Bat batean
Benito Lertxundi
Pobrezia Barakaldon
Almudena Cacho
Euskalgintza
Barakaldo FC urteurrena
Albiste Laburrak
Bertxoko
Ibarreta-Zuloko
Nahas-mahas


 
< Nahas-mahas >
Hamaika ikusteko jaioak

Nork esan zuen Barakaldo herri aspergarria zenik? Egunkarietan gure herriari buruz agertzen diren albisteak irakurrita behintzat, beti topatzen dugu barre batzuk egiteko motiborik. Eta, askotan, Udala dugu albiste bitxi horietako iturri.


Adibidez, joan den abenduan jakin genuen Udaltzaingoak zerbitzu berezi bat jarri duela abian, gauez gure herriko kale-kantoiak goitik behera eta behetik gora zeharkatzeko. Eta zein da gure udaltzain bipil, ausart eta gangarren zeregina zerbitzu berezi horretan? Bada... kalean txiza egiten dutenak harrapatu eta isuna jartzea. Bai, jaun-andreok, hemendik aurrera, kalean txiza egiten harrapatzen dutenak 300 euro ordaindu beharko du, eta alkateak iragarri du gogor oldartuko zaizkiela ohitura zikin hori dutenei. Beraz, datorren larunbat gauean txiza putzu baten ondoan harrapatzen bazaituzte, hobe duzu koartada sinesgarri bat edukitzea edo osterantzean inork ez zaitu isuna ordaintzetik libratuko. Are gehiago: zurrumurruek diotenez, udaltzainek baimena izango dute susmagarriaren galtzontzilo edo kuleroak arakatzeko, gernu arrastoak topatze aldera. Eta zalantzarik badago, beti geratzen da ADNaren froga egiteko aukera, aldameneko bazterrak zikintzen dituen txiza zurea ote den jakiteko.

Dena dela, gure udal agintariek azaroaren erreotara jo nahi dute, eta gogoeta asko egin ostean ondorio ukaezin batera ailegatu dira: zergatik egiten du txiza jendeak? Argi dago; edaten duelako! Beraz, lehen aipatutako neurri zorrotzez gain, beste ideia distiratsua bururatu zaie, eta edaten harrapatzen dituzten adin txikikoen gurasoei gutunak bidaltzen hasi dira, Carlos Pera alkate jaunaren sinadura eta guzti. Gutunaren testua ez da txantxetakoa, gero:

 

 

 

 

 

 

 

 

Oso ideia ona, bai horixe. Hemendik proposamen xume bat egin nahi diegu gure udal agintariei: gutunen sistema hau, edaten duten gazteen kasura murriztu beharrean, beste zenbait kasutan ere aplikatzea. Esaterako, demagun udaltzainek gazte bat lapurretan harrapatzen dutela. Bada, gurasoei eskutitza bidali eta kito. Gainera, gutunaren testua bestearen antzekoa ere izan daiteke: “Zure alaba (edo semea) lapurretan harrapatu dugu. Honek ez zaituzte aztoratu behar, lapurtzea guztiz orokorturik dagoelako gure inguruan eta denok, noiz edo noiz, lapurtu egin dugulako”. Eta alkateak sinatu. Hori bai izango litzateke delituaren prebentzioan aurrerapausoak egitea!



Lehiaketa


Aurrekoan Euskarriren alean, Harkaitza Cano idazlearen idatzitako liburu guztien artean zein zen poesia liburua galdetzen genuen. Jasotako eskutitz eta mezu elektroniko guztien artean zuetako askok asmatu duzue zein zen erantzun zuzena: “Norbait dabil sute-eskaileran” Erantzun zuzena bidali diguzuen artean Gotzon Garateren “India Harrigarria” liburuaren ale bi zozketatu ditugu, eta irabazleak honako hauek izan dira:
    
Carlos Rodriguez Molina eta Silvia Tejeda Cantalapiedra

 

 

Berriro ere, Elkarlanean argitaletxeari esker, liburu batzuk dauzkagu zuen artean zozketatzeko. Oraingoan, Jon Arretxeren Larunbatak izeneko liburuaren ale bi dauzkagu zuen artean banatzeko. Ostegunak eta Ostiralak ipuin-bildumek izugarrizko arrakasta izan baldin bazuten euskal irakurleen artean, hona haien segida, trilogia ixtera datorren nobela. Larunbatak ez da ipuin-liburua, hala ere: nobela bat da, eta bere berezitasunen artean dago txakur bat izatea bertako protagonista eta narratzaile; hemen kontatzen zaizkigun istorioak ez dira ordea animalien kontuak, hankabikoen komeriak baizik, modu barregarri bezain alaian azalduak.

 

Liburu honen ale bat eskuratu nahi baduzu, esaguzu zein den galdera honentzako erantzun zuzena:

 

Non jaio zen Jon Arretxe?

-“Baionan”.
-“Basaurin”
-“Bartzelonan”


Bidali zure erantzuna honako helbide honetara: Euskarri aldizkaria. 175 posta kutxa. 48902 Barakaldo (Bizkaia) edo e-mail bat bidali sasiburu@euskalnet.net helbide elektronikora. Zuzen erantzuten dutenen artean “Larunbatak” liburuaren ale bi zozketatuko ditugu.

 

 

Denborapasa






EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48901 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther La Fuente.
Laguntzaileak: Carlos de los Santos, Felipe, Rikardo García, Jose Ignacio Herranz
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.