PRENTSA-OHARRA:
(Kontxako bidegorria larrialdian)

Kontxako bidegorriaren proiektuari buruz entzun ditugun azken berriak direla eta, TXIRRINDAZ unibertsitate elkartekook oso kezkatuta gaudela adierazi nahi dugu. Antza denez, udalak bere jarrera aldatu egin du, bidegorriaren erainkuntzarako lanak berriro atzeratzeko asmoa azalduz. Zenbait komunikabideetan agertu denaren arabera, proiektua aurrera eraman baino lehen, froga batzuk nahi dituzte egin. Hau nahiko harrigarria iruditzen zaigu, proiektua milaka donostiarrek eta hainbat hiritar erakundeek aldarrikatu izan dutelako azken bolada honetan eta, gainera, indarreko Plan General de Ordenación Urbana/Hiri-Antolamendu Egitasmo Orokorrean jadanik jasoa zelako. Izan ere, Donostia hirian aurreikusita dagoen bidegorri sarea osatzen hasteko, Kontxakoa behar-beharrezkoa da, Antiguoko eta Ibaetako hiriguneak (batez ere, Unibertsitateko kanpusa) erdialde eta alde zaharraz (eta horrela, beste hiriguneez) lotzen baititu.

Guretzat, bizikleta etorkizunerako hiri-garraio egokiena dela iruditzen zaigun unibertsitario guztiontzat, Kontxako bidegorriaren eraikuntza funtsezkoa da txirrindaren erabilera gure kideen artean sustatzeko (ez dugu ahaztu behar Unibertsitateak duen potentziala arlo honetan). Are garrantzitsuagoa oraindik, funtsezkoa da gaur egun unibertsitatera bizikletaz maiz joaten direnen segurtasuna babesteko. Kontxako zatia, denok dakigunez, bereziki arriskutsua da: txoferrek behin eta berriro abiaduraren mugak eta aurreratzeko segurtasun tarteak ez dituztelako errespetatzen; eta horrez gain, bazterbiderik ez dagoelako, eta tunelaren eremuan ikuspen arazo larriak daudelako.

Ez dugu uste Kontxako zati horretan behin behineko bidetxoa jartzea (konoz josita edo, pare bat hiletan "ea zer gertatzen den" ikusteko) modu egokia denik bidegorriaren erabilera potentziala aztertzeko, ezta trafiko motorizatuan izan ditzakeen ondorioak neurtzeko ere (azken hauei begira egin ziren emaitza oneko frogak aspaldi, gainera). Kasu honetan, gauza zera da: erakunde publikotik egiten dugun aukeraketa hiritarrentzat erakargarria bihurtzea; bestela, hobe etxera -edo udaletxeko bulegora- bueltatu eta beste edozein gaiari ekin. Nahiko argi dago horrelako "froga-bidetxo" batekin ez genukeela jadanik eraikita dauden bidegorri zatiekin lortu duguna baino gehiago lortuko (Tolosa hiribidekoetan gertatzen den bezala); hots (isolatuta eta beste bide sareekin gaizki lotuta daudelako) txirrindulariek ez dute ea erabiltzen. Honela pentsatuta eta antolatuta, eralketa baino gehiago, zentzugabekeria bihurtzen dira.

Ondorioa nabaria da: txirrindulari donostiarrei bidegorri sare eroso samarra eskaintzen ez diegun bitartean, ezin izango dugu ongi preziatu bizikletaren barneratzeak nolako ekarpena suposatzen duen hiri bateko bizitzarentzat.

Alkate jauna, jaun zinegotziak: erabaki ausartak hartzeko garaia da.


TXIRRINDAZ Elkartea

Donostia, 1999ko Otsailak 8.