- Gizonak, esan zuen printze txikiak, ur arriskutsutan sartzen dira, bainan ez dakite zer bilatzen duten. Orduan urduritzen dira eta itzuli mitzulika ibiltzen dira. . .
Eta gaineratu zuen:
- Ez du merezi...
Aurkitutako putzuak ez zeukan Saharako putzu antzarik. Saharako putzuak ondarrean eginiko zulo sinpleak dira. Honetxek herri txiki bateko putzuen antza zeukan; bainan ez zegoen inongo herririk, ametsetan nintzela uste nuen.
- Bitxi da, esan nion printze txikiari, dena dago prest: txirrika, treska eta soka...
Irri egin zuen, soka hunkitu eta
txirrikari eragin zion. Haizeak luzaz lo egin duenean haizorratz zahar
batek intzirrika egiten duen bezalaxe intzirrika hasi zen txirrika.
- Entzuten ahal duzu, esan zuen printze txikiak, geuk putzu hau iratzartzen dugu eta kantatzen du...
Nik ez nuen nahi ahalegin gogorrik egin zezan:
- Utz iezadazu niri egiten, astunegia da zuretzat, esan nion.
Putzuloraino jaso nuen ontzia emeki. Zutik ezarri nuen, finko. Belarrietan txirrikaren kantuak irauten zidan, eta oraindik dardaraka zegoen uretan eguzkiaren dardara ikusten nuen.
- Ur honen egarri naiz, emaidazu edaten, esan zuen printze txikiak.
Eta orduan zer bilatzen zuen ulertu nuen!
Ontzia bere ezpanetaraino altxatu nuen. Begiak itxirik edan zuen. Pesta bezain goxo zen. Elikagai ez ezik, beste zerbait gehiago zen ur hura. Neure besoen ahaleginak sortua, txirrikaren kantuak sortua, izarretan zehar ibilbideak sortua. Bihotzarentzako ona zen, opari bat bezala. Haur nintzenean, Eguberriko arbolaren argiak, gauerdiko mezaren musika eta irriparren goxoa ziren eskaintzen zidaten opariaren dirdir biziena.
- Zure planetako gizonek lorategi
berean bost mila arrosa hazten dituzte... eta bilatzen dutena ez dute atxematen,
esan zuen printze txikiak.
- Ez, ez dute atxematen, erantzun
nion.
- Eta bilatzen dutena ordea,
larrosa bakar batetan edo ur apur batetan aurki liteke...
- Jakina erantzun nion.
Eta printze txikiak erantsi zuen:
- Bainan begiak itsuak dira,
bihotzez bilatu behar da.
Edan nuen, eta gero arnas hartu nuen. Ondarrak, egun sentian eztiaren kolorea du. Ezti kolore honetaz ere pozik nengoen. Zergatik penaturik egon behar nezakeen...
- Zure promesa bete behar duzu,
esan zidan eztiki, berriz neure ondoan eseri zen printze txikiak.
- Zein promesa?
- Zera, ba dakizu bai... Neure
arkumearentzako musuko bat... ni neu naiz lore honen arduraduna!
Sakelatik nere marraztekoak atera nituen. Printze txikiak somatu zituen eta irriz esan zuen:
- Zure baobek ba daukate aza itxura
bat!
- Oh!
Baobetaz hain harro nintzela ni
eta...!
- Zure azeria... haren belarriek...
adarrak ematen dute... eta luzeegiak dira!
Eta berriz irri egin zuen.
- Zuzen gabea zara gizontto hori,
boa irekiak eta boa hetsiak baizik ez nekien marrazten.
- Ba! Nahiko izango da, haurrek
ba dakite, esan zuen.
Musuko bat marraztu nuen orduan, eta bihotza hertsi zitzaidan hura eman nionean:
- Nik ez dakizkidan projektuak dituzu...
Bainan ez zidan erantzun. Zera esan zidan:
- Ba dakizu... Mundura erori nintzenetik urte urrena bihar izango da...
Gero, ixilgune baten ondoren, esan zuen berriz:
- Hemendik oso hurbil erori nintzen...
Eta gorritu egin zen.
Berriz, zergatik ulertu gabe,
bihotz min bitxi bat jasaten nuen. Hala ere galdera bat etorri zitzaidan:
- Orduan ez da txiripaz edozein bizi tokitatik mila milatara bakar bakarrik bazenbiltzan, orain dela zortzi egun, ezagutu zintudan goiz hartan? Zure erorketaren lekurantza itzuli bidean?
Printze txikia gero eta gorriago.
Eta zalantzaz erantsi nuen:
- Urteurrenarengatik ote daiteke?
Gorritu egin zen berriz printze txikia. Ez zien inoiz galdereei erantzuten.
Bainan norbait gorritzen denean... "bai" esan nahi du, ez da?
- Ah! beldur naiz, esan nion.
Bainan erantzun zidan:
- Zuk orain lan egin behar duzu. Zeure tresnarantz itzuli behar duzu. Hemen itxarotuko zaitut. Etor zaitez bihar.
Bainan ez nintzen segur. Azeriaz oroitu nintzen. Norbaitek hez gaitzala onartuz geroz, negar egiteko arriskutan egoten gara.