MIKEL MARKEZ ETA PAKO ARISTIREN EMANALDI BERRIA:
ABIADURA HANDIKO URTE BATEN KRONIKA
Hasieran urteak luze datorrela ematen du, gauzez beteta, gure bizitza edota gure herria aldatuko duten gertaerez beteta. Bukaeran, ezer ez duela eman iruditzen zaigu askotan. Aldaketa sakonak zailak direlako, eta gure memoria ere oso ahula delako. Inpresionatu gintuzten gertaerak ez dira ezer jada. Emozionatu gintuzten albisteez nor gogoratzen da?
Gure haserrea piztu zuten jauntxo haiek boterea galdu dute, beharbada. Urteari errepaso bat ematea da bi artista hauen helburua. Musika eta letrak batuz, hotsak eta hitzak hartuz, umorea, kritika, samurtasuna eta ironia nahastuz, herrialde askotan egiten den antzerki herrikoiaren generoa ekarri nahi dute gurera: Chirigota, munduko inauteri askotan urteari ematen zaion errepaso umoretsua zorroztuz eta euren herramientekin borobilduz: kantua, olerkia, albisteen irakurketa konparatuk, esketxak...
Egunerokotasunak eman zuena lehen kolpean jaso, eta hilabeteen poderioz gogoetaren bideetatik pasa ondoren dakarkigu artista pare honek euren lan berria. Antzokietan eta kultur etxeetan egiteko moduko lan hau bi hilabetetan bakarrik eskainiko da: 2002ko abenduan eta 2003ko urtarrilean. Bi sortzaile, eszenatokiaren gainean, jendeari zirrara, irribarrea, samina eta gogoeta eragiteko prest.