Bat batean
Benito Lertxundi
Pobrezia Barakaldon
Almudena Cacho
Euskalgintza
Barakaldo FC urteurrena
Albiste Laburrak
Bertxoko
Ibarreta-Zuloko
Nahas-mahas


 
< Zuloko Ibarreta >
Ibarraren akabera?


Euskarri aldizkarian behin baino gehiagotan agertu da Zuloko eta Ibarretako auzia, eta aurreko zenbaki batean gai horri buruzko erreportaje luzea argitaratu genuen. Harrez geroztik, ordea, gauza asko gertatu da, batez ere Ingurumen Ministerioak lanak gelditzea agindu zuenetik. Artikulu honetan, gaur egun gauzak zertan diren argitzen saiatuko gara.


Udaletxean egindako protestaldietako bat

Joan den urtarrilaren 19an, Zuloko eta Ibarretari buruzko auziaren norabidea erabat aldatu zuen albistea ailegatu zen komunikabideetara: Espainiako Ingurumen Ministerioak, Kosta Zuzendaritzak hain zuzen, Ezpitsua plataformaren eskariak aintzat hartuta, Zuloko eta Ibarretan ikerketa bat egitea erabaki zuen, mareak noraino ailegatzen ziren zehazteko, eta, beraz, azterketa horiek egin bitartean lanak gelditzea eskatu zuen. Ez da garrantzi txikiko kontua azterketarena: izan ere, legeak agintzen du kostaldetik ehun metrora alde babestua dela eta bertan ezin dela ezer eraiki: beraz, azterketa horren ondorioz kostaldea Erreka-Ortura ailegatzen dela ikusiko balitz, handik ehun metrora alde babestua izango litzateke eta Megapark izeneko egitasmoa bertan behera geratuko litzateke.

Ezpitsua plataforma ekologistak pozik hartu zuen albistea, baina udalaren ordezkarien erreakzioa segituan ailegatu zen: alkateak berak iragarri zuen Megapark egitasmoak aurrera egingo zuela kosta ahala kosta, ez zituztela lanak geldituko, eta mehatxu egin zuen Ingurumen Ministerioari indemnizazioa eskatuko ziotela; orotara, 24 milioi euro. Foru Aldundia ere polemikaren zurrunbiloan sartu zen: Barakaldoko Udalak hala eskatuta, Ibarreta-Zulokoko sailkapenari buruzko txosten teknikoa egin zuen, eta bertan agertzen denez, hango zorua “urbanotzat” jo zuten. Horrek esan nahi du babestutako aldea 20 metrokoa izango litzatekeela, eta ez lehen aipatu ditugun ehun metroak. Beraz, txosten horren arabera, ez legoke eragozpenik Megapark egitasmoa abian jartzeko. Txosten hori zela-eta, polemika mikatza sortu zen Juan Cruz Nieves Hirigintza Diputatuaren eta Rafael Carriegas Barakaldoko PP-ko zinegotziaren artean, eta Ezpitsua plataformakoek ere euren haserrea eta desadostasuna agertu zuten. Bitartean, Barakaldoko Udalak orain arteko jokabideari eutsi zion eta ezer gertatuko ez balitz bezala pausoak ematen jarraitu zuen. Otsailaren 28an, esaterako, jakin genuen Gobernu Batzordeak Ibarreta-Zulokon hotel bat eraikitzeko baimena eman zuela.

Martxoaren 9an, ordea, auziak beste norabide bat hartu zuen. Kosta Zuzendaritzak azterketa amaitu zuen, eta txostenaren arabera, Zuloko eta Ibarretako zorua urbanoa da. Beraz, babestu beharreko aldea 20 metrora murrizten da. Horrek, jakina, Megapark proiektuaren bermea eta ibarraren suntsidura ekarriko du.

Ezpitsua plataformaren arabera, Kosta Zuzendaritzak sekulako presio politikoak jasan ditu, eta azkenean ez dira ausartu beste erabaki bat hartzera. Ezpitsuako kideek helegiteak aurkeztuko dituzte, baina helegiteon inguruan erabaki bat hartzen den bitartean, lanak ez dira geldituko. Gauzak dezente aldatzen ez badira, Barakaldoko azken gune naturalaren akaberaren aurrean egon gaitezke.

Aferak badu beste aurpegirik, ekologikoaz gain. “Ikea ez, parke publikoa bai” dioten kartelak agertu dira berriro ere Barakaldoko hainbat denda eta saltokitan. Izan ere, Ikea eta Megaparken kontra daudenen arrazoiak ez dira soilik ekologikoak: egitasmoa gauzatuz gero, Barakaldoko dendariek sekulako kolpea hartuko lukete eta denda asko eta asko ateak ixteko zorian egongo lirateke. Zuloko eta Ibarretaren inguruko polemika berpiztu egin dela ikusita, dendariek ere euren ahotsa entzunarazi nahi izan dute. Dena dela, gauzek azken egunotan hartu duten jitea ikusita, zerbait gehiago beharko da Barakaldoko Udalaren egitasmoak geldiarazteko.


EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48901 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther La Fuente.
Laguntzaileak: Carlos de los Santos, Felipe, Rikardo García, Jose Ignacio Herranz
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.