|
2000-2001 ikasturtean jadanik euroaren bisita izan dugu gurean. Antza denez Epi-ren mezua pantailatik ezezik eskolan bertan azaltzeko komenigarritasuna ikusirik, zenbait ekitaldi eratu dira eta guztiak helburu argi batez: ikasleei euroa ezagutaraztea. Azaroan, Jabi, ekonomilari euskalduna, gure artean izan zen eta 3. zikloa osatzen duten hiru ikastaldeentzat ordu bateko hitzaldia eskeini zigun, hau da, goiz goizekoa 6. mailan eta gerokoa 5.A eta 5.B bildurik. Aparteko saioa izan zen. Bertan, azalpenaz gain, erosketa txiki bat egiteko parada izan genuen, baita galdera-erantzunetarako aukera ere. Orduan ere Eurokalearen ideia eta antolamendua plazaratu zituen mezulari prestuak, hurrengo astean Muskiz herrian indarrean jarriko zena. Gabonetako Jolas Parkean ere euroaren hegalaldia somatu genuen esker eta eskuin. |
|
|
Eta egia da, euroaren presentzia gero eta handiagoa da kalean: zenbait tokitan salgaien prezioa pezeta eta euroetan ikus daiteke. Halere haurren ekonomiaren eremuan (gozokiak, okindegiak, jostailu dendak, kioskoak, liburudendak...) ezer gutxi nabaritu da eta ez dugu ahaztu behar salneurrien erreferentzia euroetan izateak duen garrantzia, azken batez, egokipen epea tximista bezain azkar igaroko baita. Eta gero zer? Pezeta eta euroen arteko paralelotasuna ezin da luzaro bilatzen ari, horrexegatik arkatz batek edo txikle batek zenbat eurozentimo balio duen nahitaezkoa bihurtzen zaigu. Hona hemen erronka handia! Zorionez erronka handi honi aurrea jartzeko moduan gaudela ez dago zalantzarik. Eskoletan orain diru txanponetan indarrean jarriko diren dezimalen irakasketa matematikaren kurrikulumaren irakasgai landua izan da beti. Hau dela eta, hasierako ohizko gorabeherak behin gaindituz gero, euro eta zentimoen sistema haurrek errez beraganatuko dute, aritmetika hamartarraren erakusgai bakar bat baino ez da eta. Hau guztia erreztearren neguko partean eurosupermerkatua antolatuko da euroaren zabaltze lanean diharduen talde baten esku, eta bertan ere gure ikasleok parte hartuko dute, Muskizko Ikastolako 2. eta 3. ziklokoek, hain zuzen ere. Zer ekarriko du euroak? Jakina ez du iraultza aritmetiko batez gure burua nahastuko, bai, ordea, gizarte ikuspuntu berri bat eskeini. Europako kulturak, Euskal Herria barne, agian hurbilduko dira elkarrengana edo saiakera hau hutsaren hurrengo gelditu eta merkantilismoa nagusitu? Batek daki! Hala eta guztiz ere Europako Elkarteko haurrek dirutan zer erosi euroetan amestuko dute. Hala bedi! |
|