Bat batean
Benito Lertxundi
Pobrezia Barakaldon
Almudena Cacho
Euskalgintza
Barakaldo FC urteurrena
Albiste Laburrak
Bertxoko
Ibarreta-Zuloko
Nahas-mahas


 
< Euskalgintza >

Barakaldoko Udalak ez ditu euskaldunon
eskubideak aintzat hartu nahi



Euskarri aldizkaria irakurtzen duzuenok badakizue Alkargunek (Barakaldon euskararen alde lanean diren elkarteen topaguneak) denbora dezente daramala Barakaldo aldizkarian eta, orokorrean, udalak argitaratzen dituen aldizkari eta idazkietan euskarari ematen zaion trataera lotsagarria salatzen. Alkarguneren jarduera ez da salaketa hutsera mugatu, eta joan den abenduan mozio bat aurkeztu zuen udaletxeko erregistro ofizialean, egoera hau errotik aldatzeko. Zoritxarrez, oraingoan ere erantzuna berdina izan da: Barakaldoko euskaldunok ez dugu udalaren informazioa euskaraz jasotzeko eskubiderik.


 

Barakaldoko Udalak argitaratutako aldizkarietan euskarari ematen zaion trataera aspalditik datorren kontua da. Alkargunek behin baino gehiago salatu du euskara hutsaren hurrengoa dela udalak argitaratutako hainbat aldizkarian (orain arte, “Barakaldo” aldizkaria izan da kasurik esanguratsuena) eta prentsaurreko, salaketa eta kontzentrazio ugari egin du 2000ko urritik aurrera; urte bereko urriaren 9an, azaroaren 30ean, 2001eko urtarrilaren 24an eta martxoaren 10ean.Halaber, abian jarri genuen kanpainari esker udal erregistroan 1.150 inguruko barakaldarren banakako eskaerak sartu genituen udal erregistroan, eta euskararen erabileran berdintasuna eta hizkuntza eskubideak bermatzeko eskatu genuen.

Egoera funtsean aldatzen ez zela ikusita, beste pauso bat ematea erabaki zuen Alkargunek: joan den abenduaren 20an agerraldi publikoa egin zuen, eta bertan iragarri zuen mozio bat aurkeztuko zuela Udal Batzan. Mozioak hiru atal zituen: alde batetik, Euskararen Legea betetzea eskatzen zitzaion Barakaldoko Udalari; bigarrenik, Barakaldoko Udalak zein bere zerbitzuan dauden enpresa eta elkarte autonomoek argitaratzen dituzten bando, aldizkari, gutun, egitarau eta edozein motatako inprimakin guztiak %50ean euskaraz eta gaztelaniaz, berdintasun baldintzetan, idatziak izatea eskatzen zuen mozioak; eta, amaitzeko, Barakaldoko Udalak bere barruko funtzionamendua euskalduntzeko plangintza aurten osatzea.

Izan ere, Barakaldoko Udalak argitaratzen dituen aldizkariena aspaldiko kontua da, zeresan ugari ema duena. Orain arteko kasurik esanguratsuena “Barakaldo, Udal Informazio Aldizkaria” izan da. Barakaldoko euskalgintzaren presioari esker, aldizkari horretan agertzen den euskara kopurua dezente handitu da, baina, hala ere, oraindik ere euskarak ez du erdarak duen trataera berdina: euskararen portzentaia % 40 da, orrialdeen bazterretan idatzita dago eta hizkiak txikiagoak dira. Halaber izenburuak eta sarrerak gaztelania hutsez daude.

Baina “Barakaldo” aldizkaria, orain arteko kasurik aipatuena izan bada ere, ez da larriena. Hor dugu Barakaldo Antzokiak egiten duen izen bereko aldizkaria, zeinak euskararen erabileraren portzentaia %0 jasotzen duen, edota Inguraldek kaleratzen duen “Lanbidean” aldizkariak jasotzen duen euskarazko %0,5 portzentaia, edo “2001eko aurrekontuen” argitalpena, non euskararen portzentaia %1 den, edota ere “Soziokultural Integrazio Zentroak” argitaratzen duen “CIS” izeneko aldizkaria %0arekin. Zerrenda luzeagoa da baina adibide hauekin egoera zein den argi geratzen dela uste dugu.

Esan bezala, mozioa Barakaldoko Udal Erregistroan sartu genuen. Ikusten duzuenez, mozioan agertzen ziren eskaerak guztiz arrazoizkoak ziren eta, kasu askotan, legeak agintzen duena betetzea baino ez zen eskatzen. Hala ere, berriro ere Barakaldoko Udalak garbi utzi du ez dituela barakaldar euskaldunon eskubideak errespetatzen, eta atzera bota du mozioa PSOE eta PPren aurkako botoekin (9 eta 4), eta Batasuna, EAJ-EA eta IUren aldeko botoekin (3 , 6 eta 2). Tristea, benetan: antza denez, Barakaldoko euskaldunok, zergak ordaindu arren eta gainerakoen betebehar berdinak izan arren, ez gara eskubide berdinen jabe.

Dena dela, aurrera jarraitzeko asmo tinkoa dugu. Beste zenbait ekimenen artean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiari gure salaketaren berri eman diogu eta, horren ondorioz, Behatokiak, duela gutxi plazaratu den 2001eko txostenean, Barakaldoko Udala sartu du euskaldunon eskubideak urratzen dituzten instituzioen zerrendan. Aurrerantzean ere gure eskubideen urraketa guztiak salatzen jarraituko dugu, eta uneotan herriko beste elkarte eta euskaltzaleekin batera euskarak Barakaldon beharko lukeen Arautegia prestatzen gabiltza. Izan ere, Udalaren jarrerak argi erakusten digu euskaldunon lana, aldarrikapena eta mobilizazioa funtsezkoak direla euskarak Barakaldon aurrera egingo badu.



EUSKARRI, Barakaldoko Euskaldunon Aldizkaria
Argitaratzailea: SASIBURU, Barakaldoko Euskaldunon Elkartea. Posta-kutxa 175, 48901 Barakaldo, Bizkaia. E-mail: sasiburu@euskalnet.net
Erredakzio taldea: Gotzon Hermosilla, Txetxu Franco, Axier Lopez, Esther La Fuente.
Laguntzaileak: Carlos de los Santos, Felipe, Rikardo García, Jose Ignacio Herranz
Maketazioa: Axier Lopez, Olatz Sanchez, Esther La Fuente
Inprimategia: Antza. LG: BI-858-96. Ale kopurua: 2.000. Euskarri aldizkaria dohainik banatzen da Barakaldoko herrian. Euskarri aldizkariak ez du derrigorrez bere gain hartzen bertan adierazitakoaren erantzunkizunik.