FRANTZIAKO PAREKOTASUN LEGEA

 

Egunkaria, 2000ko otsailaren 15a.

Egilea: Arantxa Elizondo

 

        Frantziako Asanblada Nazionalak onartu berri duen parekotasun politikoaren legeak zeresan ugari sortarazi ditu Europa osoan. Lege honen arabera 2001. urtetik aurrera hauteskunde zerrendatan emakume eta gizonen kopurua berbera izango da. Europako Parlamenturako eta Senaturako zerrendatan gainera txandaketa-ordena bete beharko da, hots, gizon eta emakumeen artekoa. Oraindik Senatuaren onespena falta den arren, onartutzat har daiteke legea Frantziako alderdi politiko parlamentario guztien adostasunarekin aho batez onartua izan baitzen (UDFko diputatu bat izan ezik, emakumea gainera). Azken egunotan iritzi kontrajarriak entzun eta irakur ahal izan ditugu baina aldez aurretik azaldu nahi dut ni neu lege honen aldekoa naizela.

        Argentina aitzindari izan zen han honelako lege bat 1991tik aurrera indarrean baitago. Oraindik ikusteko gaude Frantzian nola ematen den aplikazio praktikoa baina neurriaren eraginkortasuna zalantzen jartzen dutenei gogorarazi behar zaie lege honen ondoren egindako lehen hauteskunde argentinarretan emakumeen presentzia parlamentarioa %4,2 izatetik %21,3 izatera pasa zela.

        Frantziako legea ez da bapatean asmatutakoa prozesu luze baten ondoren onartutakoa baizik. Orain dela zortzi bat urte hasi zen emakume eta gizonen parekotasun politikoaren inguruko eztabaida bizia hango errealitatea nahikoa iluna izan baita: 1997an izandako hauteskunde orokorren ondorioz osatutako Asanblada Nazionalean portzentaia inoiz baino handiagoa izan arren, emakumeek eserleku guztien %10,9 baino ez dute betetzen. Parekotasunaren aldeko mugimenduak, demokrazia sakondu nahiean, emakumeen presentzia handitu nahi du erabaki politikoak hartzen diren tokietan emakume eta gizonen presentzia orekatua beharrezkotzat jotzen duelako. Gainera, orekaren esanahi zehatza ere ematen du: sexu bakoitzaren proportzioa gutxienez % 40a izan behar da.

        Lege honen aurka daudenek alderdi politikoek 1980 hamarkadatik aurrera erabiltzen hasi ziren kuoten aurkako argudio berdinak erabili dituzte. Hauen arabera, neurria berez diskriminatzailea da sexua gizakien merituen gainetik jartzen baitu eta, diotenez, emakume baliotsuak edozein erabaki guneetara sartuko dira bere kabuz. Jarrera hau adierazten dutenek goi mailako kargu politiko garrantzitsuren bat betetzen dutenean, hipokrata inmoral hutsak iruditzen zaizkit: ahaztu egiten dute gizartearen egitura sexuen arteko banaketan oinarritzen dela, emakumeen bereizkerian hain zuzen. Ezkutatu egiten dute elkarbizitza soziala esparru publiko eta pribatuaren arteko zatiketa zorrotzean oinarritzeaz gain, sexu bakoitzari arlo zehatz bat ezartzen diola, arlo publikoa gizonezkoei eta pribatua emakumezkoei. Nik uste dut jarrera hauen sustraia beraien bizitzaren balorazioan datza, euren postuetara iristeko izugarrizko balioa izan dutela adierazi nahi dutelarik.

        Hala ere, lege honen esanahi garrantzitsuena gizarte mailan eta indar politiko ezberdinen artekan lortu duen adostasuna izan da. Emakumeen presentzia bermatzeko neurri berak emakumeen presentzia beharrezkotzat jotzen dela esan nahi du, emakumeok erabaki guneetan egon behar dugula, alegia. Eta zergatik galdetzen didatenean, kopuruari buruzko maniakotzat jotzen nautenean, erantzunak barra-barra ateratzen zaizkit: geure iritziak, nahiak eta eskakizunak planteatzeko eskubidea dugulako; esfera politikoan emakumerik ez egoteak eragin negatiboa duelako gizarteko emakume guztiei buruz dagoen pertzepzioan; emakumeon irudiak galdu egiten duelako botere politikoko lekuetan presentzia urria bada. Ziur nago emakume gehiago erakunde politikoetan sartuko balira, emakumeei buruzko balorazio orokorra aldatuko litzatekela. Politikak edozein gizarte arlok baino proiekzio handiagoa du, gizartearen arazoak, nahiak eta asmoak isladatzen duen eszenatoki nagusia baita. Horrexegatik, parekotasun politikoak emakumeonganako gizartearen begirunea bultza dezake, pertsona gisa dugun izaera ukatzen diguten aldiak eta gure aurkako irainak, erasoak eta bortxakeria ekiditzeko baldintzak erraztuz.

        Jakin badakit honelako legeak emakumeez osatutako gurea bezalako plataformak legez kanpo jarriko lituzkeela baina guk gizonezkoak poz handiz zerrendatan hartuko genituzke baldin eta horren truke emakumeen sarrera arlo politikora erraztuko balitz. Jakin badakit berdintasuna ez dela instituzio politikoen kontu soila eta emakumeen mugimenduaren erronkak ez direla hemen amaitzen, zoritxarrez. Jakin badakit ere honelako ekimena berdintasunaren norabidean urrats bat dela, handia edo txikia, baina behintzat eraginkorra.

 

iralapaginaanterior.gif (1080 bytes) iralindice.gif (1071 bytes) iralapaginasiguiente.gif (1097 bytes)