Putzuaren ondoan, harrizko murru baten hondamena zegoen. Biharamunean iluntzean lanetik itzuli nintzenean, nere printze txikia han gainean eserita, ankak zintzilika, urrundik somatu nuen. Eta hitz egiten entzun nion:
- Ez zara beraz oroitzen. Ez da arras hemen berean!
Beste abots batek erantzun bide zion printze txikiari, harek esan bait zuen:
- Bai, bai, gaur da eguna, bainan lekua ez da hemen...
Mururantzako bidea segitu nuen. Ez nuen oraindik inor entzuten, ez eta inor ikusten ere. Hala ere printze txikiak esan zuen berriz:
- Jakina. Nere oinhatza non hasten den ikusiko duzu ondarrean. Ni itxaron besterik, ez duzu egin behar. Gau honetan han izango naiz.
Murrutik hogoi metrotara nengoen eta ez nuen oraindik ezer ikusten.
Ixilgune bat eta, esan zuen berriz:
- Pozoin ona ba duzu? Ez didazula luzaz sufriaraziko segur al zaude?
Gelditu nintzen bihotz larri, bainan ez nuen oraindik deus ulertzen.
- Zoaz orain! esan zuen, jetsi
nahi dut.
Orduan neuk murru azpirantz behititu nituen begiak eta jauzi bat egin nuen! Han zegoen, printze txikiarenganantz tente, ogoita hamar segundutan hiltzen zaituen horietariko suge ori bat. Ene pistola ateratzeko sakela miatuz, lasterka hasi nintzen; bainan zarata egin nuenenz, sugea ondarrean ixuritu eta hondatu zen, emeki ahitzen den ur txirrio bezala, presarik gabe, metalezko zarata arin batez, eta harrien artean abilki izkutatu zen.
Printzea neure besoetan hartzeko
ozta-ozta iritsi nintzen mururaino
Elurra bezain zuria zegoen, gaixo
gizontxoa.
- Zer arraio da historio hori! Orain sugeekin hitz egiten duzu!
Bere betiko urrezko tapaukia deslotu nion. Lokiak bustitu eta edan arazi nion.
Ez nintzen deus galdegitera ausartzen. Serioski begiratzen nion eta bere besoaz lepoa inguratu zidan. Eskupetaz zauritutako hiltzen ari den txori baten bihotza bezala sentitzen nituen haren bihotzaren taupadak. Eta esan zidan:
- Zure tresnari faltatzen zitzaiona
aurkitu duzu eta pozik nago. Etxera joan ahalko zara.
- Nola dakizu zuk?
Nere lanaren bukatzea lortu nuela esatera nindoakion, hain zuzen!
Ez zion ene galderari erantzun. Bainan erantsi zuen:
- Ni ere gaur etxera noa...
Gero goibel.
- Askoz urrunago... askoz zailago da...
Zerbait harrigarri gertatzen ari zela somatu nuen. Haur txiki bat bezala besakartu nuen: hala ere, leize batetan, bertikalki hondoratzen ari zela iruditzen zitzaidan, eta nik ezin nezakeela atxiki.
Begirada seriosa zeukan oso urrunean galdua.
- Zure aurkumea ba dut, eta arkumearentzako kutxa ba dut, eta musukoa ere ba dut.
Tristuraz irripar egin zuen.
Luzaz itxaron nuen. Apurka apurka berotzen zela nabaritu nuen:
- Gizontxo, beldurtu izan zara?
Jakina beldurtu izan zela! Bainan eztiki irri egin zuen:
- Gau honetan askoz beldurrago izango naiz...
Konponezinaren sentimenduarengatik izozturik sentitu nintzen berriz. Eta irri horren inoiz ez berriz entzutearen ideia ezin nuela jasan ulertu nuen. Enetzat basamortuan iturria bezala zen.
- Gizontxo txikia zure irria entzun nahi nuke berriz...
Bainan esan zidan:
- Gau honetan urte bat beteko da. Iaz erori nintzen leku berearen gainean egongo da neure izarra.
- Gizontxoa. Sugearen historioa eta izarraren aurkitzearena ez ote dira amets gaizto bat izango?
Bainan ez zion ene galderari erantzun. Esan zidan:
- Ez da ikusten... hori da inportantena...
- Jakina...
- Loreaz berdintsu da gertatzen
da. Izar batean dagoen lorea maite baduzu, goxo da gauaz zeruari so egotea.
Izar guztiak loratan...
- Jakina...
- Eta uraz ere berdin. Edatera
eman didazuna txirrikarengatik eta sokarengatik... musika bezala zen...
oroitzen zara... ona zen.
- Noski.
- Gauez izarrei begiratuko diezu.
Nerea txikiegia da non dagoen erakus diezazudan. Hobe horrela. Izarretatik
edozein bat izango da zuretzat neure izarra. Orduan izar guziei begiratzea
atsegingo duzu... Denak zure adixkideak izango dira. Gainera opari bat
egingo dizut.
Berriro irri egin zuen.
- Ah! Gizontxo hori! Nola gustatzen
zaidan irri hori entzutea!
- Horixe izango da ene oparia...
ura bezala izango da.
- Zer esan nahi duzu?
- Jende guztientzat izarrak ez
dira gauza bera. Bidarientzat gidari dira izarrak. Beste batzuentzat argi
txikiak baizik ez dira. Jakintsu diren beste batzuentzat problemak ziren,
tratantearentzat urrezkoak dira. Bainan izar guzi horiek ixilik daude.
Inork ez dituen bezalakoak izango dituzu zuk...
- Zer esan nahi duzu?
- Gauez zeruari begiratuko diozunean, haietariko batetan ni biziko naizenez eta haietariko batetan nik irri egingo dudanez, izar guziek zuri irri egingo balizute bezala izango da. Irri egiten dakiten izarrak izango dituzu!
Eta berriro irri egin zuen.
- Eta kontsolatua izango zarenean (beti kontsolatzen gara) nire ezagutzeak kontent izango zara. Beti nere adixkidea izango zara. Nerekin batera irri egiteko gogoa eukiko duzu. Eta batzutan... leihoa, horrela, plazerrez zabalduko duzu. Eta zure lagunak, zeruari begira irriz ari zarela ikusiko zaituztenean oso harrituak izango dira. Orduan esango diezu: "Bai, izarrek beti irri eginarazten didate!" Eta erotzat hartuko zaituzte. Horixe bai jokutria, neuk egingo dizudana!
Berriz irri egin zuen.
- Izarren ordez kaskabil barretsuak eman banizkizun bezala izango da...
Berriz irri egin zuen. Ondoren seriosa bihurtu zen:
- Gau honetan... Ba dakizu...
Ez etor...
- Nik ez zaitut utziko.
- Min naizela irudituko zaizu,
hil zorian naizela. Hola da. Ez duzu hori ikusi behar, ez du balio...
- Ez zaitut utziko.
Bainan kezkatua zegoen.
- Sugearengatik ere... esaten
dizut. Kosk egin ez diezazun, batez ere... Gaiztoak dira sugeak. Funtsik
gabe ere kosk egitea gustatzen zaie.
- Ez zaitut utziko.
Bainan zerbaitek lasaitu zuen printze txikia.
-Egia da bigarren koskarako, ez
dutela pozoi gehiagorik...
Gau hartan, ez nuen bidean abiatzen ikusi. Zaratarik gabe ihes egin zuen. Harenganaino heldu nintzenean, oso erabakirik aurkitu nuen, urrats azkarrez zebilen.
Bakarrik esan zidan:
- Ah! hemen zaude zu...
Eta eskutik heldu zidan. Bainan berriz kezkatu zen:
- Oker zaude. Bihotz min izango zara. Hil antza hartuko dut eta ez da egia izango.
Ni ixilik nengoen.
- Ulertu behar duzu, urrunegi dago. Ezin dezaket gorputz hau eraman. Astunegia da.
Ni ixilik.
- Bainan azal zahar utzia bezala izango da. Azal zaharrak... ez dira tristeak...
Ni ixilik.
Etsitu zen pixkat. Bainan berriz
kemen bat egin zuen:
- Ba dakizu, goxo izango da. Neuk ere izarrei begiratuko diet. Txirrika herdoilduta duten putzuak izango dira izar guztiak. Izar guziek edatera emango didate...
Ni ixilik.
- Loriagarria izango da! Zuk bostehun milioi kaskabil izango dituzu. Nik, berriz, bostehun milioi iturri izango ditut...
Eta hura ere ixildu zen, negarrez ari zelako...
- Hementxe da, utz nazazu urrats bat neuk bakarrik ematen.
Eta eseri zen beldur zelako.
- Esan zuen ere:

- Ba dakizu... ene lorearen... ni neu naiz haren arduraduna! Hain ahula den! Eta hain gixakoa da. Mundu guziaren kontra bere burua defendatzeko lau arantza kazkar besterik ez du...
Zutik ezin egon nintekeen eta eseri egin nintzen. Esan zuen:
-Horixe... Besterik ez, dena da.
Pixka batez zalantzan egon eta zutitu zen. Urrats bat egin zuen.

Bere orkatilaren ondoan tximist
hori bat besterik ez. Geldirik geratu zen une batez. Ez zuen oihukatu.
Arbola erortzen den bezala, eztiki erori zen. Ondarrarengatik ez zuen zaratarik
ere egin.