XXII
 

- Egun on, esan zuen printze txikiak. 

- Egun on zuri, esan zuen orratzainak.

- Zer egiten ari zara hemen, esan zuen printze txikiak.

- Bidaiariak milako multzoka bereizten ditut, esan zuen orratzainak. Bidaiariak dakarzkiten trenak batzutan eskuinerantz bestetan eskerrerantz igortzen ditut. 

Eta tren arin diztiratsu batek, trumoiak bezala burrunbatuz, orratzainaren etxetxoa dardarazi zuen.

- Oso presaka dabiltza horiek, esan zuen printze txikiak, zeren bila dabiltza? 

- Lokomotoreko gizonak berak ez daki ere. Orratzainak esan zuen.

Eta bigarren tren arin diztiratsu batek burrunba egin zuen alderantzizko zentzuan. 

- Zer, iadanik ba datoz berriz? galdetu zuen printze txikiak.

- Ez dira berberak, esan zuen orratzainak, aldaketa bat da. 

- Zeuden lekuan, ez zeuden pozik ala?

- Gauden lekuan ez gaude inoiz pozik, esan zuen orratzainak. 

Eta hirugarren tren arin diztiratsu baten trumoiak burrunba egin zuen. 

- Lehendabiziko bidaiariei jarraikitzen diete ala? Galdetu zuen printze txikiak.

- Ez, ez diote inori ere jarraikitzen, esan zuen orratzainak. Hor barruan lo egiten ari, edo aharrausika ari dira. Haurrek bakarrik beren sudurra zapatzen dute, lehioen kontra. 

- Haurrek bakarrik ba dakite zer bilatzen duten, esan zuen printze txikiak. Trapu panpina batengatik galtzen dute denbora, eta oso inportantea bilakatzen da, eta kentzen baldin bazaie negar egiten dute...

- Zoria badute, esan zuen orratzainak. 

XXI - SARRERA - XXIII