
Joxantonio Ormazabal: haur literatura lanbidetzat
Joxantonio Ormazabal: haur literatura lanbidetzat
|
"Bi eratako pozak daude munduan niretzat: poz txikiak eta poz handiak. Zer da poz txikia? Adibidez, neuk sortu eta idatzitako ipuin bat, marrazki polit batzuekin, argitaratuta ikustea. Eta poz handia? Adibidez, kalean edo eskola batetan aurkitzen dudan haur batek niri esatea: "Irakurri dut zure ipuina eta asko gustatu zait. Nola bururatzen zaizkizu horrelako ideia politak?" Eta nik horixe nahi nuke: zuen eskuetan hartzen duzuen nire poz txiki bakoitza poz handi bihurtzea, haur guztiei asko-asko gustatzea". |
| Joxantonio
Ormazabalekiko solasaldirako aukeratutako liburua Txoko
txiki txukuna izan da. Haurrentzat prestaturiko txoko txiki txukuna: ipuin, iragarkizun, barrehiztegi eta olerkiz beteriko irudimenaren tailerra! Barrura sartzen gonbidatzen gaitu idazleak, atea irekita baitugu sartzeko bezala irtetzeko. Gonbidapena gustora onartu eta txoko barruko bazterretatik murgilduz oso ondo pasatu dugula esan behar! Hainbat ipuin eskeintzen dizkigu berton Joxanek: farregarriak eta dibertigarriak, sentimental eta hunkigarriak, fantasiazkoak... Denak politak baina haurren artean arrakastatsuena: Dortoka orinalean. Nola bururatu ote zitzaion ideia hori? Ba, bere ustez, etxe gehienetan izaten da hor, armairuren baten goiko aldeko bazterren batean, aspaldiko orinal zaharra gordeta. Ideia hori izan zuen abiapuntutzat, horren inguruan beste pertsonaiak eta egoerak sortuz joan zirelarik. |
|
| Muskizko Ikastolakoek egin
duten bezalaxe, beste zenbait haurrek ere adierazi diote
ipuin hori izan dela gehien gustatu zaiena, baina
liburuan badira ipuinez gain beste pieza laburrago ere:
irudimen handiko definizio bitxiak, asmakizunak eta
poemak. Interes handia duela olerkietan esaten digu Ormazabalek. Zailtasunari begira errezago idazten ditu olerkiak ipuinak baino, baina ipuin on bat idaztea du berak beste ezer baino gogokoago. Hainbat liburu idatzi ditu orain arte: Esaera zaharrak eta txiste berriak, Kaskarintxo, Margolin, Kotti, Patxibusa, Maripertxenta, Kittano, Igarkizunak, Saturna, Hitzak jostailu... Baina nondik ateratzen ote ditu horrenbeste ideia? Edonoiz eta edozelan bururatzen omen zaizkio istorioak: irudi bati begira batzutan, zerikusirik ez duten bi hitz hartu eta erlazioak bilatuz irudimenezko egoera bereziak sortzen dira besteetan..., edozein gauza, irudi, berba, sentimendu eta abar izan daiteke ipuin bat asmatzeko abiapuntua. Ideiak azkar datozkio burura, idazteak gehiago kostatzen du, ahalegin handiagoak egin behar dira idazteko, baina hori da berak gusturago betetzen duen lana. Ipuinak idazten nola hasi zen azaldu digu ere Joxantonio Ormazabalek: hogeita hiru urte zituela, Zarauzko Ikastolan 2. mailako haurrekin hasi zen lanean. Hantxe hasi zen bere gelako umeentzat ipuinak idazten, eskolarako material osagarri moduan egiten zuen, sasoi hartan ez baitzegoen gaur egun ditugun beste liburu euskeraz. Eta orduan konturatu zen erreztasun handiz asmatzen zituela haurrentzat ipuinak eta bere ikasleei izugarri gustatzen zitzaizkiela. Bertso eta kanta ugari ere idatzi ditu: Astoa ikusi nuen, Tximeleta mendian, Txoria nintzela... Kanta hoiek guztiak "Haur Kantarien Birlorak" izeneko liburuan argitaratu ziren aspaldi batean. Berak idatzitakoa da ere Ikastolan denok oso ondo dakigun "Argitxoren" kanta. Argitaratu duen azken liburua ekarri digu Joxanek, inprentatik atera berria, kaleratu den lehenengo alea: Gorritxo eta Beltxiko. Eiffel dorrearen puntan elkar topatu duten odolaren eta ikatzaren koloreko bi inurrien abenturak. Oparitzat eskeini digu liburu berri hau, dedikatoria batekin. Bestalde idazten ari denaren ipuinaren berri ere eman digu: Amona bizikletan. Asmatu dituen bi amaierak kontatu dizkigu gure iritzia emateko eta liburuan guk aukeratutakoa jarriko duela jakinarazi digu. Ea ba noiz argitaratzen duen! Horren zain gaude gu! |
|