Hala zioen
“San Simon eta San Judas” kanta ezagunak.
Eta Barakaldon, zein da gaurko egoera sozio-ekonomikoa?
Pobre ala aberats bizi gara? Atzean geratu da 80ko hamarkada,
krisi ekonomikoa, industria eraispena, Labe Garaiak
itxi beharra eta langabezia-tasa izugarriak. Baina horrek
ez du esan nahi egun esne-mamitan bizi garenik. Arazoa
sakon aztertzen saiatu gara artikulu honetan.
Berri-Otxoak taldearen arabera, gaur egun 16.000
lagun daude Barakaldon pobrezia egoeran. Familien
% 10 pobrezia egoera larrian daude, eta % 35ek problemak
dituzte hilearen amaierara diru estuasunik gabe heltzeko.
Kasu askotan, egoeraren larritasuna lanaren ezegonkortasunetik
eratortzen da: izan ere, 15.000 barakaldarrek behin-behineko
kontratua daukate, horrek dakarren guztiarekin. Datu
hotzak dira, zenbaki soilak; baina datu horien atzean
errealitate gordin eta ankerra ezkutatzen da, lagun
askoren drama partikularra.
Barakaldo herri langilea izan da, Labe Garaien arrimuan
hazi dena. 80ko hamarkadaren krisiak gogor kolpatu
zuen gure herria, eta jende askok Barakaldotik alde
egitera behartuta ikusi zuen bere burua. Herritarren
ihesaldia ez da oraindik eten, eta 100.000 biztanleren
mugarri hura gero eta urrunago ikusten da.
Horren aurrean, Barakaldoko udalak laguntza sistema
bat jarri zuen abian, baina sistema horrek gabezia handiak
ditu. Diru-partida bat bideratzen du udalak horretarako
(azken bi urteotan 330.556 eurokoa izan da, 55 milioi
pezeta), baina diru-partida hori ez da nahikoa Barakaldon
dauden beharrak asetzeko, eta horregatik, uda ailegatu
orduko dirua agortu egiten da eta geroztik egiten diren
eskari guztiak atzera botatzen dituzte, dirulaguntza
jasotzeko baldintza guztiak bete arren. 2001. urtean,
esaterako, beharrezko baldintza guztiak betetzen zituzten
150 familiari dirulaguntza ukatu zieten arrazoi sinple
batengatik: dirua agortua zen.
Dirulaguntzen arloan eta, orokorrean, bazterketa
sozialaren kontrako lanean eskarmentu handia duen
Berri-Otxoak elkartearen arabera, pobrezia ez da soilik
kalean bizi diren eskaleen kontua: “Pobreak
askoz gehiago gara Barakaldon. Demagun zure oinarrizko
beharrak beteta dauzkazula, baina garbigailua izorratzen
bazaizu, ezin duzula konpondu. Horri “pobrezia
estrukturala” esaten zaio, eta horretan jende
pilo bat sartzen da. Hori da, esaterako, gurasoen
etxean bizi diren hainbat eta hainbat gazteren egoera.
25 edo 30 urte edukita, gurasoen etxetik alde egin
nahi eta ezin baduzu, argi dago zu ez zarela pobrea
gurasoekin bizi zarelako, baina bakarrik biziko bazina
eta hilero alokairua, janaria, argia... ordaindu beharko
bazenu, munduko pobrerik pobreena izango zinateke.
Edo, beste adibide bat jarrita, argi dago zenbait
auzotan, Karmenen esaterako, jendearen bizitza-kalitatea
erdigunean baino askoz txikiagoa dela. Guk uste dugu
batzuetan txirotasunaren irudi nahiko folklorikoa
dagoela, eta benetako pobrezia sakonagoa eta hedatuagoa
dela”, Berri-Otxoak-eko kide den Gorka Garzia
Jaioren esanetan.
Berri-Otxoak elkartearen ustez, udalak bideratzen
dituen dirulaguntzak ez dira nahikoak: “iaz,
esaterako, Barakaldoko udalak mila milioiko superabita
eduki zuen, eta horrek esan nahi du gizarte arloan
beste politika bat egin daitekeela eta horretara bideratzen
den dirua ere gehiago izan daitekeela. Aldi berean,
150 familia inguru dirulaguntzarik gabe geratu ziren
horretarako beharrezkoak ziren paper guztiak eginak
zituzten arren, eta arrazoia izan zen aurrekonturik
ez zegoela. Gainera, kontuan hartu behar da normalean
ez dela eskatzen den dirulaguntzaren % 100 jasotzen;
% 75 ematen dute normalean, eta hortik aurrera zeuk
lortu behar duzu. Gure ustez, laguntzek gastuen %
100 jaso beharko lituzkete, batez ere etxebizitza
bezalako premiazko beharretan, jendeak bere esparru
propioa edukitzea behar-beharrezkoa baita”.
|
Zuloko-Ibarretan eraikitzen ari diren dorre erraldoiak |
Kasu batzuk bereziki larriak dira: “euren larritasunagatik
publikoki salatu ditugun kasu guztiak emakumezkoenak
izan dira, bikote bat izan ezik. Askotan familia monoparentalak
etortzen zaizkigu, seme-alabak dituztenak baina laguntzarik
jasotzen ez dutenak, edo hurrengo hilean etxetik bota
behar dituztela, edo lonja batean bizitzen daudenak...
Horrelako kasuetan gure medioak ateratzen ditugu,
eta salatzen ditugu. Kasu larri horietan prentsari
garrantzi gehiago ematen diogu, baina beti ere oinak
lur gainean edukita. Ekintza ikusgarriak ere egiten
ditugu; adibidez, oso ezaguna izan zen udaletxean
biluzik jarri ginenekoa. Batzuetan badirudi horrelako
ekitaldi ikusgarriak pailazokeriak besterik ez direla,
eta guk ere batzuetan zalantzak izaten ditugu horrelako
kontuak oso mediatikoak direlako, baina beno, guk
badugu gure lan egiteko era, eta horretan komunikabideek
ez dute eraginik izaten”.
Izan ere, Berri-Otxoak elkartea ezaguna da horrelako
ekintza ikusgarriei esker, baina bere historia askoz
luzeagoa eta sakonagoa da. Herriko egoerak bultzatuta
sortu zen: 80ko hamarkadan, krisiaren garaian, herritar
batzuk hasi ziren laguntza sozialak eskatzen, nor
bere aldetik, eta euren artean hitz eginda konturatu
ziren kasu askotan legea gizarte langileek egiten
zuten interpretazioa baino zabalagoa zela. Egoera
horri aurre egiteko sortu zen Berri-Otxoak elkartea.
Gasteizen antzeko esperientzia bat zegoen, eta horren
eraginez, dirulaguntzen gaineko informazioa emateko
bulegoa zabaldu zuten. Gaur egun, bulegoa 22 de enero
kalean dago, San Bixonte elkartearen lokaletan, astelehenero
goizeko 11etatik ordu 1etara: “jendea joaten
da, batzuetan bi lagun, hiru, bost, eta beste batzuetan
hamaika edo hamabi. Noizean behin publizitate kanpainak
egiten ditugu, eta kartelak jartzen ditugunean, hurrengo
asteetan biltzen da jende kopururik altuena. Lau bat
urte igaro dira bulegoa zabaldu genuenetik, eta hortik
600 bat pertsona pasatu dira”.
Gure herrian pobrezia egoera larri ugari dago eta,
hala ere, inoiz baino hobeto bizi gara batzuen ustez:
Barakaldo itxuraldatzen ari dira, luxuzko pisuak eraikitzen
dituzte... Ez da kontraesanez betetako egoera? “Barakaldoko
erdigunetik ibiltzen bazara bai, polita da, eta Foru
Pasealekuko etxe hori egiten dutenean itxura ederra
izango du, baina atzean beste errealitate bat dago.
Kasu askotan, ondo jantzita edo makillaturik doan
pertsona baten atzean, etxean, beste errealitate bat
dago, oso egoera larriak daude. Pentsioa kobratzen
duten jubilatuekin hitz egiten duzu, esaten dizute
zenbat kobratzen duten edo aurrera egiteko zer egin
behar duten... 49.000 pezetekin hil oso bat pasatzea
izugarria da. Etxebizitzen kontuarekin, euroa dela-eta
diru beltz makina bat garbitzeko biderik onenetako
bat espekulazioa denez, orain ikusten ari da luxuzko
etxebizitza asko egin nahi dutela, Foru Pasealekuan,
La Probi gaztetxean dagoen lekuan, Epaitegiaren aurrean...
Eta galdera da: nork erosiko ditu pisu horiek? Moyano
zinegotziak zioen XXI. mendeko Barakaldo polit horretan,
horrelako egitasmoek barakaldar aberatsak berton gera
daitezela lortzea dutela helburu. Baina Barakaldon
beti egon den emigrazioa izan da etxeek pilo bat balio
zutelako. Barakaldon dagoen bizitza-kalitatea ikusita,
hemengo etxe batek Algortako batek beste balio badu,
horrek hegoak ematen dizkio jendeari hemendik alde
egiteko”.
|
Bide
Oneran suntsitzen ari diren monjen eskola,
lujuzko etxebizitzak eraikitzeko |
Izan ere, etxebizitzarena arazo larria da. Argi dago
etxea edukitzea oinarrizko beharra dela, baina Barakaldoko
pisuen prezioek zer esan ugari eman dute orain arte,
eta ez dirudi preziook apalduko direnik: “inoiz
baino etxe gehiago egiten da, baina jendeak inoiz
baino aukera gutxiago dauka horrelako etxe bat eskuratzeko.
Espekulazioaren arloan diru asko mugitzen da. Hor
ere udalak tranpatxo bat egiten du: zorua eskaintzen
du, batek daki zergatik, etxegintzan aritzen diren
enpresek pisuak egiten dituzte, eta hortik aurrerakoa
enpresa horien eta etxeak erosi nahi dituztenen arteko
kontuak dira. Udalak erantzukizun guztiak saihesten
ditu. Barakaldar guztion ondarean ari direla kontuan
hartuta, udalak plan bat eduki beharko luke, egiten
diren etxebizitzen portzentaia bat babes ofizialeko
etxeak egiteko edo udalak berak erosteko, horrela
udalaren etxe kopuru minimo bat egon dadin. Baina
ez, etxegintzaren esparruan udalak egiten duen gauza
bakarra da lurra oparitzea, eta gero, enpresek eta
promotoreek euren negozioa egiten dute. Barakaldok
4.000 pisu baino gehiago ditu hutsik, eta hori ere
larria da”.
Berri Otxoak-eko lagunen arabera, ez du ematen etorkizun
hurbilean gauzak onerako aldatuko direnik: “industriaren
beherakada apur bat apaldu zen etxegintzan egon zen
gorakadari esker. Barakaldo osoa hankaz gora dago,
obra pila dago bazterretan eta horrek bizitasuna ematen
dio herriari: jendea lanean dago, tabernak eta jatetxeak
irekita daude, jendeak badu dirua non gastatu... baina
igoera hori itxurazkoa da. BBVA-k atera duen txosten
batean esaten dute 2003. urtean hasiko direla jendea
etxeetatik botatzen; jendeak aurrera egin du horrelako
lanak egin direlako, baina 2005. urtean Erakustazoka
amaituko dute, eta orduan ez da lan gehiago izango.
Etxegintzan lanean dagoen jende asko hipoteketan eta
zorretan sartu dira, eta laster ez dute izango horri
buru egiteko biderik; bankuek, antza denez, badituzte
planak 2003 urtetik aurrera jende hori etxetik botatzeko.
Beraz, egoera orain arte gogorra izan bada, etorkizunean
are gogorragoa izango dela espero daiteke. 80 hamarkadan
jasan genuen egoera berdintsua jasan genezake ostera
ere”.
Javier Rodriguez: “Akats
larria litzateke pentsatuko bagenu Ikea edo Erakustazoka
arazo guztietarako soluzioa direla.
Barakaldoko egoera sozio-ekonomikoaren berri
hobeto jakiteko, Inguralderengana ere jo dugu. Barakaldo
garatzeko udalaren erakunde autonomoa da Inguralde,
eta urte dezente eman dituzte zeregin horretan. Elkarte
horretako zuzendari den Javier Rodriguezekin mintzatu
da “Euskarri” aldizkaria
Zer da “Inguralde”?
Inguralde Barakaldoko Udalaren erakunde publiko
bat da. Bere helburua langabezian dauden Barakaldoko
herritarrak promozionatzea da, lana topa dezaten,
eta beste aldetik, sortu diren enpresei laguntzea
hazi eta gara daitezen, eta ideia bat daukan eta abian
jarri nahi duen jendeari laguntza ematea.
Zelan ikusten duzue Barakaldoko egoera sozio-ekonomikoa,
duela hamar urte zegoenarekin alderatuta?
Arras desberdina. Ezkerralde osoa, Barakaldo barne,
% 30 baino gehiagoko langabezia-tasa edukitzetik %
10 izatera igaro da. Barakaldoko langabezia-tasa,
azken inkesten arabera, % 10,4 da. Garai batean, INEMen
10-12.000 langabetu genituen, eta gaur egun 4.000
inguru daude. Beraz, langabezia izugarri jaitsi da.
Lana aurkitu duen jendea prestakuntzarik onena zeukana
zen, eta gaur egun langabezian geratzen direnak zaharrenak
edo inolako prestakuntzarik ez daukatenak dira. Beraz,
giza multzo horiekin egiten dugu lanik handiena.
Azken bolada honetan gehien sustatzen den lana
auto-enplegua, enpresa oso txikiak eta antzekoak izaten
dira. Hori da etorkizunean jorratu beharreko bidea?
Zelako ondorioak ditu, langileen eskubideei dagokienez?
Lan gutxien zegoen garaian, desesperatuenek auto-enplegura
jotzen zuten. Horregatik, garai batean porrot maila
garrantzitsua zegoen. Jendea auto-enpleguaren kontuan
sartzen zen beharrak eraginda, eta ez horretarako
joera zuelako, eta jende horren lan-kalitatea nahiko
kaskarra zen. Hortaz, gurea bezalako elkarteen laguntza
garrantzitsua izan da, egitasmo horiek gero merkatuan
jarraituko zutela neurri batean bermatzen zuelako.
Pertsona batek enpresa bat sortu eta handik urtebetera,
bideragarria ez delako, itxi behar izateak nolabaiteko
porrot soziala zekarren, eta hori leuntzen saiatu
gara. Hala ere, jende asko egon da egoera horretan,
baina gaur egun egoera guztiz aldatu dela esan dezakegu.
Auto-enpleguaren bidez lan-merkatura sartzen direnen
artean bokazioa handiagoa da lehen baino, eta enpresen
iraupenak ere arrazoia ematen digu horretan. Gaur
egun, esaterako, Inguralderekin sortu diren enpresen
% 90ek aurrera jarraitzen dute, eta ondo gainera.
Nire ustez, zera azpimarratu behar da: bide hori hartzea
erabakitzen duen pertsona orok instituzioen laguntza
jaso behar du aurrera egiteko
UGT sindikatuaren arabera, 1998 urtetik 2000ra,
Aldi Baterako Lan Enpresen bidez kontrataturiko langileen
% 60 prestakuntzarik gabeko langileak ziren. Zer egin
daiteke langile multzo horretan eragiteko?
Alde batetik, lehen aipatu dizkizudan ekintzen bidez,
hau da, gurea bezalako erakundeek langile horiei kalitatezkoa
den eta formazioa emango dien lana eskaintzea. Ikasketarik
edo eskarmenturik ez daukan jendea erakarri eta sei,
zortzi edo hamar hilabetez gurekin egotea lortzen
badugu, kontratupean eta esperientzia biltzen, horrek
eragin positiboa izango du jende horren curriculumean
eta lana topatzeko aukeretan. Uste dut udal guztietan
horrelako zerbitzuak eskaintzearen aldeko apustua
egin beharko luketela. Zulo horretatik atera behar
ditugu: “adinekoa naizenez, ez dut ikasten,
eta ezin dut lana bilatu...” Egoera horretan
dagoen jendeak oso errez gutxiesten du bere burua,
eta hor egon behar dugu guk, udalek, Aldundiak eta
abarrek
Azken bolada honetan zeresan ugari eman dute Barakaldon
kokatuko diren zenbait egitasmok (Ikea edo Erakustazoka,
esaterako), batzuen ustez lanpostu asko sortuko dituztenak.
Zelako eragina izango dute, zuen ustez?
Horrelako proiektuak langabezia jaisteko irtenbide
bakar gisa planteatuko balira, iraganeko jokamoldeetan
eroriko ginateke. Lehen, askok uste zuten langabeziari
aurre egiteko irtenbide bakarra hori zela: enpresa
handia dator, mila langile kontratatzen ditu eta listo.
Gero, enpresa handi hori ixten bada, Labe Garaiekin
gertatu zen moduan, eta mundu guztia langabeziara.
Horrelako egitasmoak ez dira txarrak baldin eta zeregin
honetan gaudenok argi badaukagu beste gauza batzuk
ere daudela. Akats larria litzateke pentsatuko bagenu
hori arazo guztietarako soluzioa dela. Guk, gure lan
egiteko eran, gure apaltasunetik eta kudeatzen ditugun
baliabide urrietan oinarrituta, ekinbide ekonomikoak
dibertsifikatzen saiatu behar dugu. Politikoek ona
dela pentsatzen badute, hala izango da segurutik,
baina bestelako negozioak ere behar ditugu, txikiagoak,
neurri ertainekoak, herri eta eskualde mailan sektore
guztien garapena ekarriko dutenak. Bestela, galduta
egongo ginateke berriro.
Gotzon Hermosilla |