HONDARRIBIKO ALARDEAREN ESANAHI SINBOLIKOA
Egilea: Arantxa Elizondo
Hondarribiko Alardearen inguruan gertatutakoaren aurrean zenbait hausnarketa azaltzera natorkizue. Azken asteetan adierazpen eta ikuspuntu ugari irakurri eta entzun ahal izan ditugu, alde batetik zein bestetik aurkeztutakoak, aditu ezberdinek eskainitakoak eta erakundeen ordezkariak egindakoak. Alardea burutu zenetik gaurdaino egun batzu pasa dira eta orain gogoeta lasai eta sakonago egiteko beta dugu, arazoaren esanahia adierazteko garaia, baita erantzunkizunak mahaigaineratzeko unea ere. Hasteko, esan behar dut azken urteotan Alardeetan gertatutakoak tristatu egiten nauela baina aurten atsekabeaz gain, etsipena ere sentitu dut. Horrek eraginda, beste askok bezalaxe, nik ere gaiari buruan bueltak eman dizkiot eta zenbait galdera sortu zaizkit: Zer ondorio atera ditzakegu aurten gertatutakoaz? Nolako ekarpenak eratorri daitezke hemendik aurrera? Eta non dago gatazkaren gakoa? Zergatik emakume talde batek partehartu nahi dute desfile horretan? Zergatik herriaren zati handi batek ez du onartzen emakume horien asmoa?
Jakin badakit galdera hauek ez dutela erantzun garbirik, horrela izango balitz ez baitzen arazorik egongo. Aitzitik, erantzunak kontrajarriak eta korapilatsuak dira, norberaren ikuspuntuaren arabera moldatutakoak. Nire ikuspuntutik, aurtengo ondorioak eta ekarpenak kezkagarriak dira. Herriaren egoerari begiratzen badiogu, elkarbizitza hondatuta dago, biolentzia giroa nagusitu baita: western batean izango balitz bezala, gehiengoaren printzipioak gizakien eskubideak menperatu nahi ditu eta prozesu horretan herritar batzuk beren eguneroko bizimoduan lintxamendua jasaten ari dira. Ikuspegi orokorrago batetik, irailaren 8an gertatutakoak Zuzenbide Estatua kolokan jarri du: emakumeen Alardean sartzeko eskubidea baieztatu eta bermatzeko erakunde politiko zein judizialek hartu dituzten erabakiak ez dira bete.
Honen guztiaren erantzunkizuna finkatzea ez da lan erraza, banaketa egokia egin nahi bada maila anitz aipatu behar baita. Goazen banan-banan. Hasteko, herriko talde zehatzak orain arte jaiaren gainean duten kontrola galduko ote duten beldurrez emakumeen aurkako jarrera bultzatu egin dute. Horretarako Historiaren itsasoan arrantza egitera joan dira ohiturak mantentzeko argudioak harrapatzeko asmotan. Bigarrenik, Hondarribiko alkate jaunak, herri guztiaren alkatea izan arren, gatazkaren alde bati eman dio bere laguntza eta babes osoa. Jarrera arduragabe eta harrigarri honekin jokaera larderiatsu eta biolentoen legitimazioari ateak iriki dizkio. Hirugarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politiko gehienek ez dute tutik ere esan arazoaren aurrean eta zenbaitzuk Alardea pasa eta gero beren gaitzespen hipokrita eta hutsala azaldu dute. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren erantzunkizunaz hitzegin behar da ere, Barne Sailaren aipamena eginez. Sail honek beteko ez zuen erabakia hartu zuen, emakumeak Alardean sartzeko eskubidea bermatuko zuela, alegia. Antza denez, Jaizkibel Konpainia zoko batean bahitzeko neurria istilu larriak ekiditzeko hartu zuen.
Hala ere, ondorioak eta erantzunkizunen zerrendak ez dute arazoaren jatorria azaltzeko balio. Zergatia jakin nahi badugu sinboloen dimentsioan sartu beharko gara. Edozein gizartek bere irudikapena bideratzeko sinboloak sortzen ditu, asmo eta balore kolektiboen adierazpenak, denboran zehar aldakorrak eta dinamikoak izan daitezkenak. Ikurrak, jarduerak, edo ospakizun itxura duten sinboloak beharrezkoak dira gizartearen iraupenerako eta aldi berean, gizartean bizi garenon garapenerako ere. Hortaz, Alardea eta honen antzerako talde-antzespenak herrientzako funtsezko erreferentzi sinbolikoak dira. Alarde tradizionalen aldekoek zuzen daude esaten dutenean Alardea ez dela desfile soila, urtean behin egiten den martxa hori baino askoz ere gauza garrantzitsuago baizik. Baina tradizionalistek ez dute onartu nahi aldaketa bultzatu nahi duten emakume eta hauen alde daudenentzat ere sinbolo indartsua dela, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borroka luzearen sinboloa.
Azken urteotan Emakumeen Mugimenduak aldaketa sakonak lortu dituen arren, egungo gizartean oraindik emakumeonganako mesprezua eta gutxiespena ematen da. Gutxiespen honen adierazpenak intentsitate ezberdinekoak dira baina denok dakigu noiz eta nola ematen dira: gauez taberna batean neska bati ipurdian atximur egiten diotenean, lanean nagusiak idazkariari eraso egiten dionean, iragarki publizitarioetan emakumeak objetu sexuala gisa agertzen direnean, gizon batek emaztea jipoitu edo haizkora batekin zatikatu egiten duenean arazo beraren aurrean gaude, emakumeonganako gutxiespenaren maila ugari eta ezberdinak ikusten ari gara. Begiak ireki ditzagun: Hondarribiko Alardean soldadu gisa partehartu nahi duten emakumeak iraindu egiten dituztenean, kalearen espazio publiko horretatik aldegin dezatela oihukatzen dietenean, kotxeak puskatzen dizkietenean, eraso egiten dietenean, orduan ere mesprezu horren adierazpen latzaren aurrean gaude.