Ikasleak lankide bihurtzen direnean

 

Azkenengo urteotan Ikastolan ikasitako hainbat ikaslek Magisteritzako praktikak gure artean burutu dituzte, gehienetan euren eskola garaiko irakasleekin batera, orduko maisu-maistra zena orain gidari eta laguntzaile bihurturik. Hau dela eta, Andoni Lamborena, Laura Gonzalez eta Zuriņe Uriarterekin solasaldi txiki bat izan dugu.
   
Praktiken helburua, Unibertsitatean ikasitako teoria eta ikasgeletako errealitatea uztartzea izan ohi da. Haien iritziz, "hemen han baino askoz gehiago ikasten da, Magisteritza Eskolan dana oso teorikoa baita. Hemen, osterantzean, unitate didaktiko errealak prestatu behar dituzu eta ikasleen aurrean zuzenean jokatu".

"Bitxia da lehen izandako irakasleak orain lankideak direla ikustea. Arraro samarra suertatzen da batzuetan"

   
Gainera, "urtetan aritua den irakasle batekin zaude eta bere jarrera eta portaera behatzen dituzu, praktikan baino bestela ezin eskura daitezkeen gauzak ikasiz".

Gehienok, praktikak ikasle garaiko tutoreekin egin dituzte. Harreman hau bitxia gertatzen da: pixkanaka ohituz zoaz, baina hasieran umetan zirikatzen zenuen irakaslea lankide izateak ikuspuntu batzuk aldatzen dizkizu. Irakasleentzat beraientzat ere ez da beti erreza izango".

   
Ezagutu zuten Ikastola eta gaur egungoa ez dira gauza bera. Antza denez, gauza anitz aldatu dira, orain material eta instalazio gehiagoz hornitu da ikastetxea, adibidez, gimnasioa, musika-gela, informatika-gela, bideo-gela eta honekaloak ez dituzte ezagutu, eta orduan jadanik eskatutako hauek errealitate bihurtu dira.

"Guk Ikastolan oso harreman hurbilak izan ditugu beti. Eragin baikorra izan du gugan"

   
Ikastola estimu handian dutela ez dago zalantzarik:
"Ikastolan oso harreman hurbilak izan dira beti, giro aparta, baita irakasle eta ikasleen arteko harremanei dagokienean ere. eragin baikorra izan du Ikastolak gugan" diote.

Muskizko Ikastolako irakasleak izateko aukera balute ea pozik etorriko liratekeen galdegin diegunean bat egin dute: "Bai, jakina, poz-pozik gainera, hemen hazi baikara".

Ziur asko praktiketan makina bat ideia burutu dute. Altxor baliotsua daramate aldean: euskalduntasuna, lana ongi egiteko gaitasuna eta nahia eta, nola ez, gaztetasunaren balio paregabea! Bide emankorra opa diegu, atzo ikasle, gaur irakasle diren gazte maite hauei.

 

"Aukera izanez gero, ederra litzateke Ikastolan irakasle profesional gisa aritzea hemen hazi baikinen"

Aurreko orrialderaOrrialdearen hasieraHurrengo orrialdera
Aurkibidea