
Euskalbanner

Datozen lerro hauetan mendeetan zehar euskaldunok erleekiko
harremanean sortutako siniste eta usarioak aurkituko dituzu.
Erlezantza modernoak gehienak desagertu arazi ditu, baina hainbat
eta hainbat oraindik ere aurkitu daitezke gure erlazain zaharren
oroimenean.
Erleekiko harremana
Euskaldunok betidanik oso begiramen eta errespetu haundia
eduki izan diegu erleei. Erleak sakratuak izan dira
euskaldunontzat eta hala tratatu izan ditugu. Siniste asko dago
erleekiko, baina beti begirunekoak.Beraiekin mintzatzerakoan
"zuka" egiten zaie errespetua adierazteko, horrelako
forma edo antzekoa erabiliz: "ainddire edderra".
Erlazainak erleari goxo-goxo hitz egiten dio. Horrela ez du
zaztakorik hartuko.
Gainerako abereekin ez bezela, erleetan taldea da
garrantzizkoa eta banakotzat hartzen da; "erlea"
izandatzen zaio erle multzoari.
Erlea "akabatu" baino "hil" egiten dela
esaten da, petsonekin esaten den bezelaxe.
Erleei buruzko ezagutzaren jabeari erle-maixua deritzo.
Erledunak asko badira ere bailara bakoitzean beti egoten da
erle-maixu bat erledunei iritziak eta aholkuak ematen dizkiena.
Erleren bat sukaldeko kristalera hurbiltzen bada zorionaren
edo zoritxarraren seinalea izan daiteke.
Erleak eskuratzeko
Erleak eskuratu nahi badituzu inolaz ere ez dituzu lapurtu
behar, osterantzean erle horrek ez dizu ez eztirik emango ezta
umerik egingo ere.
Goregi hegaldatzen bazen bota berria zen erlakumea
harrapatzeko pertzak eta metalezko ontziak joaz zarata eta oihu
egiten zen erle multzoa jetsi araztekoa. Batzuetan zarata egin
ordez legarra eta lur pixkat botatzen zen airera. Hainbat tokitan
"ainddire edderra, pausa zite!" esaten zitzaien.
Zuhaitz edo haitz batean pausatutako erlakumearen jabetza
berria adierazteko bi marka erabili ohi ziren: bertan gurutze bat
pintatu edo jantziren bat bertan utzi.
Erleok kutxan sartzeko orduan goxo-goxo hitz egiten zaie:
"txintxoak, txintxoak zarete, eta sartu etxera... egin lana
maiteok..."
Jabetzarik gabeko erlerik eskuratzeko aukera izan ez baduzu,
ez dituzu erosi behar. Erleak erosteak edo saltzeak zoritxarra
omen dakar, ez ordea, trukean emateak.
Erleen onura
Garai batean, erleak neguan hotzez hil ez zitezen eta
udaberriari indartsu ekin ziezaioten ardo goxoa ematen zitzaien.
Eztia ateratzeko Iraileko Sanmigel ingurutan egiten zen, beti
ere, hilbeheran. Hilbeheran mantsoago omen daude hilberrian
baino.
Ezti bila ilunabarrean joaten ziren. Garai hartan ke-ausporik
ez eta zartagi haundi bat erabiltzen zen: bertan egur-ikatzarekin
egindako txingarrari zaku zahar puskak, puskatutako lokotxak,
tabako zuztarrak...etab. botatzen zitzaion kea ateratzeko.
Eztia ateratzeko eskuz puskatzen ziren aberaskak. Beste
zenbait lekutan prentsa txiki baten laguntzaz.
Ateratako argizariarekin kandelak eta argizari-listariak
egiten ziren etxerako eta elizetako argizaioletan jartzeko.
Etxeko zurari emateko ere erabiltzen zen.
Erlauntza ustiatzeko ez dira erleak hil behar, hau egiten
duenari kaltea datorkioke eta.
Erleak eta heriotza
Etxekojauna edo etxokoanderea hiltzen zelarik
berria eman behar izaten zitzaien erleei, eta halaxe esaten
zuten: "Etxekojauna hil da eta egizu argizari asko zerura
bidaltzeko", "iatzar zite, buruzagia hil zaizie"
edo, soilik, erlauntzan kox-kox joaz "Etxekoanderea hil
da" esanda abisatzen zitzaien "erleen betebeharra"
betez. Hainbat herritan erlauntzak zapi beltzez estaltzen omen
zituzten etxeko nagusia edo anderea hil eta dolumina adierazteko.
hasierako orrira
