TXORIONTASUN

Egun batez nuelarik
Bihotza txit gaixoa
Edanikan geiegitxo
Eusko-ardo goxoa,
Entzun nuen oianean
Kantuz eusko-xoxoa.

Pino baten adar puntan
Pino sendo, jasoa,
Jarria zen, ta nik hara
Eman nuen pausoa
Hurbildikan entzutekotz
Kantan eusko-xoxoa.

Euskeraz zuen kantatzen
Bere txori bertsoa,
Goraipatuz Lege Zaharrak
Ta jainkoa, zintzoa
Baitzen pino hartan kantuz
Zegon eusko-xoxoa.

Esan nion: "Bihotza dut
Eroria, lazoa…
Zure kantak al ba leza
Berriz ezar jasoa!
Nai zaitut bai musuz bete.
Zato eusko-zozoa".

Estu nuen eni kontra
Txori polit gaixoa,
Eman nion egatxetan
Musu bero gozoa
Eta nere poz negarrez
Busti nuen xoxoa.

Egatu zen pinoz pino
Poztuz oian osoa,
Zeruraino jaikia zen
Eusko-pino-basoa…

Eta pino bakoitzean
Egondu zen xoxoa.

Hitzak: Jon Mirande
Doinua: Luis Martin
                                                                    ---Atzera---