Bat batean
Benito Lertxundi
Pobrezia Barakaldon
Almudena Cacho
Euskalgintza
Barakaldo FC urteurrena
Albiste Laburrak
Bertxoko
Ibarreta-Zuloko
Nahas-mahas


 

< Barri laburrak >
Barakaldoko albisteak




La Probi gaztetxeak lehenengo urteurrena ospatu du


Joan den otsailaren 4an urte bat bete zen La Probi gaztetxea okupatu zutenetik. Urte gorabeheratsua izan da, dudarik gabe, baina, hala ere, balantze positiboa egin dute Gazte Asanbladakoek, batez ere kontuan hartuta lehengo gaztetxea erre egin zietela okupatu eta hilabetera, eta bigarrenean astebete baino ez zutela egin. Urte honetan denetarik izan dugu: antzerki emanaldiak, igandetako zinea, kontzertuak, erakusketak eta tailer eta ikastaro ugari (txalaparta, malabareak, gitarra eta abar). Urteurrena osatzeko ekitaldi ugari antolatu zituzten otsailaren 7tik 10era: hitzaldiak izan genituen, kontzertuak ere bai, komiki, argazki eta kartel erakusketak... Eta aurrerantzean ere, asmo ugari daukate La Probiko gazteek: besteak beste, taberna berria prestatu eta barazkijaleentzako jangela zabaltzea. Hori guztia, jakina, Udalak lehenago gaztetxea botatzen ez badu: izan ere, La Probi dagoen tokan luxuzko etxeak eraikitzeko asmoa dute. Zorionak, eta urte askotarako!

 


Zaborra biltzeko sistema berria




Azken bolada honetan ikusiko zenuten Barakaldoko hainbat lekutan ontzi arraro batzuk jarri dituztela, urpekarien moduko leihatila batzuk dituztenak. Herriko Plazan, Pormetxeta eta Murrieta kaleetan daude aipatutako ontziak, eta zaborra xurgatzeko balio dute: zabor-poltsa bertan sartu, ondoan dagoen manibelari eragin, eta zaborra lurpean daude hodi batzuetara igarotzen da. Zaborra biltegi batean jasotzen da, eta handik kamioetan eramaten dute. Sistema hau bizkorra eta garbia da, baina oraingoz, 3.000 bizilagunek baino ez dute erabiliko. Antza denez, zerbitzua barakaldar guztiei eskaintzea ei da asmoa, baina oraindik ez dago datarik gainerako auzoetan lanak hasteko.



Gutxi eta zaharrak


Aurreko zenbakian argitaratu genuen albistea: Barakaldon gero eta gutxiago gara. Umerik jaiotzen ez delako, gazteek alde egiten dutelako, etorkinak, erretiroa hartu ostean, herrira bueltatzen direlako... Arrazoiak asko dira, baina kontua da, datuek diotenez, gero eta gutxiago garela barakaldarrak. Orain, beste datu kezkagarria jakin dugu, aurrekoaren ondorioa dena: gero eta zaharragoak gara. Gaur egun, 19.500 dira 60 urte baino gehiago duten barakaldarrak, eta aurreikusten da kopurua izugarri igoko dela datozen urteetan. Hamar urte barru, esaterako, 30.000 izan daitezke 60 urte baino gehiagokoak. Horrek, jakina, hainbat arazo ekarriko ditu, jubilatuentzako azpiegiturak nahiko urriak baitira gure herrian. Badirudi txitxarrilloak etorkizuna ziurtatuta daukala Barakaldon.


 

Barakaldoko Udalak isuna jarri dio Lutxanako enpresa bati



Gure herriak jasaten duen kutsadura handia da, bertan bizi garenok askotan konturatzen ez bagara ere. Joan den irailean, esaterako, Lutxanako Plastificantes izeneko enpresan ihesaldia egon zen, eta Andikollanoko auzoek protesta egin zuten, gasak hazkura sortzen zielako eztarrian eta begietan. Ez da lehenengo aldia aipatutako Plastificantes enpresa polemika iturri bilakatzen dena, Lutxanako bizilagunek askotan salatu baitute enpresa horrek sortzen duen kutsadura. Plastificantesek ekoizten dituen produktuak oso toxikoak dira, eta horietako bat, ftalatos izenekoa, Greenpeace erakunde ekologistaren zerrenda beltzean dago. Greenpeacek askotan eskatu du produktu horren ekoizpena galarazi eta bertan behera uztea, oraingoz lortu ez badu ere. Orain jakin dugu Barakaldoko Udalak isuna jarri diola enpresari, iraileko ihesaldia dela-eta. 1.202 euro ordaindu beharko du Lutxanako Plastificantesek. Ikusiko dugu isunak norainoko eragina duen Plastificanteseko arduradunen jokabidean.

 

Max Center eta Baliak batuko dituen zubia ilegala ei da



Azken egunotan beste polemika bat piztu da gure herran egiten diren beharrak direla-eta. Oraingoan, Max Center eta Baliak batuko dituen zubia da polemikaren iturria. Jakina denez, Baliak salgunea zegoen tokian aisialdirako beste gune bat zabaldu nahi dute, eta udaberrian inauguratu nahi zuten. Bertan, hamasei zine-areto, bolatoki bat eta beste hainbat denda eta jolastoki jarri nahi dituzte. Gune berria eta Max Center batzeko, N-634 errepidearen gainetik igaroko zen oinezkoentzako zubi bat eraiki nahi zuten, baina Setase izeneko enpresak (Max Centerreko jabeetako batek) salaketa jarri zuen, lanak egitura orokorra aldatuko zuela eta, beraz, erabaki hori hartzeko jabe guztien erabateko adostasuna behar zela argudiatuta. Epaileak arrazoia eman dio Setase enpresari eta ilegaltzat jo ditu beharrak. Max Centerreko gainerako jabeek (Cecomax eta Eroski dira garrantzitsuenak) errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri dute. Antza denez, polemika horren ostean bestelako kontu bat ere badago: Setase enpresak Burger King hanburgesa-denda kudeatzen du, eta gune berrian beste hanburgesa-denda bat eraikitzeko asmoa ei dago.



EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48901 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther La Fuente.
Laguntzaileak: Carlos de los Santos, Felipe, Rikardo García, Jose Ignacio Herranz
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.