Orduan azeria ageri zen:
- Egun on, esan zuen azeriak.
- Egun on, erantzun zuen itzuli
egin zen baina deus ikusi ez zuen printze txikiak.
- Hementxe nago, sagarrondoaren
azpian, abotsak esan zuen.
- Nor zara zu? Oso ederra zara,
esan zuen printze txikiak...
- Ni azeri bat naiz, esan zuen
azeriak.
- Zatoz nerekin jolastera, proposatu
zion printze txikiak. Honen ilun nagoen!...
- Nik ezin dezaket zurekin jolas,
esan zuen azeriak. Ez naiz hezia.
- Ah! Parka, esan zuen printze
txikiak.
Bainan pentsatu ondoren, gaineratu zuen:
- "Hezi" horrek zer esan nahi
du?
- Zu hemengoa ez zara... esan
zuen azeriak, zer bilatzen ari zara?
- Gizonak bilatzen ditut, esan
zuen printze txikiak. "Hezik" zer esan nahi du?
- Gizonek eskupetak ba dituzte
eta ehiztatzen dute. Oso nazkagarri da! Oiloak ere hezten dituzte. Horixe
da haien gauza on bakarra. Oilorik bilatzen ari zara? esan zuen azeriak.
- Ez, lagunak bilatzen ditut.
Zer esan nahi du "hezik"? esan zuen printze txikiak.
- Gauza ahaztuegia da hori, esan
zuen azeriak, "harremanak sortzea" esan nahi du.
- Harremanak sortzea?
- Jakina, esan zuen azeriak.
Zu neretzat ehun mila mutiko tipi bezalako mutiko tiki bat besterik ez
zara. Eta nik ez zaitut behar. Eta zuk ni ere ez nauzu behar. Ni ehun mila
azeri bezalako azeri bat besterik ez naiz zuretzat, bainan zuk hezten banauzu,
bakotxak bestearen beharra eukiko du. Munduan bakarra izango zara neretzat.
Munduan bakarra izango naiz zuretzat...
- Ulertzen hasia naiz -printze
txikiak esan zuen. Ba dago lore bat... uste dut harek hezi nauela...
- Ba liteke... esan zuen azeriak.
Munduan edozer gerta daiteke.
- Ez, ez da munduan, esan zuen
printze txikiak.
Azeria nahasirik zegoen:
- Beste planeta batean?
- Bai
- Planeta horretan ehiztaririk
ba al dago?
- Ez.
- Hori interesgarria! Eta oilorik?
- Ez.
- Dena ezin daiteke zuzen izan,
esan zuen azeriak zizpuruka.
Azeria bereari itzuli zen:
-Nire bizia beti bera da. Nik oiloak ehiztatzen ditut eta gizonek ni ehiztatzen naute. Oilo guziek elkarren antza dute eta gizon guziek ere elkarren antza dute. Beraz aspertzen naiz pixkat. Bainan zuk hezten banauzu, ene bizia eguzkitsua izanen da. Beste hotsak ez bezalako urrats hots bat ezagutuko dut. Beste urratsek lur azpira sarrarazten naute. Zureak, musikak bezala zulotik kanpora deituko nau. Eta gainera begira! Han gari soroak ikusten dituzu? Nik ez dut ogirik jaten. Gariak ez du ezer balio enetzat. Gari soroek ez didate ezer esaten. Eta hori tristea da! Bainan zuk urre kolorezko ileak dituzu. Zuk heziko nauzuenean zoragarria izango da! Urrezko den gariak zutaz pentsaraziko dit. Eta haizearen hotsa maiatatuko dut...

Azeria ixildu eta luzaz begiratu zion printze txikiari:
- Hezi nazazu! Mesedez! esan zuen.
- Nik nahi nuke, erantzun zuen
printze txikiak, bainan ez dut denbora askorik. Aurkitzeko lagun eta ezagutzeko
gauza asko ba ditut.
- Hezten diren gauzak bakarrik
ezagutzen dira, esan zuen azeriak. Gizonek ez dute deus ezagutzeko astirik.
Merkatariek guziz eginiko eta bukaturiko gauzak erosten dituzte gizonek.
Bainan lagun edo adixkide merkataririk ez dagoen bezala, gizonek ez dute
lagunik. Bat nahi baduzu, hez nazazu!
- Zer egin behar da? Printze
txikiak esan zuen.
- Pazientzia handia behar da, esan zuen azeriak. Lehenik neregandik pixkat urrutiago, horrela, belarrean eseriko zara. Nik zeharretara begiratuko dizut eta zuk ez duzu deus esango. Mintzairak nahas mahas eta nahasketak sortzen ditu. Bainan egunetik egunera gero eta hurbilago eseriko zara.
Biharamunean, berriz etorri zen printze txikia.
- Beti ordu berean etortzea hobe
da, esan zuen azeriak. Esate baterako, arratsaldeko lauetan bazatoz, hiruak
direneko pozik egoten hasiko naiz. Gero eta ordua hurbilago gero eta pozago
izango naiz. Lauetan, dagoeneko kezkatu eta urduri izango naiz; zoriontsu
izatea zer den aurkituko dut! Baina edonoiz baldin bazatoz... ez dut hortarako
neure bihotza prest izango. Zeremonia behar da egin.
- Zer ote da zeremonia bat? esan
zuen printze txikiak.
- Ahaztuegi den zer-edo zer da hori ere, azeriak esan zuen. Egun bat besteak ez bezalako izatea, edo ordu bat besteak ez bezalako izatea egiten duena da. Esate baterako ehiztariek ohitura zahar bat ba dute. Ostegunero herriko neskatilekin dantzatzen dute. Horregatik osteguna egun zoragarria da! Ni mahastiraino paseatzen noa. Eta ehiztariek edonoiz dantzatuko balute, egunak denak berdinak izanen lirateke eta nik ez nuke oporrarik eukiko.
Horrela printze txikiak azeria hezi zuen. Eta joateko ordua hurbil izan zenean:
- Ah! esan zuen azeriak, negar
egingo dut!
- Zure falta da, esan zuen printze
txikiak. Nik ez nuen zu mintzea nahi; bainan nik hez zaitzadan nahi izan
duzu...
- Jakina, esan zuen azeriak.
- Bainan negar egingo duzu? Printze
txikiak esan zuen.
- Jakina, esan zuen azeriak.
- Beraz ez duzu ezer irabazten!
- Bai irabazten dudala, gariaren
kolorearengatik, esan zuen azeriak.
Ondoren gaineratu zuen:
- Zoaz loreen ikustera. Zurea munduan bakarra dela ulertuko duzu. Gero adio esatera etorriko natzaizu eta nik sekretu bat eskainiko dizut opari gisa.
Printze txikia larrosen ikustera joan zen.
- Zuek ez zarete ene larrosa bezalakoak, zuek ez zarete ezer oraindik, esan zien. Inork ez zaituzte hezi eta zuek ez duzue inor hezi. Zuek nere azeria zen bezala zarete. Beste mila azeri bezalakoa zen, besterik ez. Bainan nere lagun bihurtu dut eta orain bakarra da munduan.
Larrosei ez zitzaizkien atsegin hitz horiek.
- Zuek ederrak huts-hutsik zarete, esan zien ere. Zuengatik ezin hil daiteke. Ibiltari arrunt batek, neure arrosak zuen antza daukala uste izango du noski, bainan bera bakarrik zuek denak baino inportanteago da, nik ureztatu dudana bera bait da. Aterbean ezarri dudana hura bait da. Atordez babestu dudana hura bait da. Beldarrak hil dizkiodana (mitxeletentzat bizpahiruak salbu) hura bait da. Entzun ditudan kezkak edo harrokeriak, eta isilguneak ere, harenak bait dira. Ene larrosa bait da hura.
Eta azeriengana etorri zen:
- Adio, esan zion...
- Adio, esan zuen azeriak. Hona
hemen nere sekretua. Oso sinplea da: bihotzez besterik ez da ongi ikusten.
Begientzat, mamizkoa ikustezina da.
- Begientzat mamizkoa ikustezina
da, printze txikiak berresan zuen hartaz oroitzeko.
- Arrosa hain inportantea da
zuretzat harekin galdu duzun denboragatik.
- Nire arrosarekin galdu dudan
denbora... esan zuen printze txikiak, hartaz oroitzeko.
- Gizonek egia hau ahaztu dute,
esan zuen azeriak. Bainan zuk ez duzu ahaztu behar. Zuk hezitu duzunaren
betiko arduraduna bilakatzen zara. Zure larrosaren arduraduna zu zeu zara.
- Ni neure larrosaren arduraduna
naiz, printze txikiak esan zuen hartaz oroitzeko.