LEHENTASUNAK ALDATZEKO GARAIA DA
Irutxulo, 1999ko urriaren 10a
Egilea: Arantxa Elizondo
Donostiako alkate izango banintz, instituzioengandik urrun bizi direnen ahotsa kontuan hartzen saiatuko nintzateke. Bai, badakit helburu potolo eta eskuraezina dela baina jakin badakit ere gutxienez nire presentzia soilak udalaren itxura aldatuko lukeela: hiriaren lehen emakume alkatea izango nintzateke! Horrexegatik, donostiar emakumezkoen iritziak, nahiak eta eskakizunak udaleraino eramaten saiatuko nintzateke, alegia, komunitatearen gaien zerrendan emakumeok zuzenean jasaten ditugun arazoak kokatuko nituzke. Baina artikulu honen luzera mugatua da eta horien guztien artean bat aukeratu behar dudanez, emakumeen diskriminazioak eragiten duen arazo larrienetariko bat azpimarratu nahi dut, emakumeen aurkako biolentziarena hain zuzen. Komunikabideek erakusten dizkiguten datu estatistikoak errealitate ilun eta ikaragarri baten islada murritza baino ez dira, salaketak bilakatu ez diren erasoak ezin baitituzte jaso. Tamalez, orain dela gutxi, gure hirian bertan, gure Donosti lasai eta txukun honetan, biolentzia horren adierazpenak izan ditugu berriro: Herrera aldean zenbait emakume eraso sexualen biktimak izan dira.
Egun Euskadin bizi dugun egoera itxaropentsu honetan politikariek etengabe aipatzen duten bakearen eraikuntza prozesuan ez da emakumeok pairatzen dugun biolentzia sartzen, arlo pribatuan gertatzen den arazoa izango balitz bezala. Alkate izango banintz arazo politikoa dela aldarrikatuko nuke, instituzioek eta alderdi politikoek aintzakotzat hartu behar luketena. Jakina, sexu-diskriminazioa ezabatu behar genuke lehenago baina bitartean udal mailan neurri zehatz ugari erabil litezke. Esaterako, hiriaren diseinua egiterakoan arriskutsuak izan daitezkeen tokiak ekidituz: leku bakarti eta ilunak argitu, garraio publikoa zabaldu, tunelen ordez bestelako pasabide irekiak egin, e.a. Honen ondorioz emakumeoi hirian eroso bizitzeko askatasuna pixka bat handituko litzaiguke.
Honez gero, irtenbide eta neurri zehatzak mahai gainean daude baina kontua bestelakoa da, lehentasun eta asmo politikoena hain zuzen ere. Nire ekintza politikoaren ardatza lehentasunen aldaketa bultzatzea izango litzateke. Ez nuke, ez, lan makala izango!