PLAZANDREOK emakumeen ahotsa politikara eraman nahi duen emakumeen elkartea da. Gure iritziz, politika, gauza guztien gainetik, komunitatearen arazoak kudeatzeko erantzukizuna da eta gure helburuak honako hauek dira: politikan parte hartzea, guk geu ordezkatuz; pribatu deritzen arazoak publikotzat hartzea eta gizarteari politika egiteko geure moduekin laguntzea.
Plazandreok plataforma anitza da, eta bertan, elkartzen gaituzten gauzak banantzen gaituztenak baino gehiago dira. Gure egitura horizontala eta asanblada modukoa da eta erabakiak adostasunez hartzen ditugu, guretzat, inportanteena, gutxiengoen iritziak integratzea eta adostasuneko puntuetatik abiatzea delako. Egitura hierarkikoa eta gehiegizko profesionalizazioa duten egungo alderdi politikoen aldean, alternatiba izan nahi dugu. Gure artean ez dugu politikaren profesionalik nahi, eta horregatik, karguak txandaka hartzea proposatzen dugu.
Tradizionalki, emakumeen zeregina pertsonen beharrak betetzea eta bizitza posible egitea izan da. Baina emakumeen ikuspegiak, iritziak, esperientziak, jakinduria, kultura eta jarduerak bizitza politikotik kanpo daude. Ordezkaritza politikoa unibertsala dela uste bada ere, agintariak, gehienetan, gizonak dira eta ez dago emakumerik gizartearen erabaki-zentroetan.
Gizonen eta emakumeen bizitzak desberdinak dira, ditugun betebeharrak eta garatzen ditugun jarduerak gure sexuaren arabera ezarri direlako. Horregatik, gure partehartzeak politikari kultura desberdina ekartzen dio. Beraz, emakumeak bakarrik izan daitezke emakumeen ordezkari.
Antolamendu politikoko edozein sistema demokratikok gizartean elkarrekin bizi diren pertsona guztien ahotsa jaso beharko luke. Biztanlegoaren erdia gara eta gure bizitzan eragina duten erabakiak hartzen diren erakundeetan ordezkapena izateko eskubidea dugu. Lehen mailako hiritar izatea eskatzen dugu, pertsona guztiei dagozkien eskubideen definizioan parte hartzeko eskubidea dugulako. Horretarako, erakundeetan sartu nahi dugu: bozkatzeko eskubidea lortu genuen; orain, bozkatuta eta hautatuta izateko eskubidea lortu nahi dugu.
|
|
|
|