Bere burua
“barakaldar peto eta langileen familiakotzat”
azaltzen du, eta denbora luzea darama kazetari lanetan.
Almudena Cachok ondo baino hobeto ezagutzen ditu telebista
zein irratia. Gaur egun Boulevard irrati-saioa gidatzen
du, eta EITBko estudioetan hartu gaitu eguneroko saioa
amaitu berritan. Han, honetaz eta hartaz mintzatu da
gurekin.
Noiz eta nola hasi zinen kazetaritza profesionalean?
Irrati profesionaletan, hogei urte bete baino lehen
hasi nintzen. EITBn badaramat hamabi bat urte, eta
denetik egin dut, kirolak izan ezik.
Telebistan ere eskarmentua duzu...
Duela bi urte pasatxo, denboraldi oso bat egin nuen
ETBn, eztabaida-saio batekin. BOULEVARD zuen izena,
orain Euskadi Irratian egiten dudanak bezalaxe. Gai
guztiei ekiten bagenien ere, politikari buruzkoek
tarte handia izan zuten, eta saio batzuk nahiko beroak
izan ziren. Irrati-saioetako eztabaida politikoa telebistara
eraman nahi genuen, eta orduko Euskadi Irratiko zuzendariak,
Joxe Felix Azurmendik, nabarmen bultzatu zuen asmo
hura. Uste dut hein batean lortu genuela, nahiz eta
jakin ez dagoela irratiaren eredua telebistara erabat
eramaterik. Tregoaren auziarekin hasi ginen. Saioak
urtebete iraun zuen eta oso interesgarria izan zen.
Hango esperientzia ikusita, uste al duzu Euskal
Herrian horrelako gaien inguruko saioak egin daitezkeela,
ahalik eta inpartzialenak eta jendeak elkarri entzuteko
modukoak?
Nahiko zaila da. Baina ordukoa oso garai gozoa izan
zen, betegarria edozein kazetarirentzat. Zorionekoa
naiz nik egiteko aukera izan nuelako. Lasaitasuna
zen nagusi, eta inoiz, aurrez aurre izan genituen
atentatuen biktimak eta kartzelan egondakoak. Eztabaida
gogorrak egon ziren, baina hitzezkoak, eta horrexek
izan beharko luke gure arteko gatazka bakarra. Benetan
esperientzia interesgarria izan zen. Bestalde, lan
guztietan presioak egon arren, esan behar dut EITBren
aldetik gure lana errespetatu zutela beti, eskuak
aske izan genituen.
Beraz, ba al liteke Euskal Herrian zernahiz hitz
egitea denok elkarrekin?
Behintzat, ahalegina egin beharko genuke, baina batzuetan
saiatu ere ez gara egiten. Horren adierazgarri da
zenbait jendek ezin duela bere iritzia adierazi.
Zeinetan ari zara gusturago, telebistan ala irratian?
Mundu desberdinak dira. Telebista egiten dudanean
horixe nahiago dut, eta irratia egiten badut, irratia
nahiago. Lan-estrategia ezberdinak dira: hasierako
materiala berbera izan arren, modu ezberdinean gauzatzen
da, batean ala bestean egin. Biak dira oso interesgarriak,
eta biek ala biek harrapatzen zaituzte bete-betean.
Bestalde, telebistan batez ere, egun egiten direnak
baino askoz gauza hobeak egin litezke.
Aurten zuen saioko partaide batek, Jose Antonio
Álvarez Solisek, Iparragirre saria jaso du.
Zuen ustez, zergatik eman diote saria entzuleek?
Egia esan, saria Jose Antoniori berari emana da.
EITBko hainbat saiotan hartzen du parte, eta nik uste
dut jende askok Euskal Herriko ikuspegi baten defendatzailea
ikusi duela berarengan. Madril oso gotorleku zaila
da, eta ia ez dago itzal eta entzute handiko ahotsik
euskalduntasunaren ikuspegi horren alde ageri denik,
ez behintzat José Antoniok egiten duen bezain
sutsu. Askok lagun bat Madrilen ikusten dute berarengan.
Boulevard saioan gidatzen duzun tarteak zorrotzago
heltzen dio magazinen ereduari, besteen aldean.
Bai, generoaren ohiko ezaugarriak biltzen ditu: denetariko
elkarrizketak eta kolaborazioak, lehiaketak, musika,
entzuleen deiak...
Gero eta entzule gehiago omen duzue... baina zer
du zuen magazinak etxezuloko andreentzako saioek ez
dutena?
Maruja horiek ere entzuleriaren tarte handi bat dira,
eta ez dira gutxietsi behar. Ni harro nago 45, 60
edo 75 urteko andreek entzuten digutelako. Nire ustez,
gure saioak hurbiltasuna eta zabaltasuna eskaintzen
die, biak batera: hurbil beren bizileku eta lanlekuan
egiten delako, zabala gure inguruz haratago iristen
garelako, norberaren herriaz edo herrialdeaz haratago,
Euskal Herritik haratago ere bai.
Euskal Herrian kazetaritza formula berriak zabaltzen
ari dira, lehen oso ezagunak ez zirenak gurean, adibidez
telemaratoiak. Egin den azkenean ia inoiz baino jende
gehiagok parte hartu zuen, eta sekulako dirutza bildu
zen minbizidun haurren alde. Zer adierazten du horrek,
euskaldunak beste inor baino solidarioagoak garela,
edo hasiak garela Estatu Batuetako kazetaritza ereduak
inportatzen?
Telebista formula horiek arrakasta dute, argi dago,
eta ez dut uste horretan ezberdinak garenik, ez gara
inor baino solidarioagoak, eta gutxiago ere ez. Dena
den ulertzekoa da bagarela pentsatzea, batez ere Bilbokoa
bazara.
Egingo zenuke hainbesteko tirada duten saioetako
bat: talking-showak, tele-showak (Operación
Triunfo, Crónicas Marcianas, La Noche de Fuentes...)?
Gustoko dituzu horrelako saioak?
Saio horietatik batzuk ondotxo daude, saioaren arabera,
noski: nola egiten den, norentzat egiten den... Dena
den, telebistari dagokionez, gero eta gehiago erreparatzen
dut saioen egikeran. Telezaborra ikustekotan, bereizi
egingo nuke ondo egindako zaborra txarto eginda dagoenetik.
Horrek ez du esan nahi telezaborra egitearen alde
nagoenik, nahiz eta berez tentagarria den, batez ere
kazetari batzuek horrelakoak egiteagatik jasotzen
duten diru mordoa. Ez dago hori tentagarria dela ukatzen
duenik.
ETB1 ETB2ren ahizpa pobreal da?
Ez, guztiz kontrakoa. Esango nuke ahizpa kutuna dela,
berebiziko ahaleginak egiten baitira haren alde, onerako
diskriminazioa , alegia, eta ni alde nago eta ulertzen
dut. Nahiz eta ETB1ek ere baduen zer hobetu, noski.
Hizkuntzaren aldetik, euskarazko telebistak edozein
gauza (telezaborra...) egiteko prest egon beharko
luke entzule kopurua handitzearren, edo muga batzuk
izan behar ditu publikoa delako?
Beharbada saio edota iragarki mota batzuk onartuko
nituzke, gainera, esan beharra dago ez dagoela erabat
mantxarik gabeko telebistarik, baina ezin da hori
irizpide bakartzat hartu entzuleak erakartzeko. Horretaz
gain, irrati-telebista publikoak denontzakoa izan
behar du, arlo pribatuak bere gain ezin har ditzakeen
edo hartu nahi ez dituen eskaerei erantzunez.
Eta orain aholkutxo bat eskatuko dizugu, kazetaritzan
profesionala zaren aldetik: “Euskarri”
gisako aldizkari batek zertara jo behar du, inguruko
gaietara edo zabalagoak omen diren kontuetara?
Barakaldon biak hartu beharko lirateke kontuan. Nik
oso gustura irakurriko nituzke Barakaldori buruzko
berriak, baina ez da ezer baztertu behar. Aukera izango
bazenute Gabriel García Márquezi elkarrizketa
bat egiteko, pozarren egongo zinatekete... hori bai,
Barakaldoko obren inguruko informazioarekin batera,
ez dago non aparkatu eta!!!
/* DI-DA BATEAN
*/
* Kazetaritzan, egia al da hobe dela irudi bat
hamaika hitz baino?
Batzuetan egia da.
* Galdera topikoa: zein berri eman nahiko zenuke
albistegi batean?
Nahiago nuke ematen ditugun berri asko ez ematea
* Txakur batek kosk egiten badio norbaiti, hori
ez da notizia, norbaitek txakurrari kosk egitea da
notizia
Kazetaritzan bete egiten da esaera hori. Eta funtzionatu
ere bai.
* Goebblesek zioenez, gezur bat etengabe errepikatuz
gero, egia bihurtuko da.
Gezur hori ez da sekula egia bihurtuko, bai ordea
egiak besteko indarra izan, edo gehiago
* Entzute handiko kazetariek, ba al dute beti
handiuste eta harrokeriarako arriskua?
Seguru asko, baina urteak pasata sendatu egiten
da, zuk adina edo gehiago balio duen jendea ezagutzen
duzulako.
Txetxu Franco |