XXIV
 

Basamortuan, ene aberiaren zortzigarren egunean geunden gu, eta merkatarien historioa entzun nuen nere ur horniduraren azken ttanttoa edanez.

- Ah! esan nion printze txikiari, oso politak dira zure historioak bainan nik ez dut oraindik nere hegazkina konpondu, ez dut edatekorik, eta biziki pozik nintzateke neu ere, iturri batetarantz emeki emeki banindoa! 

- Ene adixkide azeriak, esan zidan...

- Nere gizontto hori, ez da azeriaren arazoa!

- Zergatik?

- Egarriz hilko garelako...

Ez zuen nere arrazonamendua ulertu eta erantzun zidan:

- Nahiz hiltzera goazen, adixkide bat eukitzea ongi dago, lagun bat euki izateaz oso pozik nago.

"Ez du arriskua neurtzen, esan nion neure buruari. Ez da inoiz ez egarri ez eta gose ere. Eguzki apur bat nahiko zaio..."

Bainan begiratu zidan eta ene pentsaketari erantzun zion:

- Egarri naiz ni ere... bila dezagun putzu bat...

Etsipen une bat ukan nuen: basamortuaren handitasunean putzu bat, hola, menturaz bilatzea zentzugabea da. Hala ere ibiltzen hasi ginen. 

Ilundu egin zen eta ixilik ordu batzuz ibili ondoren izarrak argitzen hasi ziren. Egarriarengatik sukarra bait nuen, ametsetan bezala ikusten nituen. Printze txikiaren hitzak ene buruan dantzaten ari ziren. 

- Zu ere egarri zara ez? galdetu nion.

Bainan ez zidan ene galdera erantzun. Zera esan zidan bakarrik. 

- Ura ere izan daiteke on bihotzarentzat...

Ez nion bere erantzuna ulertu; hala ere ixildu nintzen... Nik banekien ongixko, ez zitzaiola galdetu behar. 

Nekatua zegoen. Eseri egin zen. Ni haren ondoan eseri nintzen. Eta ixilgune bat pasa ondoren berriz esan zuen:

- Izarrak ederrak dira, ikusten ez den lore batengatik...

"Jakina" erantzun nuen eta hitz egin gabe ilargiaren ondar tolesturak begiratzen nituen. 

- Basamortua ederra da, gaineratu zuen.

Eta egia zen. Niri beti gustatu zait basamortua. Ondar duna batetan eserita zaude. Ez duzu ezer ikusten. Ez duzu deus entzuten. Zerbaitek ixilean distiratzen du ordea...

- Basamortua edertzen duena zera da, putzu bat gordetzen duela nonbait...

Ondarraren distira misterios hura bat batean ulertu nuenean harritu nintzen. Haur nintzenean etxe zahar batetan bizi nintzen, eta legendak altxor bat barnean gorderik zegoela esaten zuen. Inork ez du aurkitu ahal izan noski eta ba daiteke ere inork ez duela bilatu izan. Bainan etxe guzia sorgintzen zuen. Ene etxeak bere bihotzaren hondoan sekreto bat gordetzen zuen...

- Bai, esan nion printze txikiari, nahiz etxe, nahiz izar edo basamortu, gauzen edertasuna egiten duena ikustezina da!

- Pozik nago ene azeriarekin ados izan zaitezen, esan zuen. 

Printze txikia lokartu zenez, ene besoetan hartu eta bidea segitu nuen. Hunkitua nintzen. Altxor ahul bat neramala iruditzen zitzaidan. Mundu guzian hura baino ahulagorik ez zela ere iruditzen zitzaidan. Ilargiaren argiaz bere bekoki zurbil hori, bere begi hertsi horiek haizean dardara ziren ile adats horiek begiratzen nituen, eta nirekiko esan nuen: "azala bat baizik ez da ikusten dudan hau, inportantena ikustezina da... "

Bere ezpain erdi zabaletatik irrino erdi bat agertzen hasia zenez neure buruari esan nion: "Lo dagoen printze txiki honengan gehien hunkitzen nauena da, lore bati dion zintzotasuna; lo dagoela ere larrosaren irudiak, lanpara bateko garrak bezala dirdiratzen du harengan. Eta oraindik ahulago somatzen nuen. Lanparak ongi zaindu egin behar dira: haize bala batek itzal ditzake... Eta horrela ibiliz, egunsentian aurkitu nuen putzua.

Irri egin zuen, soka hunkitu zuen eta txirrita ibil arazi zuen.
 
 

XXIII - SARRERA - XXV