Hamaika urte bertsotan
Cantamos bertsos
Muskizko Ikastolan neguko egunetan zein udako egun beroetan kantari agertzeko aukera ez dugu inoiz galdu nahi izan. Eta horretarako zer hobe bertsolaritza baino? Bertsolaritzaren
presentzia Ikastolan bi modutan agertu ohi da, bata bertsolaritza
programazio barruko saioetan eta, bestea, nonnahi eta noiznahi, hau
da, aukera dagoen bakoitzean. Programazio
zehatzari ekin genion lehendabiziz 1983-1984 ikasturtean, Jon Lopategi
bertsolari gernikarraren esku. Orduan Ikastolako lehenengo promozioak
4. eta 5. mailetan ari ziren Pobeñako eskolan, Las Llosas-ekoa txikia
geratu baitzitzaigun. Lehenengo bisitan jadanik ordura arte
irakasleentzat helduezina zirudien bertsoen galaxia Pobeñako zeruan
ikusi ahal izan genuen gertu. Eta errima, neurria eta doinuaren
sinfonia hura gure buruetan ezarri zen betiko, esango nuke nik. Praktika
hark bi ikasturte iraun zuen eta geroztik, bertsolaritzak bulkada
hartuta, ikasle eta irakasleen eskuetan geratu zen eta guk geuk
zabaldu genuen txiki zein nagusien artean. 1999-2000
ikasturteaz geroztik bertsolari bat etortzen da ostiralero III.
zikloko mailetan bertsotan aritzeko asmoz: Marta, Xabier eta Unai izan
ditugu partaide eta beraiei esker bertsolaritzak Ikastolako
nortasunari poesia apur bat gehitu dio. Saioa
ordu batekoa den arren ahozkotasunaren inguruan bihurrikeriak egiteko
parada bada, errima-jokoak, kopla txikiak osatu (5.mailan), zortziko
txikiak sortu (6.mailan), doinuak eta bertso zaharrak kantatu eta
ikasi, neurri-jokoak, pasadizoak entzun, bertsolarien berri jakitea
eta ikasturtean behin kantaldi bat eta benetako bertso saio bat
eskeintzen dizkigute. Kantaldian Aitor etortzen da bere kitarraz eta, mikrofono baten laguntzaz, hamaika kantu eta bertso abesten ditugu elkarrekin. Bertso-saioan, ordea, bizpahiru bertsolari, neska eta mutilak, etortzen dira guk prestaturiko bertso-gaiak gure aurrean kantatzera. Bi ekitaldi zoragarri izaten dira, ikasleen gustokoak, zalantzarik gabe. Aspaldian
Bizkaia Irratira ere joaten ginen (6.mailan) eta bertan “Zortziko
Txikia” irratsaioan parte bizia hartzen genuen: solasa, kantak,
bertsoak, galdera, elkarrizketa, e.a. 5.mailan
Kultur Etxeko eskolen arteko ekitaldi artistiko batean parte hartzen
dugu bertso-saio prestatu batez. Horietan deklamazioari eta bertsoei
tokia utzi nahi diegu. Bertsolari ospetsuen berri eman nahi izaten
dugu eta beraiei dedikaturiko koplatxoak abestu. Egia
esan oso gustora aritzen dira “bertsolatritza egitaraua” burutzen
eta, nola ez, bertsoak sortu behar ditugun bakoitzean, orain, esate
baterako Ikastolako ikasketak bukatzeko zorian dauden 6.mailako
lagunei 5.mailakoek bertso-sorta prestatzen ari dira. Bertsotan
Olentzeron, Agate Deunan gaztainarien jaialdian, Jaigiron, bertso gabe
jairik ez dela dirudi, baietz?. Pernando
Amezketarra, Iparragirre, Bilintx, Xenpelar, Peio Errota, Txirrita,
Xalbador, Amuriza, Egaña, Maialen Lujanbio eta beste hainbat
laguntzat harturik aisialdirako kantak eta bertsoak edonora eraman
ahal ditugu, azken batez, bertsoen xarma gizateriaren ondasuna da,
munduko bazter menditsu honetan zaintzen jakin den lore preziatua.
Baina
mundura begiratzen badugu, hitza eta musika nonnahi entzungo ditugu
Kariben zein Errusiako estepetan, Kamerun-en zein nekazal lurraldeetan.
Bertsolaritzaren bapatekotasuna arte zaharra eta unibertsala dugu, Euskal Herriko txoko maitatu honetan ere luzaro bizi dadin lan egiten jarraitu nahi dugu eta, aspaldi hartan, Pobeñako zeruan piztutako izarra sekula ere itzal ez dadin. |
||
|
ez
delako entzuten lar, Baionatik dator bai bultzaka Euskal Herri osoan zehar. Muskiz herriak behar duena hizkuntza zabaldu azkar, euskaldunak gara denok eta euskaraz, ba, egin behar. Kevin Llamosas, 6. maila
|
||