SUFRAGISMOTIK PAREKOTASUNERA
Zabalik, 2000ko martxoaren 4a
Egilea: Arantxa Elizondo
2000ko martxoaren 8an emakumeok XX. mendean zehar lortu duguna laburbiltzea ez da erraza baina zenbait puntu azpimarratu nahi nituzke behintzat. Boterean parte hartzeko tresna nagusia, botua, mendearen erdialdean lortu genuen Sufragismoaren mugimenduaren eraginez. Oraingo ikuspegitik funtsezkotzat jotzen dugun eskubidea eskatzerakoan sufragistek erakundeen errepresio latza eta gizartearen mespretxua jasan behar izan zuten. Egun, legeek eta konstituzioek hiritarren berdintasuna aldarrikatzen duten arren, gizartearen errealitatean bereizkeria ugari daude, eta sexuan oinarritzen dena diskriminazioa unibertsalenetarikoa da. Hauxe izan da Feminismoaren borroka eta mugimendu honek funtsezko lorpenak bideratu ditu emakumeen alde eta, era berean, gizartearen hobekuntza lortzen. Hala ere, oraindik emakumeek arazo larriak dituzte: pobrezia, langabezi tasa handiak, euren aurkako biolentzia, e.a.
Arazo horietako bat emakumeek erakunde politikoetan duten presentzia murritza da. Azken urteotan proposamen ezberdinak egin dira honen inguruan: zenbait alderdi politikoek neurriak hartu dituzte, horien artean polemikoena kuota izanik. Beste saiakera bat Plazandreok bezalako emakumez osaturiko hauteskunde zerrendak dira. Bestalde, presentzia politikoa bermatzeko legeak ere erabili izan dira. Hortxe dugu, esaterako, Frantziako Asanblada Nazionalak onartu berri duen parekotasun politikoaren legea. Neurri hauek guztiek helburu bera dute: emakumeok erabaki guneetan egon behar dugula, gure presentzia politikoa beharrezkoa dela, alegia. Arrazoi ezberdinak aipa genitzazke hori ulertzeko: alde batetik, emakumeen arazoak eta eskakizunak planteatzeko eskubidea dugula; baina badago beste argudio nagusi bat, esparru politikoan emakumerik ez egoteak eragin negatiboa duela emakume guztiei buruz dagoen irudian eta balorazioan. Emakumeen bereizkeria ez da instituzio politikoen kontu soila eta emakumeen mugimenduaren zereginak ezin dira parekotasunera mugatu. Baina politikaren islada beste arloena baino askoz ere handiagoa da, gizartearen arazoak eta asmoak jasotzen duen ispilu nagusia baita. Hortaz, parekotasun politikoaren bitartez emakumeonganako gizartearen begirunea bultza dezakegu eta, honela, gizaki bezala dagokigun duintasuna aldarrikatzeko bidean aurrera joan gaitezke.