Bi maketa dituzue kalean dagoeneko, baina orain dela gutxi egin zineten nolabait ezagun, MID jaialdian jo zenutenean…
Ez dakit ezagun egin garen, baina lehen baino lan gehiago badugu behintzat. Egiten duguna publikoan erakusten genuen lehen aldia zen, baina bi urte daramatzagu honetan eta ez da oso proiektu berria.
Zuen musika synth-pop, elektro-pop…musika dela esan dezakegu. Eta, guk dakigula behintzat, musika hori egiten duen lehen euskal taldea zarete.
Ez dakit synth-pop den. Gehiago ikusten dut pop egiten duen talde elektroniko bat bezela, baina musika esperimentala egiteko nahia duena. Synth-pop taldeek, askotan, pop musika egiten dute eta kitto. Guk zerbait gehiago emateko gogoa dugu, gauza berriak bilatzekoa. Ulertzen dut jendeak gero esatea guk egiten duguna synth-pop dela, baina ez da guk nahita egindako gauza bat, aurrez pentsatua. Eta ez, ez dut horrelako musika egiten duen beste euskal talderik ezagutzen. Agian egongo da, baina ez dut ezagutzen besterik.
Gazteleraz abesten duzue. Pentsatu duzue euskaraz abestean?
Bai, bai…agian egingo dugu zerbait euskaraz, eta ingelesez ere bai… Aurrez ezer pentsatu gabe atera zitzaigun gazteleraz, eta orain daukagun arazoa da askori gazteleraz gustatzen zaiola gure musika, kar, kar…
Zertaz hitz egiten duzue zuen letretan? Zein gai jorratzen dituzue?
Hori Anak esan beharko luke, bera da letretaz arduratzen dena. Baina nire ustez nahiko esanahai zabala dute. Batzuk esan digute identifikatuak sentitu direla letrekin, eta poztekoa da hori. Zenbat eta zabalagoak izan, Orduan eta jende gehiago sentituko da identifikatuta. Nahiko ilunak ere badira, ez dakit depresiboak esan edo ez…alaiak ez dira.
Zu musikaz edo makinetaz arduratzen zara…
Bai, Ana letretaz arduratzen da eta ni beste aldeaz, musikaz. Makina ezberdinak eta gitarra jotzen ditut. Jende askok ordenagailua erabiltzen dugula pensatuko du, baina nahiago dugu makinak erabili. Ni ere ordenagailuarekin hasi nintzen gauzak egiten, baina nahiago ditut makinak, botoiak ikutzeko eta gehiago sentitzeko. Gaitera entzuten diren soinuak guk egiten ditugu sintetizadoreekin. Alegia, bonbo bat behar badugu, sintetizadorearekin egiten dugu bonbo hori. Ez ditugu soinuak beste lekuetatik hartzen gero guk programatzeko, eta ez dugu eginda etortzen diren loop horietakorik erabiltzen ere. Bestela azkenean denok soinu berak erabiltzen bukatuko dugu! Sanplerrean sekuentziatzen ditugu soinuak, eta “16 pistas” zahar batera pasatzen dugu gero hori. Orduan gainetik gitarrak-eta grabatzen hasten gara.
Zigilu bat ere baduzue…”Screaminguy Records”.
Bai. Zigilu hori, jendeari gure maketak edo diskak iristen zaizkionean, edozein modutara egindako zerbait direla ez pentsatzeko asmatu genuen. Ez da zigilu ofizial bat. Gure musika argitaratuko digun zigilu baten bila gabiltza, baina Euskal Herrian eta Espainian ez dago gure estiloko zigilurik. Badaude musika elektroniko zigiluak, baina techno eta ambient ingurukoak dira gehiago. Alemanian adibidez, mordoa daude.
Nola ikusten duzu euskal panorama musikala?
“Punk ochenteroan” eta metalean geratu gara. Gogoratzen naiz ni txikia nintzenean Itoiz, Hertzainak eta hauek zeudela. Oso talde gutxi ziren, baina oso sorkuntza handia zuten. Gero Su ta gar eta hauek hasi ziren…baina hor geratu gara. Eta musika elektronikoan…Makala, Javi p3z eta hauek gutxienez egin dute zerbait, eta gauza interesgarriak egon badaude.
Bukatzeko, etorkizunerako zein asmo dituzue?
Baditugu kontzertu batzuk, Bilbon, Madrilen…eta gure musika egiten jarraituko dugu, hasi gara kanta berriak egiten…