EMAKUMEAK ETA HAUTESKUNDEAK
Egunkaria, 1999ko ekainan
Egilea: Arantxa Elizondo
Antolaketa politiko batek zenbait osagai bete behar ditu demokratikoa izateko. Osagai horien artean aldizkako hauteskundeak daude, askatasuna, aniztasun politikoa eta prozeduraren garbitasuna errespetatu behar dutenak. Egitura politikoaren oinarrizko osagaiak diren neurrian, hauteskundeen garaia une paregabea da gizartean garrantzi politikoa dituzten gaiak ikusteko, hau da, lehentasun politikoak zeintzu diren jakiteko. Euskal Herriak bizi duen egoera politikoan erabateko lehentasuna honako gaiek lortu dute: azken urtetan jasan dugun gatazka biolentoaren konponbideak eta etorkizunera begira gizartearen eraikuntza politikoa egiteko aurkezten diren proiektu kontrajarriak. Egunotan aktore politikoak hauteskunde-kanpainaren eszenatokian ardatz hauen inguruan oihuka ari dira eztarria urratu arte. Kontrastearen sistema erabiliz, agerian dagoenak itzalean gelditzen dena erakuts diezaguke ere: aipatzen ez diren kontuak, lehentasuna lortu ez duten bigarren mailako gaiak, hain zuzen. Ilunperuntz begiratuz, une politiko honetan komunikabide eta politikoen foku indartsuek argitzen ez duten bestelako gai bati heldu nahi nioke gaur, emakumeak eta hauteskundeak, alegia.
Emakumeok botatzeko eskubidea lortu genuenean erakunde politikoetan sartzen hasi ginen poliki. Ordutik gaurdaino denbora luzea pasa bada ere egungo kopurua ez da oso altua: Euskal Autonomi Elkartean 1995ko hauteskundeen ondorioz aukeratutako zinegotzien %22.6 eta hiru lurraldeetako batzarkideen %17a emakumeak ziren. Portzentaien desoreka azaltzeko arrazoi ezberdinak aipatu genitzazke: familia ardurak eta etxeko lanak direla eta emakumeen bizimoduak zaila egiten du ariketa politikorako denbora izatea; emakumeok orokorrean ez ditugu lantzen egungo politikan baloratzen diren baliabideak, hala nola, agresibitatea, jendaurrean hitzegiteko erraztasuna, ausardia edo guregananako konfiantza. Gainera, sexu-estereotipoek emakumeen mundua arlo pribatura mugatzen dute, espazio publikoetatik urruti.
Baina beharrezkoa al da emakumeen presentzia politikoa handitzea? Nik behar-beharrezkoa dela deritzot eta premia hau azaltzeko hiru arrazoi adierazi nahi ditut. Alde batetik, berdintasunaren argudioaren arabera, emakumeak eta gizonak berdinak gara, gizaki eta hiritar gisa eskubide berdinak dagozkigu. Emakumeak erabaki politikoak hartzen diren guneetan egoteko eskubidea gauzatuz demokraziaren kalitatea hobetuko litzateke. Bestalde, desberdintasunaren argudioa dugu. Egungo gizartearen antolaketa osoa gizon eta emakumeen arteko lanaren zatiketan oinarritzen da, oraindik ere gizakiok betetzen ditugun eginkizun nagusiak sexuaren arabera ezartzen baitzaizkigu. Banaketa horrek emakumeen bereizkeria sozial eta ekonomikoa dakar. Injustizia hori konpondu nahi bada ordezkari politikoen artean emakumeak egon behar dira emakumeen eskakizunak eta arazoak kontuan hartu ahal izateko. Azkenik, nire ustez argudio nagusia dena azpimarratu nahi dut, begirunearen argudioa. Bereizkeria sozio-ekonomikoaz gain, emakumeok injustizia sinbolikoa jasaten dugu, gizartean egiten duguna eta garena ez baitzaigu inoiz aintzat hartu; are gehiago, ageriko mesprezua edo adierazi gabeko gutxiespena jaso egiten dugu. Gizartearen balorazioa ez da huskeria, norberaren burua gizaki duintzat hartzeko edonork sentitzen duen funtsezko beharra baizik. Emakumeok botere gune publikoetan sartuko bagina, ezinbestean gizartearen ikuspegia aldatzeko urratsak emango genituzke. Eta agian, gizartearen gureganako balorazioaren bitartez, Simone de Beauvoir-ek aipaturiko bigarren sexua izateari utziko genioke behingoz.
Hau guztiagatik, sexu-diskriminazioa ezabatzeko derrigorrezkoa da emakumeen presentzia politikoa handitzea. Hauteskunde garai honetan emakumeena ez da kopuru kontu soila, lehentasun politikoen artean bestelako gai eta arazoak sartzeko ahalegina baizik. Proposamen ezberdinak planteatu daitezke honen aurrean baina ezin dut artikulu hau bukatu datozen hauteskundeei begira gure artean azaldu den aukera originala aipatu gabe, emakumeez osaturiko hauteskunde-zerrenda, Donostiako Udalerako eta Gipuzkoa eta Bizkaiako Batzar Nagusietarako aurkezten den Plazandreok plataformaren kasua. Hauen helburu ederra eta ausarta itzalean dagoena eszenatoki politikoko argietaraino eramatea da. Zortea izan dezatela.