Orain jakina, iadanik sei urte dela... Ez dut oraindik inoiz historio hau kontatu. Berriro ikusi ninduten lagunak txit alai zeuden, neu bizirik ikusteaz. Ni ilun nengoen bainan beti esaten nien: "Nekatuta nago eta..."
Apur bat kontsolaturik nago orain. Ez hainbeste... esan nahi dut. Bainan ba dakit bere planetara itzuli dela, zeren eta biharamun egunsentian bere gorpua ez bait nuen aurkitu. Ez zen hain gorpu astuna... Eta gauez izarren entzutea atsegina zait. Bostehun milioi kaskabil bezalaxe da...
Bainan non eta, zer edo zer apartekoa gertatzen den. Printze txikiarentzat marraztu dudan musukoari larruzko hedea egitea ahaztu zitzaidan. Arkumea orduan lotu ezinik gelditu zatekeen. Orduan ene baitan diot: "Zer gertatu ote den bere planetan? Behar bada arkumeak jan egin du lorea..."
Nire buruari diotsat batzutan: "Seguraski ez! Gauero kristalezko aterbean gordetzen du bere lorea, eta gainera ongi zaintzen du bere arkumea..."
Hori dela eta pozik nago. Eta izar orok irri egiten dute eztiki.
Beste batzutan diotsat nere buruari: "Noizean behin ahaztu egin liteke, eta nahikoa da gau batez bere kristalezko aterbea ez jartzea, edota gauez arkumea ixilka irten liteke...". Kaskabilak orduan malkoak bihurtzen dira...!
Hau bai misterio handia. Zuentzat, printze txikia maite duzuenentzat, neuretzat bezala, unibertsu guztia aldatzen da, nonbait, ez dakigu non, ezagutzen ez dugun arkume batek arrosa bat jaten badu...
Begira ezaiozue zeruari. Galde ezaiozue zeuen buruari: Arkumeak jan al du lorea, bai ala ez? Eta ikusiko duzue nola dena aldatzen den...
Honek duen garrantzi haundia ez
dute pertsona nagusiek sekula ulertuko!
Hauxe da neretzat munduko paisaia
ederrena eta tristeena. Aurreko orrialdeko paisaia ber-bera duzue, baina
berriz marrazkitu dut zuei ondo erakusteko. Printze txikia hementxe agertu
zen lehenengoz lur azalean, eta hementxe desagertu gero. Begira iezaiozue
arretaz paisaia honi, egun batez Afrikako basamortura joaten baldin bazarete
ezagutuko duzuela zihur izateko. Sekula hortik pasatzen bazarete, ez arin
ibil, otoi, egon zaitezkete istant bat izarraren pean! Haur bat hurbiltzen
baldin bazaizue, irri egiten badizue, urrezko ileak baldin baditu eta zuen
galderei ez ba die erantzunik ematen, berehala igarriko duzuen nor den.
Eta zintzo izan zaitezte! Ez nazazuen luzagoz tristerik utz: idatz iezadazue
lehen bait lehen, berriz itzuli dela jakin arazteko...