den, batez ere bilbotarrez beteta dago). Azken finean giro aldaketa bat behar nuen.

Barakaldoko gazte askok alde egin du Barakaldotik. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori?

Nire ustez, gehienek Barakaldotik alde egiten dute hemengo pisuak oso garestiak direlako, izatez gero eta garestiago daude. Hau dela eta, irtenbide bat izan daiteke beste eskualde batzuetara jotzea, pisuak merkeagoak dira eta bizi-kalitatea, berriz, hobea. Beste alde batetik dirua daukatenek nahiago izaten dute etxe edo pisu bat erosi beste leku lasaiago eta politago batean.

Gainera, gaur egun zenbat gaztek erosi ahal dute pisu bat Barakaldon estu-estu bizi barik??

Barakaldora etortzen zarenean, aldatuta ikusten duzu? Zeintzuk dira aldaketarik nabarmenenak?

Bai, aldaketak ikusten ditut baina hirigintzaren ikuspuntutik soilik. Egia esan, astero pasatzen naiz Barakaldotik familia eta lagunak han ditut eta. Barakaldoko giroak eta jendeak era berean jarraitzen dute, baina gehiago disfrutatzen dituzu eguneroko kontua ez bada.

 

Hilario Bilbao, 39 urte, irakasle aritzen da Algecirasko institutu batean.

Noiz joan zinen Barakaldotik, eta zergatik?

1988an joan nintzen lehenbiziko aldiz, Logroñon ordezkapen bat egitera. Gaztelan ere ibili nintzen, eta, azkenean, Andaluzian lanpostua lortu eta hara joan nintzen.

Zure ustez, zergatik alde egin dute horrenbeste gaztek Barakaldotik?

Gogoratu behar da 80ko hamarkada oso gogorra izan zela Ezkerraldean. Birmoldaketa izugarria egon zen, eta nire belaunaldiko jendearentzat alde egitea beste irtenbiderik ez zegoen. Nire belaunaldiko gehienak kanpoan daude, Estatu osoan, Europan zein Ameriketan. Dena dela, nire ustez, hainbat lotura apurtzeko eskubidea eduki behar dugu, batez ere, lotura fisikoak, eta nomadismoaren kontzeptua aldarrikatu behar dela uste dut. Zure sorterria, kasu honetan Euskal Herria, barruan daramazu, horren falta sumatzen duzu, eta hori ere, nire ustez, ona da. Izan ere, nire herriarekiko lotura beste motakoa da, sentimenduzkoa eta ideologikoa, eta lotura hori leku guztietara daramat.

Barakaldora etortzen zarenean, zeintzuk dira nabaritzen dituzun aldaketarik aipagarrienak? Zelan ikusten duzu herria?

Herriaren egoerak txarrera egin duela uste dut. Jendearen artean geldikeria izugarria dagoela iruditzen zait. Egunero gauza berdinak egiten dituzte, euren rolak onartu dituzte eta hor geratu dira, geldirik.

 

Nerea Baz Tadeo, 29 urte. Gaur egun Bartzelonan bizi da..

Noiz joan zinen Barakaldotik, eta zergatik?

1995ean Ibizara joan nintzen. Herritik ateratzen nintzen lehenengo urtea zen, eta hurrengo urtean hara joan nintzen, bizitzera. Herria atzean utzi nahi nuen, jende desberdina ezagutzeko, bizimodua aldatzeko eta Barakaldok eskaintzen ez dituen beste gauza batzuk topatzeko.

Zure ustez, zergatik alde egin dute horrenbeste gaztek Barakaldotik?

Alde batetik, gaur egun erraztasun handiagoa dago bidaiatu eta beste lekutara joateko. Beste aldetik, Barakaldoko egoerak txarrera egin duelako. Barakaldok ez du aukera handirik ematen, aisialdian, kulturan, lanean... eta gazteek beste kezka batzuk dituzte, herrian ezin gara daitezkeenak.

Barakaldora etortzen zarenean, zeintzuk dira nabaritzen dituzun aldaketarik aipagarrienak? Zelan ikusten duzu herria?

Batez ere, ikusten ditudan aldaketak etxe berriak, zenbait alderditan egin dituzten lanak eta antzekoak dira. Horrez gain, deigarria iruditzen zait zenbat jende dabilen kalean. Jende larregi dagoela iruditzen zait, eta gehienak adinekoak dira. Giro eskasa dago, mugimendu gutxi, eta ondo pasatzeko leku interesgarri gutxi.

 

Kepa, 30 urte. Orain 8 urte joan zen Barakaldotik

Noiz joan zinen Barakaldotik?

Joan, 1998an joan nintzen, Erdialdeko Amerikara. Hango herri asko ibili nituen (Mexiko, Honduras, El Salvador...), baina batez ere Guatemalan egon nintzen. Bertan laguntzaile jardun nuen GKE batentzat, elikagaien tratamendurako proiektu batean. Kimikaria naiz, eta egoki ikusi ninduten horretarako. Zoritxarrez, proiektuak porrot egin zuen, eta bestelako lanetan aritu eta gero, CPR delakoetan (Comunidades de Población de Resistencia) ere lagundu nuen.

Eta noiz itzuli zinen Barakaldora?

2002an itzuli nintzen, baina handik gutxira berriro alde egin nuen, eta hainbat lekutan ibili ondotren (Kanarias, Irlanda...), aurten berriz ere bueltatu naiz Barakara. Harrezkero, hemen nauzue.

Zergatik alde egin zenuen Barakaldotik?

Garai hartan, nire inguruko adin bereko jendea bizimodua ateratzearren joaten zen gehien bat. Nik, ordea, banuen lana, eta bakarrik bizi nintzen. Ezin esan, bada, diru arazoengatik alde egin nuenik. Barakaldo bera egiten zitzaidan itogarri, gogaituta nengoen hemengo bizimoduaz eta egunerokoaz. Beraz, aurreztuta neukan dirua bildu eta ospa egin nuen herritik.

Dena den, oro har, uste dut lan faltaz gain, bestelako arrazoiak ere badaudela , gazte jendea kanpora bultzatzen gaituztenak: hain latza eta estugarria den giroari ihes egitea; familiak eta bestek batzuetan egiten duten presioa...
Bestalde, ez da ahaztu behar,nire ustez, barakaldar asko leku askotatik etorritako etorkinen seme-alabak garena, eta beharbada, maiz ez dugu sentitzen erro sakonik dugunik gure jaioterrian. Hala ere, kanpoan zaudela, azaleratu egiten duzu zure euskalduntasuna, ia ohartu barik.

Hona etorrita, aldaketarik sumatu duzu herrian? Nola ikusten duzu?

Guatemalatik bueltan kostatu egin zitzaidan hemengora berriro moldatzea. Hemen, ipar aldeko beste leku askotan bezala, nik uste, nahiko itxiak gara beste tokietako jendearen aldean, eta oso kostata adierazten dugu gure baitan duguna edo sentitzen duguna.

Gainera, inpresioa dut orain lan eta diru gehiago dabilela hemen, eta europarragoak garela, zentzu txarrean. Lehengo balore batzuk epeldu egin dira, makaldu, ia-ia galtzen doaz: elkartasuna, besteekiko konpromisoa...

Baina tira, dena ez da txarra. Hemen, Estatuko beste leku askotan baino askoz aurreratuago gabiltza zenbait alorretan, adibidez lan-baldintzei edo emakumearen egoerari dagokionez... Azken batean, kanpora ateratzeak lagundu egiten dizu zeurea, Euskal Herria, baloratzen.


Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco

 


EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48900 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla,Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther Lafuente,Tatiana, Gilen Mejuto, Julene Moyano
Laguntzaileak: Carlos De Los Santos, Felipe, Rikardo Garzia, Jose Ignacio Herranz, Olatz Sanchez.
Maketazioa: Axier Lopez, Esther Lafuente.
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 1.600. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.